Fedea aurrerabidearen oztopo denean

Irudixa: Gara

“Beti horrela egin izan da!” argumentua entzuten dudan bakoitzean, eskua pistolara joaten zait (figuratiboki, noski). Osasun mundura ekarrita, gaur Sendoa Ballesteros erizain eta lagunak berriki idatzitako artikulu bat aipatu nahiko nuke (“La distancia entre la evidencia y práctica”), zeinak erakusten digun ohituraren indarra harrigarria dela, zientziak frogatutako aurrerakuntzen hedapena oztopatzeraino. Artikuluan, Ballesterosek eskorbutoaren tratamenduaren historia azaltzen du; eta gaiari buruz oso argigarria da.

Kontua da, XV. gizalditik aurrera, itsas garraioak garapen handia ezagutu zuela; horrekin batera, eskorbutoa (C bitaminaren gabeziak eragiten duen gaixotasuna) marinelen artean triskantzak egiten hasi zen, eta aktibitate ekonomiko honentzat arazo larria izatera ailegatu zen. Vasco da Gama portugesak erreparatu zion lehenik: laranjak jaten zituzten tripulazioetan gaixotasuna urriagoa zen. Halere, marinel zailduaren obserbazioek ez zuten osagileen kolektiboan eraginik izan. 1601. urtean, berriz, James Lancaster ingelesak aproba bat egin zuen: merkataritza espedizio bat prestatu zuen Indiara, lau ontzirekin. Horietako bateko eskifaia limoi-urez hornitu zuen, eta beste hiru ontzietakoa ez. Bidaian zehar, hiru ontzi horietako eskifaiaren heren bat eskorbutoz gaixotu zen; aldiz, limoi-ura zeramaten ontziko marinelen artean, bakarra ere ez. Esperientzia horrek sona handiagoa lortu zuen: horren eraginez, ontziratutako elikagaien artean zitrikoek lekua hartu zuten, eskorbutoaren kontrako neurri bezala. Halere, ez zen neurri bakarra; horren erakusle, marinelen artean, ozpinarekin edo azido sulfuriko diluituarekin eginiko gargarek onarpen handiagoa zuten.

Zitrikoen berrespena, lehenetsi beharreko terapia gisa, 1747an etorri zen James Lind mediku eskoziarraren eskutik. Historian dokumentatuta dagoen lehen entsegu klinikoan, Lindek eskorbutoak jotako hamabi marinel hartu zituen. Binaka hartuta, sei tratamendu desberdin ezarri zizkien: sagardoa, azido sulfurikoa, ozpina, itsasoko ura, intxaur muskatua eta zitrikoak. Gainontzean, denek dieta bera jarraitu zuten. Emaitzak argigarriak izan ziren: gaixo guztiak txartu ziren, sagardoa eta zitrikoak hartu zituztenak salbu. Lehenengoak pixka bat hobetu ziren; eta bigarrenak, ostera, guztiz sendatu ziren. Pentsatuko duzue, “a, orduan nabigazioaren munduan zitrikoak bat-batean eta orokorki erabiltzen hasiko ziren”. Bada, ez, lagunok: beste berrogei urte luze pasatu behar izan ziren britainiar agintariek lehen neurriak hartzeko, eskifaiaren elikagaien artean zitrikoak inposatuz. Eta oraindik beste berrogeita hamar urte neurriok munduan zehar hedatzeko, eta eskorbutoa eskifaietatik desagerrarazteko.

Ulertezina ematen du, ezta? Hain gauza argi eta onuragarriak badira, zergatik hartzen du horrenbeste denbora haien hedapen orokorrak? Bada, fedearen indarrak askotan arrazoiekiko entzungor izatea ekartzen duelako (“I want to believe”); tamalez askotan gertatzen den kasua, osasun arloan ere bai. Horren adibide da duela gutxi hementxe bertan aipatu genuen haurren halterofiliaren kasua; 1988tik dakigu mesedegarria dela umeek indar-ariketak egitea, baina oraindik gizartean kontrako iritzia da nagusi. Reikiaren kasua ere aipa daiteke: Emily Rosa gazteak duela hogei urte eginiko ikerlan apurtzaileak eskuen pausatze teknika hori osasun publikotik ateratzea ekarri zuen, baina, gaur egunean ere, “terapia” hori osasun etxe pribatu askotan eskaintzen da. Orain bolo-bolo dabilen homeopatiaren kasua ere bide horretatik joango dela dirudi, baina esango nuke oraindik urtetxo batzuetan jende askok azukre pilulak hartzen jarraituko duela, “niri mesede egiten dit!” esanez. Ez daitezela 250 urte izan, eskorbutoarekin gertatu bezala!

******
Gaur8rako, 2018ko gabonillan 15a.

4 Trackbacks & Pingbacks

  1. Sineskerak hausten: bizkarraren postura pisuak jasotzerakoan (Caneiro et al, 2018) | Fisteus
  2. Sineskerak hausten: bizkarraren postura pisuak jasotzerakoan (Caneiro et al, 2018) | Aixebe & Abante Fisioterapia
  3. GIFFORD (ed). 1998. Topical issues in pain 1. | Fisteus
  4. GIFFORD, Louis (editorea). 1998. Topical issues in pain 1. | Aixebe & Abante Fisioterapia

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*