“Gaur deitzen baduzu, gaurko edo biharko txanda lor dezakezu”

Udan lanez gainezka ibili eta gero, lasaiago dabil Oier Gorosabel fisioterapeuta. Hori aprobetxatuz, bere lanari buruzko zenbait argibide eskatu dizkiogu.

Galdera: Zer gertatzen da udan, paziente guztiak batera etortzeko?

Erantzuna: Jakingo bagenu! Misterio hutsa da, eta hemen lanean nagoen urte guztietan ez dut erantzun argirik aurkitu. Nire ustez lan-kargarekin eta oporren zikloekin zerikusia izan dezake. Udazkenetik udaberrira lan gutxiago izaten dut, bai, baina halere ez dut denbora alferrik galtzen: ikasteko aprobetxatu behar da (udan ez da-eta horretarako ez astirik, ez gogorik izaten), baita kirola egiteko ere. Ezin baita inor sendatu, norbere osasuna zaindu ezean!

G: Neguan txanda hartzea errazagoa da, orduan?

E: Jakina. Gurean bestela ere ez da asko itxaron behar izaten (lan gehien dagoen sasoian, asko jota bizpahiru egunen barruan ematen ditugu txandak); baina neguko erritmoa lasaiagoa denez, normalean, gaur deitzen baduzu gaurko edo biharko txanda lor dezakezu. Jendeak asko estimatzen du hori.

G: Neguan zaindu, udaberrira begira.

E: Hain zuzen ere! Lehen esan dizudan bezala, udaberriko paziente uholdeak horrekin zerikusia duela uste dut. Alegia: neguan zaintzen ez den jendea dela udaberrian gaixotzen dena. Eta noski, orduan berandu da, eta pazienteek denbora eta diru gehiago gastatu behar izaten dituzte bere onera etortzeko.

Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzarako, 2018ko zemendixan 6xa.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*