Fibromialgia, ekonomiari komeni zaion gaixotasuna

Gaur8rako idatzittako artikulua; beste honen bertsiño laburra.
Inork ez daki zerk sortzen duen, ezta nola osatzen den. Normala: ez baita existitzen. “Gaixotasun” honen azpian egon daitezken arrazoiak azaltzen saiatuko naiz gaur. Gaurko artikulua ez zaie batere gustatuko fibromialgiaz diagnostikatutakoei noski; baina paradoxikoki, hemen esandakoa berebizikoa izango da benetan osatu nahi badute.Gero eta paziente gehiago daude gorputzeko min orokor, neke, bizitzeko gogo faltaz kexu direnak. Paziente horiek medikuz mediku pasatzen dira “ez daukazu ezer”, “zurea nerbioak dira” eta halakoak entzuten. Medikuek ere ez dakite zer egin beraiekin; erremedio guztiak frogatu dituzten arren, txitean-pitean dituzte kontsultako itxarongelan. Halako batean, diagnostiko miragarria heltzen da: “Fibromialgia duzu eta sendaezina da”. Hura lasaitasuna pazientearena (azkenean aurkitu diote zer duen) eta medikuarena (pazientea ez da hainbeste etorriko, sendaezina baita). 
Osasunerako Mundu Erakundearen definizioan, fibromialgiak sintoma anitz eta aldakorrak ditu: gorputzean sakabanatutako edo leku konkretu bateko mina; bizi-gogo falta; lanera joateko gogorik eza; nekea; lo egin ezina; heste arazoak; hileroko mingarria; bihotz aldeko estuasun sentsazioa; puxika arazoak; zorabioak; begi-aho lehortasuna; bista graduazio aldaketak… AEBetako Reumatologia Elkargo Ofizialak (REO) irizpide batzuk ezarrita ditu fibromialgia diagnostikorako: batetik, pazienteak min orokor eta kronikoa izan behar du 3 hilabete baino gehiagotan; eta bestetik, gorputzeko 18 erreferentzia puntu jakinetatik 11tan presio egitean min hartu behar du. Gaitzaren jatorria ezezaguntzat jotzen da. Ikertzen ari diren teoriek nerbio eta inmunitate sistemarekin zerikusia dute, baita sistema endokrino eta infekzioekin ere. Tratamendua egiteko orduan, botikak erabiltzen dira (loa eragitekoak, minarentzat) edo terapia fisikoak (ariketak, termoterapia, masajea…).
Ez da aintzat hartzen bizimoduaren eragina: ez gaitzaren jatorria aztertzerakoan, ezta tratatzerako orduan ere. Eta kontuan hartzen badugu estres egoeran dagoen edozein pertsonak betetzen dituela REOren irizpide biak; eta bizimodu primermundistak gorago aipatutako sintoma gehienak sor ditzakeela… konturatuko gara kontsultaz kontsulta erromes dabiltzan paziente horien benetako gaixotasuna ez dela fibromialgia misteriotsu hori, baizik eta beraien bizimodu patologikoa. 
XX. gizaldi hasieran, Polinesiako biztanle batek New York-en denboraldi bat egin eta gero, gizon zuriari buruzko berriak eman zizkien herrikideei: «Gizon zuriak guk ulertu ezin dugun gauza bat maite dute gartsuki: denbora. Oso gauza serioa da haientzat, eta egunsentitik ilunabarrera dagoen denbora ez zaie nahikoa. Jangoikoari errespeto gutxiz, egun bakoitza zatitan ebakitzen dute, guk fruta matxeteaz ebakitzen dugun legez. Hau izugarri konplikatua da, eta neuk ere ez dut oraindik guztiz ulertu; ez baitut nahi denbora galdu halako txorakerietan. Baina gizon zuriarentzat garrantzi itzela du. Gizon, andre eta umeek traste txiki bat daramate taparroietan, metalezko kate baten puntan, zamatik zintzilik edo eskumuturrean. Traste horrek ordua esaten die une oro. (…) Gizon zuriari zerbait egiteko gogoa etortzen zaionean (eguzkipean ibili, txalupan ibaitik, emaztearekin gozatu…) ez du egiten denborarik ez duelako. Eta denbora duenean, ez daki zer egin edo nekatuegi dago. Beti ibiltzen da gauzak biharko lagatzen, gaur denborarik ez duelako” (Papalagitarrak liburutik). Fibromialgia, neke muskular kronikoa, colitis ultzeraduna, esklerosi anizkoitza, artritis reumatoide, depresioa, psoriasis, sabeleko ultzerak, minbizia… lehenengo munduan askoz ere ugariagoak dira, herrialde atzeratuetan ia ez daude. Zer gertatzen da?
Munduaren alde aberats hau gero eta gorago, arinago, urrunago doa. Baina Abiadura Handiko Lokomotora honen higadura handia da eta pieza ahulenak hausten zaizkio: gizakiak. Beti egongo dira pieza berriak lokomotorak aurrera jarraitu dezan (euskaldunak ez badira, errumaniarrak). Hondatutako gizakiak bazterrean geratuko dira. Pertsona batek egunean 10 ordu lan egiten baditu, eta hortaz gain seme-alabak, kotxe handia, hipoteka eta “Republican” oporrak ordaindu behar baditu… nola ez da gaixotuko? “Aupa Etxebeste” tipoko mundu honetan batzuek nahiago izango dute osasuna galdu aberats itxura mantentzearren. Halako pertsona batentzat gogorregia izan daiteke bere bizitza kalitate maila jaitsi beharra. Gainera, zer gertatuko litzateke Europan, beharginak gutxiago kontsumituz gero? Eta beraz, diru gutxiago behar izanez gero? Eta beraz, lanean ordu gutxiago sartuz gero? Hondamendia, noski. Baina norena? Beharginena ez: lasaiago bizi, gozatu eta bere burua zaintzeko denbora hartuko lukete. Hondamendi bakarra, enpresa handiena izango litzateke: ez lukete izango haien alde sakrifikatzeko prest dagoen gizaki freskorik, eta bere salmentak jaitsiko lirateke. Baina atal honetan ez gaude enpresa handien osasuna jagoteko, norbanakoena baino, ezta? Ulertu nahi duenak, uler dezala.

1 Comentario en Fibromialgia, ekonomiari komeni zaion gaixotasuna

  1. Oso ona… eta ausarta. Holakoak idaztearren ez dira faltako zu larrutuko zintuenak.

    Artikulu hau gazteleraz eta «The Daily Basque»n edota «The Spanish Post»en argitaratuz gero, behintzat, arrakasta ziurtatua!

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*