Belarriko mina

Irudixa: http://joserubensentis.blogspot.com.es/2011/09/un-tironcito-de-orejas-para-biolcati.html
Pazienteen egoera aztertu behar dugunean, osagileok zeinuen eta sintomen artean bereizten dugu. Lehenengoak objektiboak dira, neurgarriak beraz: bihotzeko taupaden maiztasuna, azalaren kolorea, giltzaduren forma…. Bigarrenak, ostera, subjektiboak dira, eta, beraz, haien balioa erlatiboagoa da; izan ere, lesio berdinek sentsazio desberdinak eragin ditzakete pertsona batean edo bestean. Sintomen artean ditugu gorputzeko pertzepzioaren distortsioa, orekaren zentzua edota, orokorrean, mina.

Sintoma mingarri askoren beste ezaugarria zehaztasun gabezia da; hau da, min batek jatorri desberdinak izan ditzake. Horregatik diagnostikoa ezin da horrekin bakarrik egin: proba gehiago behar izaten dira, arazo posibleak baztertuz eta pazienteak duen gaixotasuna mugatuz. Lan oso interesgarria eta gaitza.

Zer esan gura dudan sarrera korapilotsu honekin? Belarriko mina, bere horretan, ezin dela gaixotasun legez hartu. Sintoma hutsa da, eta horren azpian ezkutatzen den gaitza bilatu beharko dugu azterketan: inguruko hezur eta giltzaduren arazoak (tenporalaren eta barailaren arteko giltzadura, mastoidea…), entzumen-hodiaren arazoak (infekzioak, buxadurak, artrosia…), eztarriko arazoak (infekzioak, presio atmosferikoa…), hezur barruko hoditxoetako egituren hanturak (nerbioak, odol hodiak…), garezurreko zortzigarren nerbioaren arazoak, bizkarrezurrekoak… Lepo inguruko faszien antolakuntza berezia ere kontuan hartu behar dugu: eztarri aldetik igarotzen diren egiturak oso garrantzitsuak dira, eta haiek babesteko gorputzak atalka sailkatzen ditu. Titanic itsasontziko kaskoak legez, garezurraren azpialdeak ere gela ugari ditu, eta, horietakoren baten arazoren bat sortzen bada, infekzioa esate baterako, egitura berezi honek kutsadura ondoko geletara hedatzea ekiditen du.

Ikusten denez, belarriko mina eragiten duten gaitzek osasun espezialitate asko ukitzen dituzte; horretara, tratamendu eraginkorrenak ere diziplina artekoak izango dira. Entzumena, sudurra, nerbioak, ahotsa, ahoa, giltzadurak tratatzen dituzten medikuekin batera, fisioterapeutok ere badugu gure papera belarri inguruko egituren normaltzean. Bereziki, muskulu, faszia eta giltzaduren desorekekin aritzen gara gu (hortz-haginen ingurukoak barne), baina ez da arraroa izaten eztarri, bizkarrezur eta garezurrean ere eskua sartu behar izatea, entzumen-hodia horiekin lotuta baitago bai fisikoki bai funtzionalki. Horretarako osteopatia teknika finak erabiltzen ditugu nagusiki, eta, lehen esan bezala, oso garrantzitsua da aurretik egindako azterketa: diagnostiko egoki batek ituak finkatzen baditu, askoz ere errazagoa izango zaigu guztia.

Esan beharra dago ere, goian aipatutako gela-egiturak arazoren bat eman dezakeela: adibidez, ustez infekzioa gaindituta dagoenean, germenak bertan gotortu daitezke berriro hazteko aukera egokiaren zain. Izan ere, gela hauek infekzioen zabalkunderako oztopo diren moduan, botiken hedapen osoa ere oztopatzen dute, eta, beraz, infekzioa guztiz osatzeko arazoak sor daitezke. Hor ere fisioterapiak paper interesgarria jokatzen du, ez infekzioaren fase akutuan -hor medikuak eramango du tratamenduaren ardura nagusia-, bai ostera lehenengo fasea gainditutakoan: garezur eta zerbikaletako faszien tratamenduak ezkutuko germen hauen poltsak guztiz suntsitzen lagundu dezake.
Gaur8rako, 2011ko Abuztuaren 12a.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*