Haize korrontearen eta izerdiaren sineskera

Herri jakituriak baleko gauza asko ematen dizkigu, noski, eta altxor modura gorde behar dira; baina desterratu beharreko sineskerak ere baditu. Haize korrontea, esate baterako, ez da txarra osasunerako, ezta izerdi flotean gaudenean ere.


Inoiz aipatu dugun legez, gizakiaren gorputza 37 gradu zentigradura mantendu behar da ondo funtzionatzeko. Izerdia, eskuarki, tenperatura jaisteko premia dagoenean agertzen da, eta oso eraginkorra da, gorputzaren tenperatura bizkor jaisten duelako. Hain bizkor ezen doministikuren bat edo beste ere ager daitekeen erantzun erreflexu moduan. Baina doministiku horrek ez du esan gura nahi eta nahi ez gaixotuko garenik: ez, behintzat, sistema immunologikoa ondo baldin badugu.

Izan ere, gaixotzen den pertsona ez da haize korronteagatik gaixotzen, baizik eta leku guztietan presente dauden bakterioengatik. Hau da, sistema immunologiko ahula duen pertsona edonon eta edonola gaixotuko da: auzokidearekin berbetan, eskolan, leiho guztiak itxita nahiz, noski, haize korrontepean.

Izerdira itzulita, gehiago esango dut. Gorputza bero-bero eta izerditan dugula, haize korronte hotzak ez digu kalterik egingo, baizik eta mesede: tenperatura bizkorrago jaisten lagunduko digu. Mendizaleek ondo dakite: tontorrera bero-bero eta izerditan ailegatzen denari arropa guztia erantsita ez zaio ezer gertatzen, nahiz eta haize korronte gogorra egon. Kontrara: gustura hartzen duen hotzaldia da. Hala ere, Erdi Aroko sineskera honen biktima asko ikus ditzakegu oraindik: mendi puntara izerdi flotean heldu bezain laster, asko dira senak agindutakoaren kontra berokia lehenbailehen janzten dutenak, «izerditan haize korrontea hartzea oso txarra» omen delako.

Beste kasu batzuetan ez bezala, sineskeri honen jatorria ezaguna da: 1348. urtera egin behar dugu atzera, izurri bubonikoak Europako biztanleriaren %40 hil zuen urtera hain zuzen ere. Ordura arte nagusi ziren medikuntza teoria hipokratiko-galenikoek ezin zuten ezer egin izurri beltzaren kontra, Erdi Aroko medikuek ez baitzekiten Yersinia pestis baziloa arkakusoek transmititzen dutela. Nora ezean, teoria miasmatikoa garatu zen, zeinaren arabera gaixotasunen jatorria lurreko partikula usteletan zegoen (miasmak). Miasmek airea pozoitzen omen zuten, pertsona eta animaliak kutsatuta (ordukoa da «malaria» izena = «aire txarra»). Izurri bubonikoak jotako gaixoak bakartu egiten zituzten beste inor ez kutsatzeko, baina, intsektuak eta arratoiak libre zebiltzanez, Herio Beltza ez zen gelditzen…

Gure arbasoek 500 urte pasatu zituzten izurriei aurre egiteko superstizioak eta sineskera xelebreak baino ez zituztela (haize korrontearena kasu), harik eta XIX. gizaldian Louis Pasteur jaunak teoria miasmatikoa ukatu eta izurria bakterioei egotzi zien arte, sendabideari ateak zabalduaz. Ordutik aurrera izurri beltzak atzerakada itzela izan badu ere, gizakioi izua eta beldurra muinean geratu zaigu belaunaldiz belaunaldi. Bistan da, oinarri zientifikorik gabeko ipuin zahar honek gaur arte dirauenean.

Gaur8rako, 2013ko Urtarrilaren 04a.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*