Diagnostiko zailen alderdi ona

Bizitzako edozein eremutan, arazoari irtenbide egokiena aurkitzeko ezinbestekoa izaten da arazoa bera zein den ondo ezagutzea. Horretan, osasungintzan aritzen garenok ez gara desberdinak: diagnostiko zorrotza da tratamendu onaren oinarria. Eguneroko lanean, baina, hori ez da beti erraza izaten hainbat faktoreren eraginez.

Hasteko, gizakiak ez du bere osasunaz kezkatzeko ohiturarik harik eta minez egon arte. Horretara, pazientea sendatzeko presaz sartzen zaigu kontsultako atetik: «Mina ken iezadazu». Atera kontuak: asteak, hileak, batzuetan urteak egin ditu gaixotasunak gorputzaren barruan isilik, sintomak azaleratu aurretik. Paziente hori artatzen duen lehenengo osagileak anamnesi edo hitzezko ikerketa egin beharra du inolako soluzioa saiatu aurretik: «Non da mina? Nolakoa? Noiztik? Zein momentutan igartzen duzu gehien? Zeintzuk dira zure ohiturak?». Pertsona batzuek ez dute horretarako pazientziarik, baina ganorazko edozein tratamenduren funtsa da.

Anamnesiaren ostean, batzuetan arazoaren nondik norako argi batzuk agertuko zaizkigu, baina beste batzuetan ez. Esplorazio fisikoa etorriko da orduan lesioaren nolabaiteko zeinuak antzemateko: minaren lekua ikusi, ukitu, mugitu… Hemen sartuko dira beste froga diagnostikoak ere (erradiologia, ekografia, odol-analitika…), osagile bakoitzaren espezialitatearen arabera. Horiekin agertzen diren (edo ez diren) datuek bidea gehixeago argituko digute: askotan tratamendu posible bat zirriborratu eta saiatu ahal izango dugu. Tratamenduaren ondorioz izandako erantzunari ere ongi erreparatu beharko diogu, honek ere hartutako aukeraren egokitasuna baloratzeko balioko baitigu.

Batzuetan, baina, diagnostikoa ez da batere argi egoten. Izan pazienteak ez duelako oraindik froga osagarririk egin, izan frogok emaitza negatiboa eman dutelako («dena ongi dago» esaldi beldurgarria), izan saiatutako tratamenduek ez dutelako hobekuntza nabarmenik eragin… pazienteak minez jarraitzen du, eta osagileok oraindik ez dakigu zehazki zer duen. Batzuetan, gainera, denbora asko pasa daiteke froga diagnostiko gehigarriak egin arte edota tratamendu berrien emaitzak ikusi arte. Egoera horretan, minari segurtasun ezaren estresa gehitzen zaio. Paziente hauek nora ezean ibili ohi dira.

Egoera hau uste baino arruntagoa da, eta seguru nago irakurleen artean ere makinatxo batek ezagutzen duzuela. Bada, artikulu honen muina egoera honek duen ikuspegi positiboa zuei azaltzea da. Izan ere, diagnostikatu ezinda egotea txarra da… baina ona ere bai, zalantza barik. Oraintxe ikusiko duzue zergatik: arazo larriak erraz diagnostikatzen dira. Di-da! Lau proba nahikoa dira hausturak, minbiziak, tronbosiak, diabetesa edo disko hernia bezalakoak ondo baino hobeto karakterizatzeko eta argi eta garbi paperean idazteko.

Beraz, zure minari izen-abizenik ezin jartzeak alde lasaigarria ere badu: arazoa larria ez dela jakitea. Minez egotea txarra da, bai, baina nahiago al zenuke hortxe, eskanerraren erdi-erdian, plast, orban zuri argi-argi eta hilgarria ikustea? Ez dut uste. Gauzak bere lekuan. Eta osasun arazoekin, tamainan kezka gaitezen: ez gutxiegi eta ez larregi.

Gaur8rako, 2013ko agorrillan 24a.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*