Eskuzko linfa drainaketa

Vaso linfático
Linfa hodixan egitturia. Irudixa: Jose Luis Castillo

Ezaguna dugu odol zirkulazioa: denok ebaki baitugu inoiz hatzamarra labainarekin. Osasunari buruzko kuriositate pixka bat duenak, gehiago ere badaki: badirela oxigenodun eta oxigenorik gabeko odola, hodi desberdinetan (arteriak eta zainak). Gutxiago dira, ostera, linfa zirkulazioari buruz ezer dakitenak.

Antzinako anatomistek ezagutzen zuten. Hipokratesek digestio sistemaren inguruko hodi batzuetako «odol zuria» deskribatu zuen. Aristoteles, Herofilos eta Herasistratoren idatzietan, «guruin bezalako batzuetara» isurtzen den «kolorerik gabeko likido» baten gaineko erreferentziak aurki ditzakegu. Gaur egun kilo, linfa eta gongoil linfatiko izenekin ezagutzen ditugu horiek. Modu sinplean esanda, linfa zirkulazioa odol zirkulazioaren pare doazen hodi eta gongoilez osatuta dago. Bere funtzio nagusiak hiru dira: zelulen arteko likido kopuruaren erregulazioa, immunitate funtzioak eta digestiotik datorren koipea garraiatzea. Guk lehenengoa komentatuko dugu gaur, esku drainaketa teknika oso erabilia baita fisioterapian, gorputzeko ehunetan dagoen likidoaren zirkulazioa pizteko.

Antzina, gorputzeko edemak masaje deplektiboz drainatzen ziren. Edemak, gogora dezagun, zirkulazio hodietatik likidoa irtetean sortzen dira, likido hori zelula arteko tartean geratzen delarik. Masaje deplektiboak odol hodietan dagoen likidoa drainatzeko balio du, estutze maniobrekin bihotzerantz eramanda. Hau zenbait kasutan erabilgarria izan badaiteke ere (adibidez, barizeen kasuan), ez du hain emaitza onik ematen edemekin, lehen esandakoarengaitik: pilatutako likidoa ez dago hodietan.

1932. urtean, Vodder senar-emazte daniarrak sistema linfatikoaren funtzioak sakon aztertzen hasi ziren. Linfa hodiak ez baitira odolarenak bezalakoak. Honen aldean, likidoa presio baxuagoan dabil haien barrutik, eta norabide bakarrean, konporta sistema bati esker; gainera, hodi hauen muturreko zelulak teilatu baten antzeko egitura berezian antolatuta daude. Laburbilduz, konturatu ziren masaje deplektiboan erabiltzen diren estutze maniobrek hodi linfatikoak kolapsatzen dituztela, eta honek oraindik gaitzagoa bihurtzen duela edema drainatzea. Voddertarrek maniobra berriak entseatu zituzten eta ikusi zutenez, pazientearen azala ia presiorik egin gabe leun mugituta, edema errazago desagertzen zen.
Haien azalpenen arabera, maniobra hauek linfa hodien muturreko zelula hoiek (teilatu formadunak) elkarrengandik bereizten zituzten. Hala, zelula arteko likidoari ihesbidea ematen zioten eta linfa hodien kolapsoa ekiditen zen. Abiapuntu honetatik, maniobrak gorputzeko ataletara egokitu zituzten, linfa hodien norabidea eta gongoilen kokapena kontuan hartuta (batez ere falta baldin badira, minbizi kasuetan bezala). Horrela garatu zen Eskuzko Linfa Drainaketaren teknika.

Gaur egun, ELD teknika guztiz hedatuta dago. Bere eragin zuzenena edemetan ikus dezakegu, noski (hankak, haurdunak, kirurgia ostekoak, traumatikoak…), baina beste hainbat kasutan ere balia dezakegu drainaketa: azaleko arazo, buruko min, arnasketa arazo, erreuma, menstruazio… kasuetan, hain zuzen. Gainera, erabiltzen diren maniobrek nerbio sisteman eragin sakona dutenez, antsietate, depresio edo estres egoeran ere gomendatzen dira. Estetika arloan ere asko erabiltzen da, azalaren edertasunari laguntzen dion neurrian; nahikoa da linfa aparatuaren egitura ondo ezagutzea. Baina osasun arazoei buruz ari garenean, fisioterapeuta baten eskuetan jartzea ezinbestekoa izango da, noski: gaixotasunaren ezaugarriak ondo menperatzeaz gain, gorputzeko sendatze prozesuak leku egokitik bideratu beharko baitira.

Gaur8, 2010ko Martxoaren 12a

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*