Espezialisten arteko elkarlanaz

Gipuzkoako Haginlarien Elkargoa bultzatzen ari den dibulgazio astea dela eta, egunotan bruxismoa aipatzen zaigu komunikabide askotan; gauez haginak estutzen dituzten pertsonen kasua, alegia. Gai interesgarria da oso, eta ongi etorria bedi pazienteak arazo ezkutu honetaz jabetzeko balio badu. Hala ere, ikusten nabilenez, arazo odontologiko hutsa balitz legez hartzen da, esfera psikikoan eta fisioterapia aldetik egin behar den lana aipatu barik. Horrek “Lehen Munduko” medikuntzaren aje nagusienetako bat aipatzeko aukera emango digu: osasun espezialitateen arteko komunikaziorik eza.


Orokorrean medikuntza ona dugu Europan, ez pentsa kontrakorik. Hil ala biziko kasuak tratatzerako orduan batez ere, gure osasun ereduak ez du parekorik. Hala ere, gurean osasun diziplinak larregi banatzeko joera dugu: digestioa, azalekoa, psikiatria, kardiologia, endokrinologia… Teorikoki osagile guztiok dakigu –karreran irakasten digute– gorputza eta gogoa bat eginda daudela, onerako eta txarrerako; horrek esan gura du gaixotasun batean ere gorputzeko aparatu batek baino gehiagok egin dezakeela porrot, eta, beraz, tratamendua ematerako orduan espezialitate desberdinetako osagileek elkarlanean jardun beharko genukeela pazientea berrorekatzerako orduan. Teorikoki denok dakigu hori, bai.

Praktikan, baina, borondate handia behar izaten da hori gauzatzeko. Nahi baino gehiagotan, espezialisten agendak gainezka egoten dira eta zain dauden pazienteen zerrendak luzeak dira; horrelakoetan denbora galtze bezala ikus daiteke beste espezialista batekin elkarlanean aritzea, eta, ondorioz, larregitan erremedio sintomatiko bat eman eta pazientea etxera bidaltzen da. Baina… askotan, epe motzean denbora aurrezteko egiten den horrek epe ertainera lan kongestioa gehi dezake, batez ere osasun arazo ez hain larri edo kronikoetan. Horren paradigma digestio arazoak, azalekoak eta nerbio sistemakoak izan daitezke (lotura estua duten hiru aparatu aipatzearren), baina goian aipatutako bruxismoa ere ez da adibide txarra.

Guregana etortzen diren pazienteen kexa nagusia ez da izaten barailarena (izan ere, jende gutxik daki hori tratatzen dugunik); gehienetan lepoko edo buruko minek ekartzen dituzte gure artera. Baina esplorazioa egin eta historia klinikoan pixka bat murgilduta, segituan aurkitzen ditugu bruxismoaren zeinuak: esnatzean barailako nekea, ahoa ixten duen muskuluetako mina, estresa… Pazientea lepoko minarengatik etorri denez, hori izaten da gure abiapuntua, baina arazoaren muinari benetan oratu nahi badiogu, horrekin batera maxilar hezurrak orekatu behar dira, baita desorekaren erantzule zuzenak diren aho eta aurpegiko muskuluak ere. Gainera, horien guztien gainean dagoen nerbio sisteman ere sartu beharra dugu gehienetan, hemendik etortzen baitira baraila estutzeko aginduak. Askotan fisioterapiaren eremutik aparteko tratamenduen premia dagoela ikusten dugu; beraz, pazientea odontologia, psikiatria eta psikologia profesionalengana bideratzen dugu. Egia esan, ez dira asko modu honetan lan egiteko ohitura duten osagileak, baina, zorionez, badira batzuk, eta espezialisten arteko elkarlan horretatik arazoari irtenbide osotuagoa emateko aukera dugu.

Jarrera horren azpian pentsaera molde berezi bat dago; umiltasun bat, esan dezakegu. Azken finean, orojakileak ez garela onartzen dugu. Izan ere, norbere ezagupenen eta ahalmenen mugak gainditutakoan, pazientea gehiago dakien beste batengana bideratzen jakin behar dugu osagileok. Hori «bezero bat galtzea» dela? Ez dut uste.

Gehiago esango dut: pazienteak gugan duen konfiantza handitu egin daiteke horrela, bere diruaren atzetik ez gabiltzala ikusten baitu.

Gau8rako, 2012ko Azaroaren 09a

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*