Azukreaz

Artikulu hau Ekintza Zuzena aldizkarixan 39 zenbakirako egindako laburpena da; gaztelerazko itzulpena hamen dakazu, eta jatorrizko bertsiñua barriz (luziagua), hamentxe.

1. Sarrera

Azukre beltzarena ez sinistekoa da. Izan ere, hondakin honek ez du azukre zuriaren purotasunik (ezta beraz haren eragin psikotropikorik) eta bai ostera prozesu industrialean zehar akumulatutako hainbeste produktu kaltegarri. Hala ere, gezurra dirudi nolako estimua dioten ekologista eta naturzale askorek, azukre zuria baino hobea delakoan.
Artikulu honetan era guztietako azukreak erabiltzeari uztea proposatzen da, eztia eta frutakiekin ordezkatuz. Era berean, etxetik kanpo erositako gozoki eta bestelako produktu industrialetan, beti edulkorante artifizialez egindakoak aukeratzea gomendatzen da.

2. Ikuspegi historikoa

Aintzinan ez zen gaur egungo azukrerik ezagutzen. Idazki sanskritoetako sharkara kainabera-azalean gogortutako kostra gozoa zen, osagai exotiko eta garestia. V gizaldian persiarrek jarabe hori (sakar) gogortu eta fintzen hasi ziren, hobeto saldu ahal izateko. Artean azukre kristalok sendagai edo botika modura erabiltzen ziren batez ere. Greziarrek sakjaresan zioten, gaur egunean Europan erabiltzen ditugun izen gehienen aintzindaria (azucar, sucre, sugar, zucchero…).
Wiliam Duffy’ren esanetan[1], azukrea Europako historian eragin gehien izan duen produktua izan da. Esate baterako, XIV gizaldian Gurutzada Santuen berpizkundea, azukrearen merkataritzarekin lotzen du, lehengaietaz jabetzeko burrukekin zehatzago esanda.
Noel Deer’ek gauza ebidenteagoa aztertzen du: azukrearen industria eta esklabutzaren arteko lotura. Historialari honen kalkuluen arabera, sasoi ilun horietan 20 bat milioi afrikar bahitu ziren, gehienak azukrearen truke salduta. Eta gainera:
  • XIV. gizaldian kristauen aitasantuak esklabuen salerosketa bedeinkatu zuen. Horretara, Madeira eta Kanaria uharteetako kainabera sailetan esklabuak erabiltzen hasi ziren.
  • 1500 inguruan lehelengo findegi industriala egin zen Antwerpen’en. Portugal, Kanaria, Brasil, Espainia eta Boli Kostatik zetorren kainabera bertan prozesatu eta gero azukrea Alemania, Inglaterra eta Europa ekialdera saltzen zen. Salerosketa hauek sortutako zerga kopuruaz jabetzeko, aipa dezagun Karl Habsburg enperadoreak horrekin ordaindu zituela Madril eta Toledoko jauregiak.
  • 1560 inguruan Inglaterra ere Karibe parteko kolonietako azukrearen industria bultzatzen hasi zen, esklabuak erabilita noski. Hauek esklabuok izan ziren kainabera-zukuarekin egindako pattarra asmatu zutenak (rona), eta euren ugazaba ingelesek etekin polita atera zioten asmakizunari.
  • 1660rako, azukre eta ronaren merkataritza hain bihurtu zen errentagarria ezen Britainiar Inperioak kontrola mantentzeko neurriak hartu zituen, Ipar Ameriketako kolonietako produktuak euren mugetatik kanpo saltzea debekatuta.
  • XVIII gizaldi erdikalderako, Frantziar Inperioa ere merkatuan sartu zen, azukrea bere exportazioen gai nagusi bihurtuta. Hala ere, Claude Adrien Helvetius filosofoak gogor berba egin zuen ekoizpen hau esklabutzan oinarritzen zela salatuta.
  • 1812an Benjamin Delessert’ek azukrea erremolatxatik ateratzeko prozesua asmatu zuen. Napoleonek kondekorazioa eman zion honengaitik, Frantzia osoan erremolatxa sartzeko aginduta. Urtebete geroago 4.000 tonelada azukre ekoitzi ziren bertan; eta artean esklabutza txarto ikusten hasita zegoenez, frantsesek egoera aprobetxatu zuten abolizioa aldarrikatzeko.
  • British East Indian konpainia ere, giroa aprobetxatu nahian, upeletan “esklabu barik egindako azukrea” letreroa ipintzen hasi zen propaganda modura (gezurra, hasieran).
  • XIX gizaldi hasieran EEBB-ak ere gogor sartu ziren azukrearen negozioan, hiru asmakizun garrantzitsuri esker: lurrin makina, hezur-ikatza egiteko metodoa, eta presio-lapikoa. Orduan agertu zen estrainekotz azukre findua, gaur ezagutzen dugunaren antzekoa.
  • 1865 urtearekin EEBB-etan esklabutza sistema amaitu zen, eta errentagarritasuna mantentzeko, kainabera sailak Cubara eraman ziren.
Ikusten den modura munduan azukrearekin lotutako gorabehera asko egon dira, zuzenean edo zeharka. Honekin batera, kontsumoa eten barik hazi da: 1800 urtean, mundu osoan ez ziren 250.000 tona ekoizten; 1900 urtian berriz,  10.000.000 tonatara hazi zen; eta 2000 inguruan, urteko 92.000.000 bat tona ekoitzi ziren. Igoera honen arrazoi haundiena Europa eta Ameriketako herrialde aberatsen eskaria izan da. Duda barik, negozio bolumen eta lanpostu kopuru handiak dira. Nahikoa arrazoi azukrearen efektu kaltegarriei buruz berba egiteko gogoa kentzeko.

