Cornelio «Putxaputxa»

Cornelio "Putxaputxa". Irudixa: Mikel Jauregi Oregiren artxibua.

Gurasoei askotan entzun izan diet haurtzaroko kontuak, 30eko eta 40ko hamarkadakoak. Orduko umeen ametsen eta beldurren artean, gogoan dut behin baino gehiagotan aipatzen zutela Cornelio Putxaputxa. Herriko gizon bat zen, eta antza denez gurasoek haurrak beldurtzeko erabiltzen zuten: «Hau ez baduzu egiten Cornelio Putxaputxa etorriko da zu eramatera». Aspaldiko baliabide “pedagogiko” ezaguna.

Cornelio, bistan denez, pertsona normala zen. Gaur eguneko hizkera eufemistikoan dibertsitate funtzionala duela esango genuke, eta herriko San Andres egoitzan bizi zen. Hitz egiteko arazoren bat zuen, eta nolabaiteko onomatopeia bat ateratzen zitzaion: hortik gaitzizena. Bistan denez, 1940ko hamarkadan pertsonok ez zuten gaurko abegikortasunik aurkitzen gizartean, kontrara: jende askok gutxituen kontura barre eginda berdintzen zuen bere zorigaitz propioa. Kontuan hartu Hegoaldeaz ari naizela, Francisco Francoren diktadurapean bizi izan zen gizarteaz; testuinguru horretan bizimodua oso gogorra zen -errepresioa, gosea, eskasia- eta horrelakoetan, tamalez, gizakiak askotan kontsolamendu lizun bat aurkitzen du besteen zorigaitzean.

Perbertsio hauek kenduta, esango nuke giza aberea oro har “humanoagoa” izan dela beti dibertsitate funtzionaldunekin. Baina kontuz, ez gaurko parametroetan: antropologo batzuen ustez, historiaurrean ohikoa baitzen zahar eta ezinduen eliminazioa. Izan ere, gizarte nomadetan -eta Euskal Herrian horrelakoak izan ginen, erromatartu arte- tribuarekin batera bidaiatu ezin dutenak tribuaren beraren etorkizuna baldintzatzen dutela onartzen da. Zirrara eragiten du benetan gure arbasoen aiton-amonekiko agur zeremoniak irudikatzeak, eta haien azken une bakartiak gaueko sarraskizaleen aurrean; baina horrela omen zen. Horrelakoak omen ginen. Gerora, jada historian sarturik, grekoek Taigeto mendietan prozedura horiekin segitu zutela gauza jakina da; eta gure egunetik askoz ere hurbilago, alemaniar nazional-sozialistek eginikoak ere hor ditugu; gai irristakorra benetan. Baina, oro har, esan dezakegu Europako joerak kontrako norabidea jarraitu duela: pertsona ezindua integratzea eta zaintzea. Atso-agureen proportzio gero eta handiagoa duen gure gizarte honek ekarri duen eredua da, diskutigarria nahi baduzue (tribu nomada batek arbuiatuko luke) baina oso onartua dagoena, hein handi batean Arabia aldetik etorritako erlijioen eraginez -kristaua bereziki-.

Dena den, ni haurra nintzenean ere (duela 40 urte) orduko “subnormalak” -horrela esaten zitzaien, bai kaleko hizkeran, bai ofizialki- etxean egoten ziren, ia sekula kalera atera barik, eta aipatu ere ahopean aipatzen ziren. Tabua ziren, ezkutatzeko gauza lotsagarria. Egoerak ere ez zuen laguntzen: etxe gehienetan ez zen igogailurik, seme-alaba gehiago izaten ziren, dirulaguntza gutxiago… Erraztasun gutxi, dibertsitate funtzionaldunek bizitza duina izateko. Ordutik hona gauzak asko hobetu dira. Aprobetxa dezagun bada, denok soylent green jaten hasi aurretik!

******
Gaur8rako, 2020ko zezeillan 29xa.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*