Diafragma

Txoko honetan behin baino gehiagotan aipatu dugu diafragma muskulua, sabeleko presio kontuak (hiato hernia, odoluzkiak) edota arnasarekin lotutako artikuluak tarteko. Baina guardasol formako muskulu honek sekretu asko gordetzen ditu; hobe esanda, bere inguruan gorputzeko ezinbesteko egitura ugari biltzen dira, gune zeharo estrategikoa osatuz. Askotan aipatzen den muskulu misteriotsu honen funtzionamendua ulertzeak gaitza dirudi, baina amu hau botako dizuet:

[tweetthis]Tiro bakarrean hamaika txori bota nahi al dituzue? Bada, horixe da diafragma zainduta lortuko duzuena.[/tweetthis]

Diafragma guardasol formako muskulua dela esan dut. Kanpai forma duela esatea ere ez da adibide txarra. Izan ere, erpina biriken arteko lotailu multzotik zintzilik dago, bularraren erdialdean. Kanpaien modura, azpian zuloa du. Eta beherengo partea, buelta osoan, saihetsen ertzera lotuta dago.

Muskulu bat den neurrian, diafragma mugitu egiten da. Pentsa dezagun gure kanpaia elastikoa dela; kizkurtzeko eta lasaitzeko ahalmena duela, alegia. Bada, kizkurtzean, kanpaiak bere forma aldatzen du, plater forma hartuta. Lasaitzean, berriz, jazpaneko txindatak zintzarri forma berreskuratzen du atzera. Baina gogoratu gorago esan duguna: kanpaia bularretik zintzilik eta saihetsen ertzera lotuta dago. Zer gertatzen da, bada, diafragma kizkurtzean, plater forma hartzen duenean? Hain zuzen ere, biriketatik beheraka tiratzen duela (haien kapazitatea handituz), eta, aldi berean, saihetsei goraka bultzatzen diela (biriken kapazitatea biderkatuz). Beraz, diafragma kizkurtzeak haizea hartzea ahalbidetzen digu. Alderantzizko prozesuan, diafragma erlaxatzean (kanpai forma berreskuratuz) saihetsek behera egiten dute, eta, birikek, gora, haizea kanpora irtenaraziz. Horixe da, izan ere, diafragmaren funtzio ezagunena: arnasa hartzea.

Esan dugun bezala, diafragma gorputzaren gune estrategiko batean dago. Kanpaiaren zuloa ez dago hutsik: barruan gibela, sabela, area eta hesteak gordetzen ditu. Txindata forma hartzerakoan, errai horiek guztiak zapaldu eta lauskitu egiten ditu. Literalki. Horretara, haien barruan dauden fluxuak (odola, behazuna, janari ahia, haizeak…) mugiarazten ditu, ezinbestekoa den punpatze efektua eraginez. Hortik arnas diafragmatiko egokiak digestioa orekatzeko duen garrantzia.

Hori azpialdean. Gora begiratuta, berriz, kanpaiaren erpinean mediastinoa dugu. Zuntz sendo baina elastikoz osatutako sare hori bularrezurraren eta toraxaren artean hedatzen da, eta, bere baitan, organo garrantzitsuak biltzen ditu, besteak beste, bihotza. Diafragma kizkurtzen dugunean, arnasa hartzearekin batera mediastinotik beheraka tiratzen dugu, eta, diafragma erlaxatzerakoan, berriz, libre uzten dugu. Punpatze hori garrantzitsua da bihotzaren, arterien eta zain nagusien funtzioa orekatzeko, baita odolaren presio egokia mantentzeko ere. Horra hor arnasak zirkulazioarekin duen lotura!

Goia eta behea begiratu ostean, alboetara begira dezagun, kanpaiaren beherengo alde osoa saihetsen bueltan lotuta baitago.

Bada, saihetsen ertza atzeraka jarraitzen badugu, nora ailegatuko gara? Gerrira, noski. Diafragma gerriko ornoetara irmoki lotuta dago, eta, beraz, imajina dezakezue arnas desorekatuaren beste ondorio bat: bizkarreko mina, jakina.

Gainera, arnasa era batera edo bestera egiteak erlaxazio/estres orekan eragin sendoa du, diafragmaren inguruan dauden nerbio sareen estimulazio mekanikoarengatik. Ez gara horretan luzatuko, askotan ukitu dugun gaia baita.

Artikulu honekin, arnasa egoki eta sinple-sinple hartzea negozio oso ona dela erakutsi nahi izan dizuet bakarrik. Ahalmen hori esploratzea eta lantzea zuen esku dago, hori bai, kontuan izan horrela eginez gero osagileoi bisita gutxiago egingo dizkiguzuela!

Gaur8rako, 2013ko azaruan 16xa.

1 Trackbacks & Pingbacks

  1. El diafragma | Aixebe & Abante Fisioterapia

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*