3. Hiztegia

Azukre berbarekin gai edulkorante bat baino gehiago izendatzen denez, ondo etorriko da kontzeptu batzuk bereiztea:
  • Azukre zuria: kainabera edo remolatxaren prozesu industrialean patsa hiru biderrez prozesatzen da. Lehenengo pasadan sakarosa puroena kentzen da, hau da, dendetan topatzen dugun azukre zuria (%99an sakarosa).
  • Azukre beltza edo morenoa: azukre zuriaren ekoizpen industrialean geratutako hondakina, zenbat eta sakarosa gehiago kendu, orduan eta kolore beltzagokoa.
  • Organiko, integral, ekologiko, biologiko etiketak: azukrearen kasuan, ez dira fidagarriak. Anbiguitate handikoak dira, eta berdin erabiltzen dira jatorrizko landarearen kultibo klasea adierazteko edo ekoizpen mota bereizteko (comercio justo, etabar). Hauei adjektibuei kasu egin baino, hobe izango da produktu bakoitzaren ekoizpen sistema ezagutzea.
  • Panela edo rapadura: gai bera dira (bata osorik eta bestea zehetuta). Kainabera zukua modu artesanalean egostetik irtendako azukreak dira, findu barik.
Hauek produktuok banaka azalduko ditut orain, baita erremolatxa eta kainaberaz aparte beste jatorrietako edulkoranteak ere.

4. Edulkorante motak

4.1 Azukreak

4.1.1 Industrialak

Kainabera elikagai natural eta osasungarria da. Kainabera sailetako beharginek, beharrean daudela, landare zatiak eten barik miazkatzeko ohitura dute; hala ere, Hegoafrikan 2000 beharginen txiza aztertuta ez zuten glukosa arrastorik topatu, nahiz eta behargin bakoitzak bataz beste kilo bi kainabera miazkatu. Antzeko gauza esan dezakegu erremolatxari buruz: ez dago arazorik bere horretan kontsumitu ezkero.
Arazoa kainabera[2] eta erremolatxaren[3] prozesu industrial gogorrean sortzen da. Zukua atera, produktu kimikoekin “argitu”, kontzentratu eta oligoelementuak kenduz ateratzen da azukre zuria (%99an sakarosa), jatorrizko landareen ezaugarriak galdu dituen produktua. Zikloa behin eta berriro errepikatuz azukre gehiago atera daiteke; aldi bakoitzean haren purotasuna jeitsi ahala kolore ilunagoa hartuz doa. Prozesu honen amaieran geratzen diren produktuak bi dira:
·        Azukre beltza: beste izenez hirugarren mailako azukrea, %94 sakarosaz eta %6 hondakinez osatua.
·        Melaza:kristalizatu ezin den %30 sakarosadun likidoa. Tradizionalki ganadua elikatzeko eta erregaia egiteko erabili izan da.

