Erlaxazio saioa

Gaurko kolaborazio hau irakurle guztientzat baliagarria izango den arren, bereziki zuretzat da, espetxean zauden lagun hori. Aldizkari hau eskuetan duzula, elkarrekin berrogeita bost minutu pasatzera gonbidatzen zaitut. Tarteka etenaldiak markatuko dizkizut; horietan, laga mesedez irakurtzeari eta utzi minutuei pasatzen, pentsamendua nik proposatutako irudian jarrita duzula. Ariketa polita da, ikusiko duzu. Zatoz askatasunean hegan egitera, Orhiko bortütik, ororen gainetik.
Erlaxazio saio hau egiteko, bakarrik eta lasai egoten saiatuko zara: patioan, ziegan… Dena dela, lagun edo urdin batek atentzioa deitzen badizu ere ez estutu; irribarrez eta aztoratu barik, arazoa lehenbailehen konpondu, eta laster itzuliko zara zeure bakardade lasai horretara.
Berrogeita bost minutu ditugu aurretik, beraz. Arnasaldi lasai batez lagunduta, apurka-apurka, zeure baitan bilduko zara. Eguneroko arazoak hor kanpoan utziko dituzu. Horrekin bakarrik, segituan, lasaitasuna sentitzen hasiko zara; zeure barnetik kanpora doana, hain zuzen ere. Arnasa hartu, arnasa bota… lasaitasun sentsazio horrek nola inguratzen zaituen antzemango duzu hamar minutuz, beste barik.
(…)
Hamar minutu pasatu dira. Inguruko mundua lausotu egin da apur bat. Arnasak hartzen du pentsamenduaren lekua, ezerk baino gehiago. Hauspo handi baten modukoa bihurtu zara; arnasa hartu… eta bota, besterik ez duzu egiten. Sentsazio ederra da.
Hartzerakoan, senti ezazu haize garbiak nola puzten dituen biriketako lobulu eta zoko guztiak.
Botatzerakoan, berriz, haizea kanpora doa; horrekin batera, baita odolean sortutako karbono dioxidoa ere. Ez, ordea, hori bakarrik; arnasaldi bakoitzarekin, barruko hondakinak ateratzen dira. Behin eta berriro gertatzen den garbiketa isil horren lekuko izango zara hurrengo hamar minutuetan.
(…)
Hogei minutu pasatu dira. Honez gero, biriketan sartu-irtenean dabilen haize horrek gero eta garbiketa sakonagoa egiten duela sentituko duzu. Hala, garbiketa horrek, gorputzean eragiteaz gain, gogoan ere eragiten duela sentitzen duzu.
Arnasarekin batera, sudurretik ur korronte leun bat sartzen ari zaizula irudikatu behar duzu. Ur garbi horrek burua bete dizu eta lepotik behera doa, bularrean, sabelean zehar… Eta parean aurkitutako guztia disolbatu dizu. Arnasaldi bakoitzarekin, ur garbiaren uhinak zabaltzen dira eta, itsasoko olatuen moduan, berarekin eramaten dituzte tentsioak, emozio txarrak, tristurak…
Amorru eta etsipen asko duzu garbitzeko. Beraz, igaro itzazu beste hamar minutu lauskitzen eta lauskitzen, lixibako arropei xaboia kentzeko egiten zaien moduan…
(…)
Hogeita hamar minutu pasatu dira. Sudurretik sartzen den ur korronte leun horrek erabat bete zaitu, eta hain garbi sentitzen zara… Azaletik gainezka egin du urak, eta aurpegia ere busti dizu. Ur jauzia eztarriko azaletik behera dator. Sorbaldak, besoak, ukondoak… poliki-poliki dena busti du, eta besaurretik, eskumuturretatik eta atzamar puntetatik lurrera dario. Era berean, bizkar eta bular aldetik behera ere badator hezetasun bizigarri hori. Arnasaldi bakoitzarekin batera ponpatu egiten da eta, poliki-poliki, aldaketara, izterretara, belaunetara jausi da, bernak, orkatilak eta oinak zeharkatuta. Eta hortik, lurrera.
Barrutik eta kanpotik, goitik behera zeharkatzen gaituen ur jauzi horrek sobran dugun guztia eraman eta lurrari ematen dio. Nahiz eta lau metro porlan tartean egon, hor behean dagoena Lurra da, eta guretzat kaltegarria den hori, Lurrean, ongarri bihurtzen da.
Oso garbiketa sakona ari zara egiten. Gero eta hobeto sentitzen zara, arinago, indartsuago, alaiago. Horregatik, beste hamar minutuz, plazer handi horretan murgilduta egongo zara.
(..)
Berrogei minutu pasatu dira. Orain, Joxanton Artzeren hitzak eta Mikel Laboaren musika entzuten hasi zara zeure buruaren zokoren batetik: maite ditut maite / gure bazterrak lanbroak / izkutatzen dizkitanean… Kantu horren mezua goitik behera ulertzen duzu. Indarberrituta zaude, bakean, bizitzeko gogoz beteta. Poliki-poliki, inguruari erreparatzen diozu berriz: soinuak, usainak…
Bidaia liluragarri horretatik itzulitakoan, lagunek “zergatik begirada lasai hori?” diotsute. Urdinek ere “zergatik dago irribarrez?” pentsatzen dute. Porlanaren arrakalarik txikienean ere, belarra erne eta bizitza sor daitezke. 

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*