Eta zuei, nork ematen dizue masajea?

Gure eguneroko beharrean, ohikoak izaten dira hainbat galdera: haien artean, ea guri nork ematen digun masajea. Galdera arina da, konbertsazioa emate aldera egiten diren horietakoa, baina hari horretatik tira egingo dut gaur, hortik ere ikasgaitxo bat atera daitekeelakoan. Izan ere, «inork ez» erantzuten dugunean harritu aurpegiarekin begiratzen gaituzte: zer dela eta galtzen dugu gure artean minak kentzeko aukera paregabe hori?

Aukera hori badugu, bai: eta osagile guztiak jarri izan gara inoiz lankide baten eskuetan, guk inori egindakoak gure buruarekin frogatzeko bada ere. Baina astero-astero horren beharra duena zerbait txarto egiten ari da. Fisioterapeuten abantaila nagusia ez baita masajeak dohainik jaso ahal izatea, baizik eta minik ez izateko egin behar duguna jakitea. Lehenengo gure buruarekin probatu behar izaten dugun ezagupena, gero pazienteei gauza bera egiten erakutsi ahal izateko.

Gogoan dut nire ikasle denboretan asko arduratzen ninduela belauneko minak. Ikasketak bai, baina esperientziak eta batez ere nire burua ezagutzeak ekarri zuen horren soluzioa. Askotan jendeak (gehiago esango dut: osasun profesional asko ere bai) diagnostiko zehatz baten atzetik mortalak eta bi egiten ditu, proba guztiek emaitza negatiboak ematen dituztelako desesperatuz. Baina alderantzizko irakurketa ere egin daiteke: emaitzak negatibo izatea ona da, ezer larririk ez dugunaren seinale. Belaunetako arazoetan pazienteak daraman bizimodua (eta batez ere kirol dinamika) orekatzeak nolako garrantzia duen nire buruarekin ikasi nuen, aldaketa oso sinpleekin kasuen %80an emaitza onak lortuz. Ordutik ahaztuta ditut belauneko minak.

Gogoan dut, baita ere, naturazale bihurtu nintzen sasoian, grina handiz jarri nintzela landare medizinalen propietateak ikastera. Ezagutza honek asko lagundu zidan, eta maila polita lortu nuen (ez ziren gutxi nire landare famatu haien bila etortzen zirenak, batez ere arnas arazoekin). Baina nire etxeak botika ematen zuen, hainbeste zaku eta potorekin, eta konturatu nintzen nik ez nuela farmakorik erabili nahi, ez natural ezta artifizialik ere. Orduan gorputzaren autosendatze ahalmena esploratzen hasi nintzen, eta horrela ailegatu naiz gaur egunera, non etxekoen eguneroko arazo gehienak (arnas infekzio txikiak, eta abar) sukar eta urarekin sendatzen ditudan.

Badakizue ikasketa prozesua ez dela sekula eteten (heriotzaren egunera arte ari gara ikasten), eta harantzago joateko aukera ere badela ikasi dut: gaixotzen zarenean sendatzen jakiteaz gain, badelako eguneroko bizitzan gero eta hobeto, gero eta sendoago egoteko aukera. Europa aldean «txinoz berba egitea» den hau Ekialdeko medikuntzetan eguneroko gauza da, eta gorputz eta gogoaren arteko energia bideak jorratuz zure maila fisiko, psikiko eta espirituala modu harrigarrian jaso dezakezu -eta ez naiz erlijioaz ari-. Bide honetan sakontzen duena gero eta urrunago egoten da gaixotasunetatik. Honek garrantzi handia du osagileen kasuan; izan ere, zenbat eta hobea izan terapeuta baten osasuna, orduan eta sendatzeko ahalmen gehiago.

Hasierara bueltatuta, beraz, egia da fisioterapeutok ez garela ibiltzen gure artean masajeak ematen, ez. Baina ez duzue pentsatu behar arduragabekeria dela: premiarik ez izaten ikasi dugulako da. Hori zuei, gure pazienteoi, transmititzea da gure erronka handia: bere burua ondo zaintzen duen pertsonak ez fisioterapeuta, ez beste ezelako osagileren premiarik izaten ez duela uler dezazuen.

Gaur8rako, 2012ko Otsailaren 24a

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*