Gaixotasunaren amaraunean trabatuta

Argazkixa: Juan San Martin

Gauza guztietan legez, osasun arloan ere sinpleak izan beharko liratekeen gauzak korapilatzeko joera dugu gizakiok. Gaixorik dagoenak sendatu nahi du; hala beharko luke, ezta? Bada, ez beti. Osagile baten ibilbide profesionalean zehar gauza harrigarri asko ikusten dira, eta gaurkoan halako kasu batzuk ezagutarazi nahiko nizkizueke; noski, benetako protagonisten izenak aldatuta.

Andoni kooperatiba handi bateko behargina da. Guk gorputzeko ia artikulazio guztietako minengatik tratatu dugu joan den hamar urteotan, eta denbora horretan bere egoera fisiko eta psikikoaren kaskartzearen lekukoak izan gara. Itxura guztien arabera bere lana ez du gustuko, baina enpresako partaide den heinean ezin ei du laga; halako egoerek higadura handia dute osasunean, noski. Momentu honetan, Andoniren bizitzaren iparrorratza elbarritasun pentsio bat lortzera zuzenduta dago, eta bere «drama» sekulakoa da: ez du hori justifikatzen duen inolako lesio larririk. Hartara, guregana printzipioz bere gorputzeko minak kentzera datorren arren, gure tratamenduekin pixka bat hobera egiten duenean beldurrez hasten da. «Sendatzen banaiz ez dut pentsioa lortzerik!» pentsatzen du, eta, jakina, txarrera egiten du. Espiral triste horretan harrapatuta dago Andoni, eta, iparrorratza aldatzen ez badu, guztiz izorratuta amaituko du. Segur aski, gainera, pentsiorik gabe.

Hurrengo kasua militantzia kide batena da. Beñat bizkarreko eta hankako minez bajan zegoen, eta, egia esan, sintomak eta bere egoera aztertuta, nahiko argi ikusten zen plexu lunbarreko sustraien hantura zuela, segur aski gerriko ornoetako diskoen patologia baten ondorioz. Aurreko batean aholku eske etorri zitzaidan. Bere kezka medikuak alta eman nahi ziola zen; lanerako moduan zegoela zioen, baina berak oraindik min zuela eta egungo lanak kalte egiten ziola zioen eta ea zer egin zezakeen jakin nahi zuen. «Tira», esan nion, «horretarako zure helburua zein den jakin beharko nuke: bajan mugagabe segitzea, pentsioa lortzea… ala osatzea?». Berak ere ez zekien. Izan ere, halako osasun arazoek ez dute nahitaez baja eskatzen, eta nik badakit medikuak lanerako moduan zegoela esan bazion lana eta tratamendua bateragarriak izango zirela. Beñaten kasua ez da Andonirena bezain larria, baina bai askoz ere ohikoagoa. Artikulu honen hasieran esan dudanaren harira, gaixorik gaudenean gure lehentasuna sendatzea dela dio zentzuak, baina bizitzak korapilo asko ditu…

Pentsa dezagun larriki gaixorik dagoen preso baten kasuan. Protesta eta elkartasun ekimen luzeen ostean, asko kostata, Espetxe Zuzendaritzak baimena eman dio geratzen zaion kondena etxean bete dezan. Izan ere, kartzela erregimen gogorrean nekez zain daiteke gaixotasun bat behar den moduan. Presoaren osasunerako oso neurri mesedegarria izan da zalantzarik gabe, baina, behin etxean, hurrengo dilema sortu zaio gaixoari: noraino senda naiteke etxean -gaixotasun larrienek ere, tratamendu egokiarekin, hobera egiten dute- baldin badakit hobetzen naizen momentuan espetxera bueltatu beharko dudala? Pertsona bakoitza mundu bat da eta halakoak izango dira erantzunak ere, baina horra hor gaixotasunaren amaraunean ez aurrera ez atzera harrapatuta geratzeko beste aukera bat.

Irakurritakoak irakurrita, zuetako askori etorriko zaio gogora fibromialgia diagnostikatu dioten pertsonaren baten kasua. Eta bai: etiketa zalantzagarri horren azpian goiko hiru lagunen ezaugarriak dituen jende asko aurkitzen dugu sarri. Bere lana edo bizimodua gustuko ez duen jendea, hondatze psikologikoa eta fisikoa elkarlotuta bizi dituena, dirusariren bat nola edo hala lortu nahia duena… Hau da, azken finean, arrazoi bat edo beste sendatzeko interesik ez duen jendea. Gehienek ez dute konponbidea aurkitzeko modurik izango, baina, behintzat, horrelako egoerak daudela ezagutzea baliogarria suertatuko zaigu inoiz halako egoera latz baten aurrean aurkitzen bagara zer egin hobeto asmatzeko.

Gaur8rako, 2011ko Abenduaren 02a.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*