Azala, hesteak eta nerbioak: dena bat

 

Harrak garela imajina ezazue. Metamorfosi horretan, tutu itxura hartu dugu. Izaki primitiboak gara eta gure gorputzak oso egitura sinplea du: hodi digestibo bat, mutur batean ahoa duela eta bestean uzkia. Kanpotik, azala; eta, bi muturren erdian, funtzio basikoak bermatzeko (arnasa, zirkulazioa…) beharrezkoak diren organo txikiak.

Hala, oi ene zizareok, kontura zaitezte gauza batekin: tutuaren kanpoko azala eta barrukoa (hau da, ahoa, hestea, uzkia estaltzen duen mukosa) egitura jarraitu bakarra dira. Aldea dago, noski, eboluzioak ehun mota biak funtzio desberdinak betetzeko bereizi baititu, baina funtsean azal mota desberdinak baino ez dira. Horrenbestez, azken finean, galtzerdiak bezalakoak gara, ia-ia buelta emateko modukoak (barregarria begitandu zait beti irudi hori: zelako itxura izango ote genuke buelta emango balitzaigu?). Izan ere, hobeto ulertze aldera harraren etsenplua eman badugu ere, gizakiok funtsean antzeko egitura dugu, bihurgune gehiagorekin eta formak aldatuta, hori bai.

Gizakiaren sorkundean ere, espermatozoideak obulua ernaltzen duen momentutik gutxira, azala eta hodi digestiboa egitura bera direla ikusiko dugu. Bakoitzaren funtzio bereizketa geroago gertatzen da, baina, hala ere, lotura hori bizitza osoan mantenduko dute. Beharbada ez dakizue nora ailegatu nahi dudan oraindik, baina honakoa esanda hobeto uler daitekeela uste dut: jatorri bera duten neurrian, azalaren eta hodi digestiboaren osasuna zeharo lotuta daude, onerako eta txarrerako. Ekzemak eta gastritisa; dermatitisa eta ultzera; zolda eta kolitisa… Arazo horiek sufritzen dituzuenok badakizue azaleko eta digestioko gaixotasunak batera agertu eta desagertu ohi direla, baina, beharbada, oraindik ere ez zarete jabetu bi aparatuon arteko harremanaz. Lasai: osagile askori ere gauza bera gertatzen zaie.

Betiko legez, gauzak konplikatzera gatoz orain. Izan ere, giza enbrioian, lehen aipatutako zelula multzo primitibo horrek ez ditu azala eta hodi digestiboa bakarrik osatzen. Horretaz gain, bertatik osatzen da nerbio sistema osoa ere (garuna, ornomuina eta kirio guztiak). Horretara, hiru sistema horiek aulki bakarraren hiru hankak osatzen dituzte; hain zuzen ere, horregatik azaleratzen dira gehienetan lotuta estresa, digestio arazoak eta azalaren patologiak.

Askotan ahazten da aulkiaren hankaren bat; esate baterako, sarri gertatu ohi da pazienteak batetik sistema digestiboko espezialistarenean txanda izatea eta bestetik dermatologoarenean, betiere elkarren arteko inolako komunikaziorik egon gabe.

Gehienetan, gainera, sistema nerbiosoaren narritadura ez da kontuan hartzen. Jakina, halakoetan tratamendua asko konplikatzen da, osatzea ia ezinezko bihurtu arte; ondorioz, txakurra bere buztanaren bila legez aritzen gara, buelta eta buelta. Irakurle baten umeak azaleko arazoak omen ditu, eta botika gogorrek (kortikoideak) mesede handia egiten dioten arren, ez du betiko haien menpe egon gura. Umea urduria den galdetu nion, eta baietz: «Askotan pipermina jan dabala ematen dau». Baina nola bultzatu erlaxaziora ume urduri bat? Hona hemen ama arduratsu horrendako ideiak: errutina (ume txikiei segurtasuna eta lasaitasuna ekartzen die); estimulatzaileak kentzea (azukrea, kafeina…); jolas giro lasaia; musika egokia; pixka bat aspertzeko denbora (zergatik ez)… eta, batez ere, eta denaren gainetik: zu zeu erlaxatzea. Izan ere, ez dago ume bat lasaitzeko modurik, farmakoekin ez bada, gurasoak estresatuta daudenean.

Gaur8rako, 2012ko Urtarrilaren 27a.

1 Comentario en Azala, hesteak eta nerbioak: dena bat

  1. Bi lerro soilik, zoriontzeko beste. Oso artikulu interesgarriak eta ulergarriak iruditu zaizkit osasunari buruzkoak (besteei ezer kandu gabe, ofkurs).

Responder a JJ Cancelar la respuesta

Tu dirección de correo no será publicada.


*