4.1.2 Artesanalak

Azukre artesanalak kultura tradizionalekin lotuta daude. Orokorrean, kainabera zuku gordinaren egosketa sinpletik datoz, likidoa lurrindu eta gogortuta. Munduko leku askotan topa dezakegu izen desberdinekin:
  • Ameriketan: panela[4], rapadura, atado dulce, chancaca, empanizao, papelón, piloncilo edo panocha.
  • India-Pakistan: gur edo jaggery.
  • Maurice islak: mascabado, mascabo, muscovado.
  • Guayana: demerara.
Era honetan lortutako produktuak %80 sakarosa izaten dute gutxi gora behera. Eta azukre industrialaren aldean, balio dietetikoren bat gordetzen dute oraindik: glukosa, fruktosa, proteinak, mineralak (Ca, Fe, P), C bitamina… Nahiz eta berez osasunerako hobeak izan, herrialde ekoizle askotan paradoxikoki bere kontsumuak atzeraka egin du, azukre zuria hartzeko ohituraren aurrean.

4.2 Beste edulkorante industrialak

Batez ere jatekoen ekoizpen industrialean erabiltzen dira; haien ezaugarri nagusia azukrearen aldean duten ekarpen kaloriko baxua da. Gehien erabiltzen direnak ondorengoak dira.

4.2.1 Jatorri naturalekoak

Elikagai edo landareetatik ateratzen dira:
  • Dulcitol edo galactitol: esnetik edo melampyrum nemorosum landaretik ateratakoa.
  • Esteviósido: stevia rebaudiana landaretik ateratakoa.
  • Fructosa edo levulosa: fruta eta eztitik atera badaiteke ere, normalean artotik ateratzen da.
  • Isomaltitol: azukre industrialetik ateratako glucomanitol eta glucosorbitol alkoholen nahastea.
  • Lactitol: polialkohola.
  • Maltitol: almidoitik ateratako alkohola.
  • Manitol: manosa azukretik ateratako polialkohola.
  • Neohesperidina dihidrocalcona: laranja mingotsetik ateratzen da.
  • Sucralosa: Splenda izenez ere ezaguna. Sakarosari aldaketa kimiko bat egin eta kloroa sartuta lortzen da.
  • Taumatina: katemfe zuhaitz afrikarretik ateratakua.
  • Xilitol: urki arbolaren egurretik ateratako alkohola.
  • Sorbitol edo glucitol: lehen sorbus aucuparia landaretik ateratzen bazen ere, gaur egunean glukosatik egiten da.

4.2.2 Jatorri artifizialekoak

Laborategian sintetizatzen dira:
  • Acesulfamo potasikoa.
  • Arabitol, lixitol edo arabinitol: arabinosa edo lixosa konposatuen erredukziotik egindako polialkohola.
  • Aspartamo: acido aspártico, fenilalanina eta metanol erabilita.
  • Ciclamato.
  • Eritritol: legamiek glukosan eraginda sortutako polialkohola.
  • Neotame.
  • Sakarina: 1879an sintetizatu zen, ikatzetik, eta protesta handiak egon ziren azukre industriatik (osasunarendako kaltegarria izatea egotzita). Gaur egunean petroleotik ateratzen da.

4.3 Edulkorante naturalak

Izen hau prozesatu minimoa eskatzen duten gozagarriendako gorde behar dugu:
  • Eztia: edulkorante indartsua izateaz aparte, balio handiko elikagaia da: mineralak (Ca, Fe, P), olio esentzial eta balsamikoak, azido formikoa, bitaminak, glukosa, fruktosa, diastasak, dextrina, albuminak…
  • Stevia rebaudiana landarea: Paraguay eta Brasileko indigenak erabili izan dute edulkorante modura. 1964an hasi zen sail handietan explotatzen, eta mundura zabaldu zen. Azukrea ekoizten duten estatuek oztopo asko ipini dizkiote (Europan ere, oraindik debekatuta dago elikagai industrian).
  • Fruta sikua.

