Elikadura eta alergiak

Imagen
Irudixa: Hipercor

Bazen behin Victoria McPherson izeneko zinema izar bat. Mundu osoko publikoak haren bizimodu alaia eta arrakastatsua jarraitzen zuen; bai filmak ikusiz, bai Brad Beckhamekin zuen maitasun istorioa jarraituz. Gure artistaren bizitzan, hala ere, dena ez zen zoriona: haren irribarre gozoa rictus larri bihurtzen zen hiruzpalau egunetik behin, komunean esertzen zen bakoitzean. Vickyren idorreria arazoak bere gorteko partaideen kezka piztu zuen, aurpegian esfortzuaren zimurrak agertzen hasi zitzaizkionean. Izarraren osasunaz arduratzen zen guruaren gomendioa hauxe izan zen: hainbeste nekez eta dolorez ekoitzitako gorotzak hartzea eta irenstea. Entsaladan, paellan, batidoetan…

Edozer aukera izango zen ona dieta iraultzaile hori jarraitzeko. Esan eta egin: Victoria McPherson izar famatuak segituan hartu zuen lehenengo dosia, entsaladan hain zuzen ere; edozer egiteko prest baitzegoen arazoa konpontzeko.

Prentsa arduradun, idazkari, manager, aholkulari, estilista, gerente eta laguntzaileen artean aurpegi arraroak nagusitu ziren hasieran. Vickyren kolaboratzaile fidelenak eman zuen lehenengo pausoa: berak ere dieta jarraituko zuen. Komunera joan eta bueltatu zenean, gorotz epel-lodia zuen eskuetan; ogibitartean ipini, eta hamaiketakoan jan zuen. Inor ez zen geratu zinema-izarraren dieta apurtzailea probatu barik: muesliarekin gosaltzeko; ganba eta berakatz kimuekin salteatua; batido dietetikoen osagarri… Mila aukera zeuden. Hala ere, sekretua laster zabaldu zen telesaio eta aldizkari arrosen bitartez; liburuak etorri ziren gero, eta industria dietetiko eta farmakologikoak ikerketak abiatu zituzten merkatu potentzialaren garrantziaz jabetzean. Produkzio linea osoak sortu ziren gorotzetan oinarrituta (esnea, barratxo energetikoak, kapsulak, hautsak, infusioak…). Produktuen kalitatea ziurtatzeko, ekoizleen elikaduraren kontrola ezarri zen: produktu naturaletan oinarritutako gorotzak estimatuagoak bihurtu ziren, nahiz eta gutxi batzuek baino ezin izaten zituzten ordaindu. Iruzurrak ekiditeko ziurtagiri ekologikoak ezarri zituzten, baina hala ere asko eztabaidatu zen: sonatua izan zen, adibidez, biokaka eta ekokaka-ren artean bereizteko auzia.

Urteak pasatu ziren, eta Victoria McPherson ahaztuta geratu zen desintoxikazio klinikaren batean. Gorotzean oinarritutako elikagai eta gehigarri dietetikoak erabat normaldu ziren, baina beste arazo bat agertu zen: pertsona batzuek ez zuten gorotza ondo asimilatzen eta bihotzerrearekin geratzen ziren; edo azalean zuldarrak agertzen zitzaizkien; edo ondoezik geratu, botagurarekin-eta…

Hori kezkagarria zen erabat; ordurako pentsaezinezkoa zen egun bat 200-400 gramo gorotz jan barik pasatzea. Gaixoak protestaka hasi ziren, kaka normaltasunez jateko eskubidea aldarrikatuz. Horrela asmatu zen bilirrubinarik gabeko gorotza, eta jantokietan menu bereziak ematen hasi ziren…

Laga dezagun horrela ipuina, amaitu barik. Kaka hitza kendu eta idatz dezagun haren ordez zerealak, behi esnea edo azukrea. Lehenengoak ez dira berez giza elikagaia, gose denboretan hasi ziren erabiltzen; oso dira arrotzak gure organismoarentzat, eta hartzitu edota kiskali egin behar izaten ditugu digeritu ahal izateko; bigarrena, behiak txahalentzat -ez gizakiarentzat gero- eginiko hormona zopa da, giza metabolismoa nabarmen eraldatzen duena. Azkenik azukrea (zuria nahiz beltza) produktu kimiko artifiziala da, drogen ezaugarri gehiago dituena elikagaiarena baino. Gizaki batzuei kalte egiten diete, ados: baina horregatik gaixorik daudela pentsatu behar ote dugu? Hori uste dutenek asko «desikasi» behar dute giza elikadurari buruz.

