Berotu, kirola, luzatu

Itzurun hondartzatik bueltan © cc-by-sa: imanol

Gure kontsultara ez etortzeko modurik onena, zalantzarik ez, lanetik aparte kirol pixka bat egitea da. Pazienteei hainbestetan errepikatzen diogu: lan errepikakorra, beti postura berdinetan egiten dena egokitu bazaigu, ezinbestekoa izango dugu hortik aparteko aktibitate dinamiko osagarri bat egitea, eguneroko tentsioa askatzeko balioko diguna. Bestela, laster etorriko zaizkigu ajeak.


Askok jaramon egiten digute, batez ere krisi sasoian osasunaren autogestioa nahitaezko zerbait bihurtzen delako. Bide horretan sartuta, osagileok aholkulari huts izatera pasatzen gara, pazienteak bere osasunaren gidoia hartzen baitu. Harro sentitzekoa da guretzat paziente batek gure laguntzari esker aurrera egiten duenean, nahiz eta jakin pertsona hori kontsultan gutxitan ikusiko dugula aurrerantzean.

Kirolaren gaiari oratuta, askotan suertatzen zaigu beroketa eta luzaketen gaia argitzea. Ez da arraroa izaten halako esaldiak entzutea: «Ez dut ulertzen zergatik lesionatu nintzen: kirol saioaren aurretik asko luzatu nuen!». Tira: halako nahasteak ez lirateke gertatuko gorputz hezkuntzan trebatutako pertsonen begiradapean entrenatuta. Baina denek ez dute aukera hori. Horregatik askotan gure pazienteen entrenamenduetan sudurra sartu beharra izaten dugu. Kirolaren bizpahiru oinarri azaldu behar izaten dizkiegu, eta, behin hori ulertuta, sekulan ere ez dituzte nahasten beroketak eta luzaketak.

Zer gertatzen da kirolean? Gauza asko esan ditzakegu, baina utz dezadan nire alde sarkastikoa beste une baterako. Gaur interesatzen zaiguna gauza bakarra da: kirolean muskuluak kizkurtu eta erlaxatu egiten dira. Muskuluak (berdin esan genezake tendoi eta lotailuez) zuntzez osatuta daude, sokak bezala; eta, haiek bezala, bero edo hotz egon, ez dute berdin erantzuten tentsioen aurrean. Motorrekin, panderoekin, larruarekin, plastilinarekin edota beste hainbat materialekin gertatzen den bezala, muskuluek ere bero daudela egiten dute hobeto lan. Hartara, arrazonamenduari buelta emanda, erraz uler dezakegu hotz dauden muskulu, tendoi edota lotailuek arazoak izango dituztela tentsioei aurre egiterakoan. Zer arazo klase? Normalean, zuntzen mikrohausturak: zenbat eta tentsio bortitzagoa, orduan eta gradu handiagoan. Noiz berotu behar da, bada? Kirol saioa hasi aurretik.

Bestalde, muskuluen etengabeko kizkurtze horrek ondorio asko ditu. Horien artean bat aipatuko dugu bakarrik: zuntzek laburtzeko joera dute. Modu sinple batean esanda: kirol saioa besterik barik amaitu eta etxera bagoaz, biharamunean gure muskuluak pixka bat laburragoak izango dira, horrek giltzaduren mugimendua pixka bat mugatuko duelarik. Elastikotasuna galduko dugu, eta, denok dakizue zer gertatzen den elastikoa ez den zerbait derrigortzean, ezta? Krak! Horrelakorik ez gertatzeko, ezinbestekoa izango da ariketa bat egin eta gero muskuluak luzatzea. Erabiltzen diren muskuluak kirol bakoitzean desberdinak direnez, luzaketa sortak ere haietara egokitu beharko dira. Ulertu duzue? Ariketekin muskuluak laburtzeko joera badute… noiz luzatu behar da? Kirola egin ostean, jakina.

Luzaketei buruz ñabardura garrantzitsua: leunak izan behar dira. Hau da: igarri behar dugun tentsioa jasangarria izan behar da, muskuluak eman ahal izateko. Lagunei zenbateko mina jasateko gai garen erakustea denbora alferrik galtzea da: hobe da kafe bat hartzera joatea. Izan ere, luzaketa mingarri batek muskuluaren kizkurtze erreflexua isiotzen du, eta, beraz, ez gara ezer luzatzen ari. Arrazoi berdinarengatik, erreboteak baztertu behar dira: posizioa finkatu eta lasai egon, ez da besterik behar. Egin proba, eta aldea igarriko duzue.

Gaur8rako, 2013ko martzuan 2xa.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*