Analgesia Endogenoari pultsua hartzen (Nijs et al, 2012)

Artikulu berriek artikulu zaharrak eguneratzen dituztenez, lehenengo inpresioan ematen du ez duela merezi gai berari buruzko artikulu zaharragoak irakurtzea, ezta? Nik ere horrela pentsatzen nuen baina, horretan niharduela, konturatu naiz artikulu “zaharrak” badutela bere balioa. Alde batetik, zientziaren trazagarritasuna agerian geratzen da (zein izan da gaurko ondorioetara ailegatzeko prozesua?); bestetik, artikulu berrietan ez dira artikulu zaharren ondorio guztiak jasotzen, baizik eta egileari interesatzen zaizkionak bakarrik. Horretara, bigarrengo mailako hainbat ondorio interesgarri ez ditugu ezagutuko, artikulu zahar hori irakurri ezean. Gainera, “atzetik aurrera” irakurtzea ulermenarendako ariketa bikaina da.

Ez dut gogoratzen noren bitartez eskuratu dudan artikulu hau: “los vascos” talde konspiratzailea? “alde ilun (espainolera)” ihes egindako laguna? #IronicModeOn . Tamalez ez nuen apuntatu. Edozein dela ere, eskerrik asko berari irakurketa interesgarri honen berri ematearengatik:

Beraz, hemen komentatu genuen artikuluaren gai bereko errebisioa da, baina urte bi lehenagokoa: “Opioid Special Issue” izeneko ale berezi batean argitaratutakoa. Betiko moduan, irakurri ahala, niretako interesgarriak izan diren zenbait erreferentzia apuntatu ditut:

  • Argi dago min arruntaren gainean ariketa fisikoak duen eragin mesedegarria. Ez dago hain argi sentsibilizazio zentralaren kasuan duen eragina.
  • Ariketa fisikoak pertsona osasuntsuetan sortzen duen analgesia endogenoaren (AE) ebidentzia sendoa dago, baita hori azaltzen duten prozesu neurofisiologikoena ere.
  • Aurreko puntuarekin lotuta: ariketa fisikoa sentsibilizazio zentrala “tratatzeko” tresna garrantzitsua izan daiteke (hau da: nerbio sistema zentrala des-sentsibilizatzeko); baina errebisio honen datan honen ebidentzia maila oraindik ahula da.
  • Zenbait kasutan ariketa fisikoaren aurrean erantzun ezkorra agertzen da: mialgia kronikoetan (fibromialgia, neke kronikoa…) eta whiplash sindromean. Paziente hauetan, muskulu ez-mingarrien kontrakzioek AE pizten dute, baina muskulu mingarrienek ez. Halere, disfuntzio hau ez da gertatzen artritis eta artrosis kasuetan: haietan, kontrakzioek AE efektua ohi bezala pizten du. AE-aren disfuntzioa sentsibilizazio zentralaren presentziarekin lotu da, baina erantzun hau ongi azaltzea da erronka.
  • Honekin lotuta, artikuluan zenbait neurotransmisoreren paperari buruzko ikerketen berri ere ematen da, ondorio argirik gabe.
  • Bigarren maila batean (ia anekdotak dira), detaile pare bat ere deigarriak egin zaizkit:
    • Odolaren presioaren papera: izan ariketen eraginez, izan HTA patologikoaren kasuan, odolaren presioaren igoerak AE areagotzen du berez (fibromialgia kasuetan izan ezik; agian haietan aurkitu diren disfuntzio endokrinoekin lotuta).
    • Ariketa fisikoaren ostean, pazientearen harreta handitu egiten da fenomeno batzuekiko (izerdia, odol taupadak…) eta harreta desbideratze hau ere AE prozesuen mesedetan dela ikusi da (ariketen aferentziek aferentzia mingarriekin duten konpetentziaz gain).
    • Fibromialgia” delakoari buruzko eguneraketa behar dudala ikusi dut; duela urte batzuk eginiko errebisiotxo honen ondorioak, beraz, kuarentenan laga beharko ditut.

Aurkikuntza hauek praktikara eramatean, autoreek ez dute zalantzarik jartzen ariketa fisikoaren komenigarritasunari buruz: entsegu puntual hauetatik aparte (laboratorioko baldintzetan eginak, nolabait esateko), min kronikoa duten paziente guztiek –sentsibilizazio zentraldunak edo ez- bizimodu aktiboa eta ariketa behar dute, aholku orokor gisan; kontua da ariketa nola dosifikatu. Egileek zenbait irizpide proposatzen dituzte (paziente bakoitzaren neurrira eginiko entrenamendua; intentsitate baxua, sintomak ez pizte aldera; mingarriak ez diren muskuluen ariketa; arlo kognitibo-emozionala aintzat hartzea; neurofarmakoen paper lagungarria…), baina haien ebidentzia ahula seinalatuz; horixe da, hain zuzen ere, bi urte geroagoko artikulu honetan landuko dutena.

***

Fisteus blogerako, 2017ko garagarrillan 14a

 

1 Trackbacks & Pingbacks

  1. Ariketa neurrira ezartzeko gakoak (Lima et al, 2017) | Aixebe & Abante Fisioterapia

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*