Buruko minen fisioterapia

Buruko mina zer den azaldu beharrik ez dago: den-denok ezagutzen dugun zerbait da, osasun arazo askoren sintoma komun eta inespezifikoa. Kasu gehienek ez dute garrantzirik eta tratamendurik ere ez dute merezi, arazo nagusia sendatzearekin batera desagertuko baita buruko mina.

Baina izenburua ikustearekin batera, irakurle batzuk badakite zertaz ari naizen. Izan ere, kasu gutxi batzuetan, buruko mina bera izaten da arazo nagusia; eta, harekin batera, zorabioak, botagura, haluzinazio bisualak (argi izpiak), argia edo soinu fuerteak jasan ezina, taupada mingarriak garondotik bekokira… Pertsona hauek ez dira eguneroko bizimodurako gauza izaten, eta ilunpetan egon behar izaten dute, isolatuta, minaldia pasatu arte. Ulertuko denez, lanerako eta edozertarako arazo larria da, eta, gainera, sortzen duen urduritasunak mina larriagotzen du. Tratamendu farmakologikoa konplikatua izaten da: askotan botika eta dosi desberdinekin probatu behar izaten da, eta, zortea badago, mina maila jasangarrietara jaistea lortuko da. Hala ere, ez da arraroa izaten emaitza onik ez lortzea, eta, halakoetan, minaldia pasatu arte aguantatzea baino ez da gelditzen. Nahiz eta askok jakin ez (paziente nahiz osagile), fisioterapia aldetik ere badago zertan lagundu. Hori ulertzeko ezinbestekoa da arazoaren gako nagusiak ezagutzea.

Esandako moduan, buruko mina arazo askoren sintoma komuna da: nerbio zuntzek, meningeek, ikusmen eta entzumen organoek, sinuek, bizkarrezur goreneko muskuluek eta beraien arteko fasziek… egitura horiek guztiek har dezakete parte buruko minean, baina guztien gainetik zirkulazio sistema nabarmentzen da. Egin kontu: garun osoa zainez eta arteriez josita dago, arbola forman antolatuta. Enbor nagusi batzuk daude, eta, adar meheagoetan behin eta berriro biderkatuta, odola garun osora hel daiteke. Odol hodion kalibrea lasaitu eta estutu egin daiteke, eta ahalmen horrek garrantzi berezia hartuko du buruko minaren jatorrian eta tratamenduan. Garuneko odol hodien kalibrea faktore anitzek alda dezakete: estimulu sentsitiboek (zarata, argia…), emozioek, tenperaturek… Buruko minaren jatorria, beraz, ez da bat eta bakarra. Gainera, kalibre aldaketa norabide bikoa izan daiteke (lasaitzea edo estutzea), eta horrek ere buruko minaren ezaugarriak aldatuko ditu. Lehenengo kasuan arazoa odol uholdetik etorriko da, kongestioak garunaren funtzioa oztopatuko baitu; tratamenduaren helburua, beraz, odol hori drainatzea izango da. Izotz-poltsei ondo erantzuten dieten buruko min tipikoak dira. Garuneko hodiak estutzen direnean, berriz, iskemia gertatuko da, hau da, zelulek behar duten odola ez da ailegatuko. Horrek erregai falta ekarriko du batetik, eta, bestetik, zelularen funtzionamendu normalean sortzen diren hondakinak ezingo dira erretiratu; buruko mina egoera horren ondorioz etorriko da. Gainera, arbolaren egitura gogoratu beharko dugu; izan ere, estutasuna enborretik zenbat eta hurbilago gertatu, orduan eta garun eremu handiagoa kaltetuko da. Kasu horretan, fisioterapiaren papera odolaren pasoa oztopatzen ari den egiturara bideratuko da gehiago: gehien-gehienetan Willisen poligonoa, hau da, kranioa eta bizkarrezurra lotzen diren lekuko sare baskularra.

Fisioterapia erabilita, odol hodiekin lotutako buruko mina duten pazienteen %65ek hobera egiten dute, gutxi gorabehera; lepoko muskuluekin erlazionatutako buruko mina dutenen kasuan, berriz, %95ek. Ikusten duzuenez terapia fisikoa ez da panazea, baina bai aintzat hartzekoa.

Gaur8rako, 2012ko Loraillan 26xa.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*