Fisioak surtan

Eta bai: gauzak ondo doazen artean denok gara lagunak, iji eta aja. Gauzak okertzean bereizten dira hobeto lagunak nolakoak diren. Gehiago zehaztuz: norbaitekin haserretzea (interes gatazkarengatik adibidez) izaten da pertsona bat ezagutzeko modurik onena. Erdi brometan erdi benetan, esan daiteke lagun batekin haserretzea beti positiboa izaten dela: arazoa konpontzeko gai bazarete, adiskidetasuna indartuta aterako da; konpontzerik ez badago, ostera, agian onena lagun hori galtzea izango da.

Gauza horiek darabiltzat buruan zorioneko COVID-19ak ekarri digun krisi honen barruan. Fisioterapeuta modura lanean daramatzadan 27 urteetan (joder! nola pasatzen den denbora) ez dut horrelako krisi gogorrik gogoratzen Euskal Autonomi Erkidegoan ezagutu ditudan fisioterapia elkarte profesionaletan.

Babes Zibilean dudan esperientzia apurrarengatik (espeleolaguntza arloan), badakit horrelako egoeretan hierarkiak hobeto funtzionatzen duela, asanbladek baino. Beraz, nahiz eta nire bizitza pertsonalean bigarrenaren zaleagoa izan, larrialdi egoera batean egitura militar klasikoaren aldekoa izaten naiz. Horregatik, pandemiari aurre egiteko lehen neurriak hartzen hasi behar izan ginenetik, kasu honetan ere nire gaineko agintearen esanetara jarri naiz; EFEO-ren aginduetara, alegia.

Gogoratzen baduzue, martxoaren hasieran, egoera larritzen joan ahala babes neurriak zorrozten joan ziren. EFEO-tik ere, komunikazio-lan intentsu bat abiatu zuten, krisiaren alde guztiei buruzko informazioa eta instrukzioak emanez (kontsultan jarraitu beharreko prozedurak, gure egoera legala, galeren aurreko laguntzak…). Horrek segurtasun handia eman zidan, eta ikusi nuen gure Elkargoa fidatzekoa zela. Horregatik, komunikabideek eta sare sozialek hedatutako izua kaleko jendeari zabaltzen hasi zenean, nire erabaki pertsonala kanal horiek ixilaraztea izan zen; aurrerantzean, EFEO-tik etorritako aginduak izan ziren nire iparorratz bakarra.

Bistan denez, hau ez da lankide guztiek jarraitu duten bidea. Martxoaren erdi aldean (kontsultak ixteko aginduarekin batera) mezularitza instantaneoko Telegram zerbitzuan sortutako talde batean sartu nintzen, lagun batek gomendatuta. Ikusi nuenarengatik, itxialdiak eragindako fisioterapia zentru pribatuetako jendeak egindako taldea zen, 300tik gora lagun, eta mezu-jario itzelarekin. Lehenengo pentsatu nuena zera izan zen: non egoten da jende guzti hau Elkargoak egiten duen deialdietan? 2000tik gora elkargokide izanik, asanbladetan 15-20 lagunetik gora ez dut sekula ikusi… baina ulergarria da: jendeari poltsikoa ukitzea izan ohi da mobilizaziorako deirik onena. Behin talde barruko dinamika ikusita, kezkaturik ikusi nuen izua nire lankide asko ere hartzen hasia zela.

Diskrezioarengatik ez naiz detailerik ematen hasiko, nahiz eta egoerak azterketa sozio-laboral interesgarri baterako ematen duen; esan dezadan, bakarrik, azken egunetan gatazka bat sortu dela Elkargoarekin, kezkatutako jende multzo honek abiatutako antolakuntza-ekimen baten kontura (babes indibidualeko ekipoen eskarien harira). Gaizkiulertuak, azken finean komunikazio faltarengatik: Elkargoak markatutako erritmoa, nonbait, lankide hauendako geldoegia suertatu da, eta hortik talka.

Baina, hasierara bueltatuz, muturreko egoeretan gatazkak sortzea normalena da. Gakoa da, gatazka hauek nola konpondu; zubiak eraikiz, ala lehertuz? Oraintxe dugu gure kolektiboaren kohesioa nolakoa den frogatzeko aukera. Bertso zaharrek dioten bezala: «surtan jartzean probatutzen da nolakoa den eltzea…«.

*****

Pandemiaren arragoak EAE-ko fisioak sutan jarri gaittu. Kiskaliko ete gara? Aleazio barri bat sortuko da? Horri buruz idatzi dot, EFEOren aldizkarixan.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*