Bihotzeko minez (mediastinoa)

Taupadak, takikardiak eta odol tentsioaren gorabeherak izaten dituzu eta medikuak ezer ere ez duzula diotsu? Gaurko gaia interesatuko zaizu. Orain arte terapeuta fisikoentzat tabu eremua izan bada ere, fisioterapiaren aplikazio berriek aukera interesgarriak ematen dizkigute kardiologia arloan eskua sartzeko, batez ere, prebentzioan. Mediku gehienek ere harriduraz eta eszeptizismoz ikusten dituzte bihotz ingurua esku hutsekin tratatzean lortzen diren emaitza onak: kontuan har dezagun oraintsu arte botikekin eta kirurgiaz soilik tratatu izan dela sistema hau. Gaur, tratamendu mota hau azaltzen saiatuko naiz, pazienteen informaziorako eta medikuen lasaitasunerako. Kardiozirkulazio sistema gorputzeko garrantzitsuenetakoa da, horregatik dago hezurrezko armadura batez babestuta. Saihetsak osatutako kaiola honen erdian bihotza dago, zuntz gogorrezko zakuto batean sartuta: perikardioa da. Haren inguruan, egitura garrantzitsuak daude: bihotzetik sartu eta irteten diren zainak eta arteriak, bronkioak, birikak, hestegorria… Hauek guztiak ez daude solte, ordea: mediastino izeneko egituraz elkartuta daude. Zuntz sendo baina elastikoz osatutako sare hau bularrezurraren eta toraxaren artean hedatzen da, tirolina bezala. Era berean, goian eta behean ainguratuta dago, lepauztaira eta diafragma muskulura. Aurretik aipatutako erraiak sare honetan txertatuta daude, toraxaren erdian, aldamio batean bezala esekita. Hau hobeto ulertzeko, demagun animalia bat sukaldean garbitu beharra dagoela. Erraiak ateratzean, konturatuko gara bihotza, birikak eta gibela batera ateratzen direla, egitura sendo batetik zintzilik: horixe dugu mediastinoa.
Mediastinoko zuntzak sendoak dira, bai, baina bere barruan dauden erraiek mugitu egin behar dute: bihotzak taupadak egin behar ditu, hestegorritik janaria igaro behar da, birikak puztu eta hustu egin behar dira… sendoa izateaz gain, mediastinoko aldamioa elastikoa izan behar da, beraz, barruko erraiek beren lana ondo egin ahal izateko. Mediastinoak elastikotasuna hainbat arrazoirengatik gal dezake: bizkarraren kurbadura desorekatzeak, esate baterako, haren tentsioa gehitu dezake. Gauza bera gerta daiteke diafragmaren espasmoarekin; normalean arazo emozionalekin lotuta egoten da desoreka hau. Modu batean edo bestean, mediastinoan dauden erraiek ezin izaten dute lana ondo egin eta arazo txikiak agertzen dira: taupadak, takikardiak, tentsio gorabehera txikiak, bularreko estuasuna… Lehenengo fase honek asko iraun dezake, eta proba medikoetan arazorik agertuko ez den arren, pazienteak ondoezik jarraituko du. Une batetik aurrera, baina, mediastinoko errai horiek urteetako sufrimenduaren higadura igartzen hasiko dira, eta bigarren fase larriagoan sartuko gara: tentsio maila altua, bihotz-biriketako insufizientzia, infartu arriskua, neke kronikoa, edemak… Orduan bai: anomalia elektrokardiografikoak eta auskultazio murmurioak (soploak) agertuko dira medikuntza probetan.
Terapia fisikoak lehenengo fasean izango du paperik garrantzitsuena: mediastinoaren tentsioa orekatzea. Horretarako bizkarra, toraxa, diafragma eta inguruko muskulu eta fasziak tratatzen ditugu, bihotz arazoak ekidite aldera. Esan beharrik ez dago atal delikatuekin ari garela, eta tratamendu hau fisioterapeuta batek egin behar duela, alferrikako arriskurik ez hartzeko (hobe osteopatian espezializatua bada). Bigarren fasean, ostera, ardura nagusia kardiologoak eramango du; hala ere, terapia fisikoa tratamendu medikuaren lagungarri bikaina izango da eta pazientearen ondoeza arintzeko balioko digu.
Gaur8rako, 2009ko Bagillan 5a.

1 Comentario en Bihotzeko minez (mediastinoa)

  1. Zelako interesantia.
    Eskerrik asko!

Responder a matx Cancelar respuesta

Tu dirección de correo no será publicada.


*