5. Azukrearen eragina gorputzean

Atal honetan aipatutakoak sakarosari buruzkoak dira bakarrik, hau da, kainabera eta erremolatxatik eratorritako azukrea (edozein koloretakoa). Beste edulkoranteak -industrial nahiz naturalak- azken atalerako lagako ditugu.
1912an salatu zituen Robert Boesler doktoreak azukrearen eraginak, eskorbuto, diabetes, hipogluzemia, hiperaktibitatea eta eskizofrenia kasuen ugalketarekin lotuta; bere esanetan arazo hauek azukrea luxuko produkto izatetik kontsumo masibora pasatzearekin batera agertutakoak dira. 1929an, Frederick Banting doktoreak (insulinaren deskubritzaileak) garrantzia kendu zion insulinari, eta diabetea osatzeko gakoa haren jatorri nagusia –azukrea- kentzea zela esan zuen. 1920 hamarkadan ere lotu ziren umeen portaera arazoak azukre kontsumoarekin; 1970 hamarkadan Nancy Appleton doktoreak frogatutzat jo zuen ume hiperaktibo, psikotiko eta ikasteko arazodunen familietan diabetes, hiper edo hipogluzemiaren inzidentzia altua izaten direla.
Bere eragina deskribatu baino lehen, kontuan har dezagun ikuspegi dietetikotik azukrea karbohidrato hutsa dela, hau da, bere jatorri naturalean dituen kideetatik banandutakoa (ura, mineralak, proteinak, bitaminak eta zuntza). Baina… hauek guztiok katalizadore modura beharrezkoak direnez, azukre findu dosia hartzen dugunean, gorputzak bere erreserbetatik atera behar izaten ditu; beraz, azukrea gure erreserbak ohosten ari dela esan dezakegu[5][6].

5.1 Estrainekotz kontsumitzean

Azukrerik hartzen ez duen pertsona baten kasuan (ume txiki bat, adibidez) gozoki batek begibistako eragina du. Fase bi bereiz ditzakegu:
a)       Euforia eta hiperaktibitatea: segundo gutxitan igartzen da, azukrea oso bizkor ailegatzen baita nerbio sistemara.
b)       Depresioa (sugar blues): bere intentsitatea hartutako dosiaren araberakoa izango da; berdin haren iraupena.
Izan ere, garunaren erregai nagusia glukosa da, baina gorputzaren martxa onerako glukosa eta oxigeno mailak parekatuta egon behar dira. Azukre dosi batek oreka hausten du, eta goian aipatutakoaz gain badira ezkutuko beste efektoak ere:
  • Gorputzak kaltzio, gatz mineral, bitamina eta enzima jakin batzu mobilizatzen ditu gehiegizko glukosa kopurua suntsitzeko.
  • Makrofagoen beharra oztopatzen da, immunitate sistemak ahulduz.
Gorputzak desorekari buelta ematea lortzen duen neurrian pertsona bere onera etorriko da. Baina tamalez, umeak gaztetandik ohitzen ditugu azukre dosi altuak etengabe hartzera (gailetak, gozokiak, kolakaoak…). Horregaitik, laster kontsumitzaile habitual estatusera pasatzen dira.

