Energiaren bideak jorratzen

Irudixa: Tai Chi Cordoba
Fisika dut jainko bakarra; ez dut sinesten naturaz gaindiko inolako indar misteriotsutan. Paziente batzuk harritu egingo zaizkit, batez ere eskuetan korronte eta berotasun misteriotsuak sumatu ohi dizkidatenak. Baina hala da, lagunak: indar harrigarri horiek mundu honetakoak dira. Osagileen kolektiboan gero eta onartuago daude medikuntza konbentzionaletik kanpo geratzen diren terapia batzuk (erreflexoterapia, meridiano sistema, terapia miofasziala… ), kanon zientifiko klasikoekin oraindik deskribatu ezin diren arren, sendatzeko begibistako eragina dutenak. Baina ez bakarrik osagileok: sentsibilitate pixka bat duen edozeinek ikas dezake energiaren bideak bere buruaren mesedetan erabiltzen. Horretara gonbidatu nahi zaituztet gaur, isolatuta zaudetenak bereziki.

Abstrakzioetan ez galtzeko -energiaren bideak lantzeko teknika asko baitaude-, ezagutzen dudan arloari erreparatuko diot. Medikuntza txinatarraren arabera hamabi meridiano edo energia-bide nagusi daude gorputzeko organoen artean. Energia horri chi izena ematen diogu, eta gorputz osoan zehar ibiltzen da aipatutako bideetatik. Meridianoak libre daudenean, pertsona osasuntsu dago; bideetan oztopoak daudenean, berriz, gaixotasuna dator. Txinatar medikuntzaren oinarria chi-aren zirkulazioa berrorekatzea da, teknika askoren bitartez. Haietako bat da chi-kung izenekoa; Shaolin monastegiko eskolako Wahnam azpiatala egiten dut nik, eta horixe da gaurko aholkuen iturria. Europar bati chi-kunga zer den modu sinplean azaldu beharko bagenio, honako hau esango genioke: gorputzarekin egindako gimnasia arin bat, arnasketa egoki batez eta gogoarekin lagundutakoa. Baina azalean geratuko ginateke, eta merezi du hiru faktoreok banaka aztertzea.

Gorputzaren jarrera. Chi-kung ariketa askotan, mugimendu leunak erabiltzen dira. Izen iradokitzaileak izan ohi dituzte: «zerua jasotzea», «ilargiari eustea»… Badira jarrera estatikoetan edo itxuraz geldirik egin beharreko ariketak ere. Jarrera fisiko hauek ez dira kasualitatearen ondorio: maisu zaharrek mendeetan garatutakoak dira, eta errespetatzea komeni zaigu, jakina. Baina, hala ere, hiruretatik garrantzi gutxien duen faktorea da berau.

Arnasa. Txinatar medikuntzaren arabera, arnasa gorputz barruko eta kanpoko energien arteko trukaketa da. Ñabardura asko ditu gai honek, Europako hizkuntza zientifikoan azaldu ezinezkoak. Horregatik, gauza bat aipatuko dugu bakarrik: meridianoen zirkulazioa oztopatuta edo ahulduta dagoenean, falta zaigun energia garbia gure ingurutik hartu ahal izango dugu, arnasaren bitartez.

Gogoa. Latinezko mens kontzeptua, edo, nahiago baduzue, jarrera mentala. Duda barik, hiruretatik garrantzitsuena. Modu egokian fokatuta, jarrera fisikoarekin eta arnasarekin/energiarekin batasun bat lortu ahal izango dugu; horretarako ezinbestekoa izango da hausnarketa estatu batean murgiltzea (gorputza erlaxatuta, burua hutsik). Egoera honetan, irakurle, helburua lortu ahal izango duzu bakardaderik absolutuenean bazaude ere, ezagutzen dudan terapiarik indartsuena (eta makinatxo bat ezagutzen ditut) erabilita.

Azaletik deskribatu dugun disziplina honetan sakontzeko, liburu hau gomendatuko nuke: WONG KIEW KIT. (1996) El arte del chi-kung. Ed. Urano (Bartzelona). Argi izan dezagun, hala ere, onena maisu edo maistra on batek lagunduta ikastea dela. Zenbait egoera berezitan, hala ere (kartzelan, esate baterako), zilegi izango da nor bere kontura esperimentuak egiten hastea, baina betiere salbuespen modura eta harik eta jakitun batekin aurrez aurre egoteko aukera izan arte. Bide honetan aurrera egiten duenak ez du sekula artikulu hau ahaztuko.

Gaur8, 2010ko Urtarrilaren 15a

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*