Gehiegizko entrenamenduaren kalteak

Gehiegizko entrenamenduaren kalteak 1

Ezagutzen nauenak badaki kirolarien laguna naizela, baina ez hainbeste manager, enpresari eta, orokorrean, haien gibeletik etekina ateratzen duten bizkarroiena. Beti kirolzalearen osasuna gogoan, gaur norbere ahalmena ezagutzearen garrantzia azpimarratu nahiko nuke. Zehatzago esanda, ahalmen horren gainetik entrenatzean datorren gainbehera azaldu nahiko nizueke, hura ekiditeko zenbait gako ematearekin batera.

Bizkarroiei buruz hitz egin dudanean, nahita utzi ditut kanpoan entrenatzaileak. Izan ere, jakin badakit prestatzaile fisiko gehienek beren ardurapeko kirolarien osasunarengatik erakusten duten kezka zintzoa dela. Hain zuzen ere, gaur aipagai dugun arazoari aurre egin ahal izateko, entrenatzaileek berebiziko papera jokatuko dute: itxuraz egokia den entrenamenduan zehar emaitzak kaskartzen direnean, prestatzaileak bere neska-mutilekin komunikazio ona izan beharko du. Horretara, gehiegizko entrenamenduaren zeinu goiztiarrak sumatzen dituenean, bere aholkuekin arazoa larri bihurtu aurretik bideratu ahal izango du.

Komunikazio ona izan behar du, bai: zentzu horretan, mesedegarriagoa izango da bere kirolarien laguna den pertsona esperientziaduna, soldaduak prestatzera eginda dagoen diktadore tipoko entrenatzailea baino. Izan ere, detektibe lana egin beharko du faktore fisikoetatik hasita: elikadura nolakoa den, osasun arazorik ote dagoen, hormona kontuak nola dabiltzan, lo ohiturak zelakoak diren… Horixe izango da lehen pausoa, eta, hortik aurrera, kirolariaren buruan zer dagoen pixka bat ezagutu beharko du: izaera, motibazioa… azterketa garaia den, adibidez, garrantzitsua izan daiteke; edo entrenatzaile edo lagunekin duen konfiantza. Ez baitugu ahaztu behar presio soziala: lagunek, familiak, komunikabideek edo entrenatzaileak berak kirolariari sentimen itogarriak eragin diezaiekete, kirol jardunaren kalterako. Faktore horiek guztiek (banaka, edo denek batera) eragin dezakete ustez modu egokian entrenatzen ari den kirolari horrek gero eta emaitza kaskarragoak izatea, gero eta nekatuagoa sentitzea.

Entrenatzaileak begi ona badu, segur aski kirolaria bera baino lehenago konturatuko da egoeraz, batez ere neska-mutil gazteen kasuan. Puntu horretan, egoerari aurre egitea ez da zaila izango: nahikoa izango da entrenamendu kargak eta denborak egokitzea, kirolari horren kontrola areagotzea, ariketa anitzekin saiatzea, taldeko giroa zaintzea… Eta, esan gabe doa, kirolariak berak ere zeregin garrantzitsua izango du egoerari buelta ematerakoan: hasteko, bere ahalmenaren gainetik dabilela ulertzea; ariketa saio bakoitzak atzetik behar duen errekuperazio denbora errespetatzea, behar den ordu kopurua lo egitea, modu orekatuan elikatzea… Gorputzak “esaten” duenari ere erreparatzen ikasi beharko du: infekzioren bat badago, adibidez, gorputzak energia asko bideratuko du arazo hori konpontzera, eta errorea litzateke betiko modura entrenatzen jarraitzea; horrela gaixoaldia luzatzea baino ez da lortzen-eta. Autoezagutza prozesu horretan norbere egoera psikologikoari erreparatzen ikastea ere komeni da…

Konturatzen bazarete, aipatzen ari garen gaitasun guztiak esperientziarekin hartzen dira. Ez da alferrik esaten, salbuespen gutxi batzuekin, kirol gehienetan bakoitzaren onena 30 urte ingurutik aurrera ematen dela: akatsak behin eta berriro eginaz, lesio asko sufrituz, kolpez kolpe… ikasten da. Norbere gorputzaren “erabilpen eskuliburua” ulertzean dago kirolaz gozatzeko eta etekinak lortzeko gakoa.

Gaur8rako, 2016ko ilbeltzaren 23a.

Yann le Meur fisiologo eta dibulgatzaile bikainaren infografia hauen gainean idatzitako artikulua. Bide batez esanda, hark “Recovery for Performance in Sport” liburuko informazioarekin prestatu ditu (Iñigo Mujika & Christophe Hausswirth).

Gehiegizko entrenamenduaren kalteak 2

Gehiegizko entrenamenduaren kalteak 2

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*