5.2 Ohiko kontsumitzaileak

Azukrea hartzen duen pertsona desorekan egotera ohitzen da, hau da, eten barik glukosa maila altuegia izatera. Gutxitan izaten du orekatuta glukosa/oxigeno maila, eta izaten duenean txarto sentitzen da: triste, indar eta gogo barik, edozerekin haserre, urduri… hau da, abstinentzia sindromearekin. Hori ekiditeko glukosa gorakadak bata bestearekin kateatzen saiatuko da, baina honek beste motako arazoak ekarriko dizkio: neke fisikoa, azelerazio psikikoa (egunaren amaieran ezin deskonektatu, ezin deskantsatu…), lanean efizientzia gutxitzea…
Fisiologia aldetik, gluzidoak giza elikaduraren parte garrantzitsua dira. Baina azukrea, familia berekoa izan arren, ez da beste gluzidoak bezala metabolizatzen. Adibide modura gariarekin (ogia, pasta…) alderatuko dugu:
a)      Garia gluzido konplexua da, geldiro asimilatzen dena: dijestioan bere molekula luze eta astunak gluzido sinpleetan zatitzen dira pixkanaka. Hauek odolera pasatu ahala areak insulina ekoizten du, eta bere eraginez, gluzido sinpleok gibelera pasatu eta glukogeno moduan gordetzen dira, behar ditugunean energia iturri moduan erabiltzeko.
b)      Azukrea berriz gluzido sinplez osatuta dago, bizkor asimilatzen direnak. Hala, gluzido sinpleak bapatean ailegatzen dira odolera, denok batera. Honi aurre egin ahal izateko areak insulina uholdea askatzen du, gehiegizko glukosa harrapatu eta gordetzeko. Honek sistema desorekatzen du, insulina deskarga handi horrekin odoleko glukosa kopurua behar dena baino gehiago jaisten baita. 11.00etako “bajoi” karakteristikoa da hau, adiktuek beste azukre dosi batekin gainditzen dutena.
Azukrearen kontsumo altua epe luzean mantentzeak beste osasun arazoak ere ekarri ohi ditu:
  • Loditasuna (beste edulkoranteak baino kaloria gehiago ditu).
  • Arazo endokrinoak: gultzurrungaineko guruinak, area (diabetearen kausa nagusia da), hazkundeko hormonen jaitsiera…
  • Haginetako arazoak: karies (bakteriak ugaltzen direlako eta haginetatik kaltzioa ohosten duelako), posizio txarra…
  • Hipogluzemia, kolesterolemia.
  • Osteopenia (kaltzioa ohostearen beste eragina).
  • Arteriosklerosia (kardiopatiak, zirkulazio arazoak…).
  • Azaleko arazoak (aknea, dermatitis seborreikoa…).
  • Gibelaren dejenerazioa.
  • Miopia.
  • Gota.
  • Faktore predisponentea hainbat arazoetan: pelbis eta masail hezurren forma txarrak, kandidiasia, hiperaktibitatea, ikasketa arazoak, alergia batzuk, neurosia, eskizofrenia, portaera bortitzak…
Drogak dependentzia mailaren arabera sailkatzen baditugu, azukrea goiko postuetan dago. Hau maila psikiko nahiz fisikoan igartzen da, eta azukrea laga eta geroko gabezia sindromeak asteak iraun ditzake (depresioa, umore aldaketak, nekea, gorputzeko eta buruko mina, ahulezia, dardara, urduritasuna, gozokiak jateko antsietatea, kontzentratu ezina, alergiak, hipertentsio arteriala…). Gainera azukrea urte luzez kontsumitzeak korputza nahikoa honda dezake. Halako kasuetan, gabezia sindromeak jota dagoen pertsonaren odoleko glukosa maila larregi jaitsi daiteke hipogluzemia egoeran sartuta. Honen sintomak bereziki larriak izaten dira: izerdia, dardara, antsietatea, takikardia, buruko mina, gosea, ahulezia, konbultsioak… Hipogluzemia krisi bat heriotzean amaitu daitekeenez, ezinbestekoa izaten da halakoetan azukre dosi bat ematea.

5.3 Desintoxikatze prozesuak

Azukre yonkien gizartean bizi gara. Ume-umetatik erabili dugun droga hau ustekabeko lekuetan topatzen dugu: tomate potoetan, foie-grasean, ogian, barazki kontserbetan… Barazki eta fruta gordin jale bihurtzea da azukre dosia zerora jaisteko modu bakarra.
Hala ere, azukrea pausoka lagatzea aukera dezakegu: egunero 20 gramo hartzetik 10 gramora pasatzea asko da. Hasieran tristeago egongo gara, logure, indar barik… baina gure gorputzak glukosa maila orekatzea lortu ahala alaitasun lasai bat nagusituko da gure bizitzan. Zerikusi gutxi lehenagoko euforia/tristura ziklo nekagarriekin.
Gogotsuek, ostera, erabateko desengantxea aukera dezakete, hau da: azukrea guztiz baztertzea. Adorea behar da horretarako, batetik gabezia-sindromea maximoa izango delako eta, bestetik, dieta hori mantentzea gaitza izango delako gure gizartean. Adikzio kasu larrietan erabateko uzte hau mediku baten zaintzapean egitea gomendatzen da, hipogluzemia arriskua kontrolatzeko.

5.4 Beste edulkoranteak

Azukrearen eragin kaltegarriak sahiesten duten hainbeste edulkorante alternatibo daude. Jateko industrian asko erabiltzen dira. Osasun erakundeen kontrola estua da baina, eta edulkorante berririk ez da baimentzen gizakiari kalterik egiten ez diola frogatu arte (kaso batzuk eztabaidan daude). Edozelan ere, denporaren ikuspegia falta da: ikerketak joan den 25 urtean martxan badaude ere, epe luzeko eraginak neurtzeko denpora gutxiegi da[7].
Edulkorante kimikoek duten epe motzeko arriskuak ezagunak dira. Esate baterako sakarina eta ziklamatoa petroleo hidrokarburoetatik datozenez minbizi-sortzaile potentzialak izan daitezke; eta aspartamoak hondakin kaltegarriak sortu ditzake odolean (metanola). Hala ere, edulkorante bakoitzak ondo zehaztua du egunero hartu daitekeen gehiengo dosia eta, esandako moduan, horren barruan oraindik ez da frogatu eragin kaltegarririk (salbuespen bakarra fenilcetonuria gaixotasuna dutenak dira). Baina gozagarri hauen erabilpena gora doan neurrian –batez ere light produktuengatik- gehiengo dosi hori gero eta gehiagotan gainditzen da.
Beraz kontrakoa frogatu arte, edulkorante hauen eragina gorputzean hutsa da: bai osasunean, baita fisiologian ere.