Gaur8rako, 2009ko Urriaren 23a

3 Comments en Elikadura eta alergiak

  1. Oier, radikala ez?

    Ala igual ez dut ezer ulertu. Ipuinak daukan tonillo ironikoarekin, azkenean ez zait mezua argi gelditu, arrisku hori dauka ironiak.

    Esan nahi duzu zereala, esnea edo azukrea ez direla inola ere jan behar? Ala (sarri gomendatzen den moduan) neurrian hartu behar direla?

    Eta kaltegarriak badira, esplikatuko duzu zergatik? Ez nago kuestionatzen, argitu nahian bakarrik. Eskerrik asko.

  2. Zereala, esnia eta azukria ez dittuk berez gizakixandako jatekuak. Gauzia dok gure korputza oso resistentia dala, eta bizirautiarren practicamente edozer jateko kapazak izango giñakela. Okela ustela janda be (beste animali askok egitten daben legez), dijeridu eta metabolizauko gendukek.

    Hori pasau zuan zerealekin eta esniakin oin dala 7000 urte. Premiña larrixan, gure arbasuak elikagai modura erabilli bihar izan jittuezen gosiak ez hiltzeko. Gaur egun, ostera, ez dakagu euren premiñarik eta jateko egokixa aukeran dakagu.

    Azukrian historixia desbardiña dok: oin dala 300 bat urtetik datorren maniobra komertzial oso intelijentia izan dok. Gaur egunian pentsaueziñezkua badirudi be, oin dala urte gitxirarte kultura guztietako gozokixak azukre barik egitten ziran… ez zalako existitzen.

    Baiña izan gaittian realistak: hónek “elikagaixok” gure eguneroko bizimoduan oso integrauta jagozak, eta egun batetik bestera kentzia traumatikuegixa izango litzakek –kalte haundirik egitten ez badeskue, behintzat-. Etara kontuak: osasun arrazoiengaittik gero eta jente gehixagok behi-esnia baztartzen badihardu be, suzedaneuak erosten jittuez (soja, olua eta bestelako horchata tipuak), armozatzeko “likido zuriren bat” bihar izaten dabelako. Barru-barruraiñok jakagu sartuta-eta esnia hartzeko usarixua. Nik neuk, Gari, egunero jaten jittuadaz ogixa eta gaztaia, eta kafiakin azukria hartzen juat.

    Oiñ: horrek ez dau kentzen ikuspegi kritiko bat mantentzia, eta norbere korputza eta jaten dabena ondo ezagutzia. Horregaittik, ona dok esperimentuak egittia, esate baterako: esne-galletak armosau biharrian salda katillua (ogixakin) hartuta ¿zelan sentitzen haiz? Edo pastelari 300 g azukre bota biharrian 300 g ezti botata ¿zelakua geratzen dok? Zerealena gatxagua dok, honek gure dietian oiñarri bihurtu diralako (ogixa, pasta, arroza…) baiña honetan be egin leikez aldaketatxuak.

    Informaziño asko topau heinke interneten, adibide didaktiko batzu: – Azukria: http://stopesperanza.blogspot.com/2008/05/el-azucar-droga-dura.html – Zerealak eta esnia: http://www.dsalud.com/numero79_5.htm (aldizkari pizkat sentsazionalistia dan arren, artikulua ondo dagok).

  3. A bale, orain ulertu dut zerbait gehiago. Orduan paleodietaren aldekoak direnen filosofia antzerakoa daukazu, ikusten dodanez. Uste dut Atkins-en dieta ere antzerakoa dela. Ezagutzen dut eta lojikoa iruditzen zait, baina oso zaila da jateko ohiturak aldatzea. Eskerrik asko!

Responder a Gari Cancelar la respuesta

Tu dirección de correo no será publicada.


*