Disko herniak

Irudia: Escuela de Osteopatia de Madrid.

Bizkarrezurreko mina zer den azaldu beharrik ez dago: fisioterapia kontsultara etortzen zaizkigun hamar pazientetik zazpi arrazoi honengatik datoz. Lan munduan ere baja kopuru handiena bizkarrezurrarekin lotuta egoten da, diferentziaz gainera. Zaku honen barruan, hala ere, arazo mota asko daude, sintomatologia oso aldakorrarekin eta, horretara, tratamendu desberdinak behar dituztenak. Baina bizkarreko mina sufritzen duten paziente gehienek kezka bakarra izaten dute: ea ez duten herniarik izango.

Gaurkoan, herniaren deabru gorriari beroarena kentzen saiatuko gara. Izan ere, askok uste du disko hernia baino txarragorik ez dagoela munduan (zentzu horretan, kortikoideekin edo kolesterolarekin gertatzen den bezalako satanizazioa gertatzen da). Baina hori ez da horrela. Atera kontuak: edozein osagilek kontatuko dizu hernia baino askoz ere txarragoak diren hainbat gaixotasun daudela, eta, era berean, jendeak ez daki badirela igartzen ez diren disko herniak ere.

Bizkarrezurra 26 ornoz osatuta dago. Ornoen aurrealdeak trontzatutako enbor atal baten forma duela esan genezake, eta batak bestearen gainean gorputzeko oinarria den enbor osoa formatzen dute. Ornoen atzealdea, berriz, hezur apendize finekin egindako arkua da, eta guztiak elkartzean tunel moduko bat osatzen dute, barrutik pasatzen den ornomuina babesteko.

Orno hauek mota askotako zuntzez lotuta daude. Atzeko aldean, lotailu malguak dira nagusi, mugimenduak libre uzteko eta nerbioek irteteko lekua izan dezaten. Aurreko aldearen funtzioa, ostera, pisu handiei eustea da, estatikan (halterofilian, adibidez) eta dinamikan (errugbian). Horregatik, lotailu hauen egitura konplexuagoa da, presio aldakorrak arinduko dituena; kuxin funtzio hau ornoarteko diskoak betetzen du.

Ornoarteko diskoek zuntz gogorrezko estalkia dute kanpotik, eta muin biguna; neurri batean, automobil gurpilekin aldera ditzakegu. Adinarekin eta esfortzu zakarrekin kanpoko estalkia arrakala daiteke, eta tarte horretatik barruko substantzia bigunak kanpora egin dezake. Hemen, ostera, ez da leherketarik gertatuko gurpiletan legez: substantzia bigun hori kanpoko estalkiraino ailegatuko da, baina ez du guztiz zulatuko: diskoaren kanpoaldean azalduko da, kiste biribil bat bezala. Hauxe dugu disko hernia.

Baina gogoratu disko hernia guztiak ez direla mingarriak. Izan ere, diskoak 360 gradutako buelta du, eta hernia edozein puntutan ager daiteke. Diskoaren inguruan dagoen egitura garrantzitsuetako bat zapalduz gero (ornomuina, nerbioak, lotailuak), sintoma mingarriak agertuko dira, baina “hutsik” dagoen tartean azaltzen bada, batzuetan pazienteak igarri ere ez du egingo.

Disko hernia sintomatikoen tratamendua, fisioterapia aldetik, zapaldutako egitura libratzera zuzendua dago: inflamazioa jaisteko teknikak, lesioa orekatzea (ez dadila barruko substantzia bigun gehiago irten) eta, kasu konkretu batzuetan, hernia “xurgatzera” zuzendutako maniobrak. Ulertuko duzuen bezala, prezisio handiko tratamendua da eta ezinbestekoa izaten da diagnostiko zehatza izatea (herniaren kokapena, norabidea eta gradua). Behin koadroa orekatuta, ariketa terapeutikoak erabili behar ditugu inguruko muskuluak sendotzeko eta lesio gunea babesteko. Gainera, prozesu honetan herniaren jatorria aztertuko denez, berriro ez gertatzeko aholkuak eman ahal izango dizkizugu. Kasu egin! Erruleta errusiarrean jokatu zalea ez bazara, behintzat.

Gaur8rako, 2012ko Bagillan 21a.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*