6. Gozagarrien erabilpen egoki baterantz

Gaur egunean ia inork ez du egunero 40-50 gramo azukre baino gutxiago kontsumitzen. Nahiz eta bere efekto guztiak kaltegarriak izan (euforizante izatea ezin dugu-eta efekto ontzat hartu), dietetika eta osasun manualetan “benetako” elikagaiekin batera sartzen da,  dieta orekatu baten azukre kopuru minimoa beharrezkoa dela aldarrikatuz[8]. Eta gezurra da hori.
Osasun eta elikadura ikuspegitik, aditibo gozagarriak sobran daude eta haiek erabiltzeko arrazoi bakarra gastronomikoa da, plazerrezkoa alegia. Hala ere gizartea zeharo ohituta dago zapore gozo indartsuetara -adikzio fisikoa ahaztu barik- eta inor gutxi ausartuko da edulkoranteak lagatzera jakien gozotasun naturalarekin konformatzeko. Onena beraz ohiturak gradualki aldatzea izango da.
Lehentasuna edozein koloretako azukretik desengantxatzea izan behar da. Hala ere errorea litzateke beste edulkoranteekin ordezkatzea; izan ere, txarto usatuta gaude: jateko gozoak ez baitira egunero jateko, ezta naturalak ere (eztiarekin egindakoak, esate baterako). Hasteko, orduan, hortaz jabetu beharko gara eta gozokiak jai egunetarako gorde.
Eta gozokiak egitera ipinita, edulkorantea aukeratu beharko dugu. Eskala baten:
  • Onena fruta litzateke: gordinik, fruta-pasa bezela, puretan…
  • Eztia: azukrea erabat ordezka dezake. Egia da egostean enzimak eta bitaminak galduko dituela, baina hala ere beti izango da azukrea baino osasungarriagoa. Hori bai, kontuan har dezagun kaloria asko dituela.
  • Stevia rebaudiana landarea.
  • Edulkorante artifizialak: osasunari mesederik egiten ez badiote ere, kalterik ere ez. Prestatutako jatekoak erosi nahi baditugu (gailetak, etabar…) aukerarik onena.
  • Azukre artesanalak: azukre industriala baino sakarosa kopuru baxuagua dute (abantaila hau ezerezean geratzen da kantitate gehiago erabili ezkero).
  • Txarrena azukre industriala litzateke, zuria nahiz beltza.
Esperimentuak egiten hasita, laster konturatuko zarete gozoki gehienak azukre barik egin daitezkeela (zer uste duzue, orain dela 300 urte gure arbasoek gozokirik jaten ez zutela, ala?). Egin aproba, merezi du eta: osasunez ondo dagoena hala mantenduko da, eta gaisorik dagoenak ere alde handia igarriko du. On egin!

[1] Duffy W. Sugar Blues. Efectos del azúcar sobre la salud. Asesoría Técnica de Ediciones, 1977.
[2] Scolnik J. La mesa del vegetariano. Lidium, 1985
[3] Duffy W: 1977.
[4] Panelari buruzko artikulua Eroskiko aldizkarian http://tinyurl.com/panelaeroski
[5] Azúcar blanco, ladrón del organismo http://tinyurl.com/nutriciondepurativa
[6] Colbin A. El poder curativo de los alimentos.Robin book, 2004
[7] Edulkorante artifizialei buruzko artikulua Eroski aldizkarian http://tinyurl.com/edulkoranteroski
[8] Azucarera Paraguaya http://www.azpa.com.py/ webgunean irakur dezakeguna ikuspegi konbentzionalaren islada baino ez da. Gogoratu Espainian orain dela urte batzutako publizitate kanpaina: “Ponga azúcar en su vida”.

2 Trackbacks & Pingbacks

  1. Umiak frutia jateko sekretua | Aixebe & Abante
  2. Sobre el azúcar | Aixebe & Abante Fisioterapia

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*