Artikulazio deskolokatuak eta muskulu korapiloak

Gillet-en testa.

Aipatu izan dugu hemen plazeboaren ahalmen handia; baita beste inoiz, pazienteak engainatzea nolako erreza den ere, osagilearen jardun zintzoa aldarrikatuz. Azken finean, tresna indartsuak ditugu eskuetan, pazienteek diguten begirunearekin batera haien jarrerak, ekintzak eta etorkizuna baldintza ditzaketenak; erantzukizun handia da hori. Gaurkoan, verbi gratia, plazeboaren eta engainuaren hari biak uztartuko ditugu, azken asteetan pazienteekin izandako solasaldi pare bat gogoratuz. Gai «klasiko» bi dira, zilegitasunaren muga etikoan: «bere lekuan sartu behar diren» artikulazioak eta muskuluetan «desegin behar diren korapiloak». Lehen gaia paziente gazte batek atera zidan: duela hilabete batzuk, gorputzaren pisua ukalondoaren gainean zuela, sorbalda-bizkar inguruan krakada bat sumatu zuen. Hezurren bat bere lekutik atera zitzaiola sinetsirik oso kezkatuta zegoen, eta hain zuzen ere, krakada hori gerora zona horretan etorri zaizkion minekin lotzen zuen. Mutil hau prest zegoen guregana etorri, eta dirutza bat ordaintzeko «hezurrak bere lekuan sar geniezazkion».

Horren aurrean, zenbait osagilek (ofizial, zein alternatibok) ez zuketen eskrupulorik izango: pertsona horren kezka elikatu («bai, hemen duzu ateratako hezurra», «oraintxe sartuko dizut»), artikulazioari zarata bat atera, eta denak konforme geratuko ziren: pazientea, bere sinesmena berretsiz, eta osagilea, poltsikoa beteta. Zer du txarretik horrek? Bada, gezur batean oinarritutako harremana dela. Andonirekin solasaldi txiki bat nahikoa izan zen zenbait datu esanguratsu ateratzeko, besteak beste lehendik artikulazioen hipermalgutasuna zuela, eta sorbalda-bizkarreko krakada horren ostean, beldurrez, aktibitate fisikoa egiteari laga ziola. Askoz ere probableagoa da bi faktore horiexek izatea artikulazioen ezegonkortasunaren (zaraten) eta minen arrazoia. Izan ere, artikulazioen subluxazioena bera kolokan dagoen kontzeptua da (hezurren artean desorekak sortzen direla, luxazio izatera iristen ez direnak, eta manipulazioen bidez bere lekura itzuli beharra dagoela). XIX. mendean sortutako ikuspegi mekanizista hau (besteak beste, osteopatia eta kiropraxiaren oinarri-oinarrian dagoena) zuzena ez dela frogatzen ari da, ikerketen eta entsegu klinikoen bidez, eta artikulazioak manipulatzean sortzen den zarata artikularra ez dela «lekuz kanpo dagoen zerbait bere lekura itzuli delako», baizik eta fenomeno mekaniko-kimiko baten eragina. Horretara, ez dago argi manipulazioa egin ostean lortu ohi den onura maniobra berarengatik den, edo plazebo efektuarengatik, edo horrekin batera erabiltzen ditugun beste tratamenduengatik. Horrenbestez, zuhurragoak izan behar gara pazienteekin, «manipulazio-mirakulu» ikuspegia sustatzen ibili barik.

Gauza bertsua esan dezakegu muskuluetan egoten diren «korapiloei» buruz. Labur esanda, korapilo horiek ez dira existitzen. Min dugun lekuan sakatzean igartzen diren ehunen forma naturalak baino ez dira (minik ez dugun lekuan sakatzen badugu ere aurkituko ditugunak). Baina gizakiaren berezko instintuak enpatiara bultzatzen gaitu; horregatik, lagun hurkoak mina duela kontatzen digunean, min aurpegia jartzeko joera dugun bezala, muskulu mingarri bat sakatzean ere, instintu horrek: «Hoortxe, hoooortxe dago korapiloa» bezalako esamoldeak erabiltzera bultzatzen gaitu (min aurpegia jarriz, noski). Mimetismo hutsa.

Beraz, lilurarik ez: osagileak ez du zertan «kea saldu» behar, eta pazienteak kritikoak izan behar dira jasotzen duten tratamenduarekin. Berau ulertuz, osatze prozesuan parte hartze aktiboa hartuz hurrunago ailegatuko bait dira

***********

Gaur8rako, 2023ko jorraillan 15a.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*