Amona esklabuak

Irudia: La Vanguardia

Etxekoandre asko ikusten ditugu kontsultan, lan gogorra baita haiena; bereziki etxearen arduraz gain, inoren lanak (seme-alabenak, oro har) hartzen dituztenen andre nagusiena. Kasu batzuk larriak izaten dira: pott egiteko puntuan daude, gorputzeko mina ezin jasanik, eta estres maila oso altuaz. Egoera horretan soldatapeko langile gehienek baja hartzeko aukera badute ere, haiek ez. Egoera beltza da: guk ezin dugu miraririk egin, terapia modernoenak eta sendagarrienak alferrikakoak baitira etxean atsedenik ez badute.

Askotan, gainera, andre hauek ez dira gertatzen ari zaienaz jabetzen: erantzukizun guztiak hartzeko ahalmena dutela irmoki sinesten dute, haien minak arrazoi ezezagunei egotziz.

Emakume askorendako oraindik normala da besteak zerbitzatzeko papera betetzea, jaiotzen direnetik heriotzera arte. Haien aurreko guztiek hala egin dute, naturala delakoan. Pentsa dezagun gaur eguneko amona askoren paraderoan: ume-umetatik, gerren ostean lan gogorra egin zuten; familia izan zutenean, baby boom sasoiko ume guztiak hazi zituzten; eta atseden hartzea tokatzen zitzaienean… seme-alaben zama berriz hartu behar izan dute (langabezian daudelako), edo bilobena (seme-alabak lanpetuegi dabiltzalako).

Ezin ditugu kasu guztiak zaku berean sartu, jakina; hau ez baita beti horrela gertatzen eta seme-alaba gehienek erantzukizunez jokatzen dutelako. Baina… ziur nago denok ezagutzen duzuela inguruan umeekin laguntza behar duen familiarik, eta ezetz esaten ez duen amonarik.

Faktore psikologikoen zein fisikoen eraginez, andre hauen osasuna bizkor hondatzen da (denbora guztian emakumeez ari naiz, gaur egunean eta adin horretan amonak izaten direlako laguntzaile nagusiak; etorkizunean ez dakit). Kalteak oso nabarmenak dira, eta sindrome moduan aztertzen hasia dago (GUIJARRO 2001). Arazoak hainbat aldetatik etor daitezke: odolaren tentsioa, digestioa, arazo metabolikoak, beroaldiak, takikardia, arnasestua, zorabioak, nekea, ondoez orokorra, antsietatea, tristura, errudun sentitzea… Ezin dugu egoera gutxietsi “haien borondatez egiten dutela” esanda; tratu txarren biktima asko borondatez jartzen baitira zapaltzailearen menpe.

Amona edozer familiatan bihur daiteke esklabo, bistan da; nahikoa dugu seme-alabek pixka bat despistatzea. Hala ere, kasu batzuetan erneago egotea komeni da: emakume arduratsuegiak, kexatzea gustatzen ez zaienak, senide elbarri edo gaixoak zaintzen dituztenak… Batzuetan gaitza da arazoa identifikatzea: senideek ez dute ikusi nahi, eta esklaboak berak egoera ukatzen du.

Konponbideak lanak arintzetik etorri behar du, zer esanik ez; batzuetan, amonaren gogoz kontra. Garrantzi handia du ere emakumeak beren egoeraz jabetzeak: behin hori lortuta, arazoa bide onean doala esan dezakegu. Idazki honekin zuen familiako amonen gaineko arreta piztu nahiko nuke, oharkabean kasu bat izan dezakezuelako etxean.

Bizi osoan zehar ardura eta lana besterik ezagutu ez duten amuma, amañi, aume, amandre, amoña, amitxi, amutxa, amiñei… ez al diegu emango, zahartzaroan sikiera, atsedena eta zoriona ezagutzeko aukera? Hala bedi.

Gaur8rako, 2013ko iraillan 21a.

Bibliografia:

  • GUIJARRO, A. 2001. El síndrome de la abuela esclava: pandemia del siglo XXI. Grupo Editorial Universitario. Granada. Liburuaren webgunea.
  • LIÑAN, E. 2003. Cuestionario del síndrome de la abuela esclava. Artikulua hemen.


Eskerrikasko “amona” hitzaren aldaera bilketan lagundu didaten @Amendiola2 @xanxanlatulipe @kolokolotakolo @berriroere @ioritzimaz @idurreski Mari Eli Ituarte eta Aitor Sarriegiri.

2 Trackbacks & Pingbacks

  1. «Ez nau izutzen negu hurbilak» | Aixebe & Abante Fisioterapia
  2. Zaintzailearen zaintza | Aixebe & Abante Fisioterapia

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*