Hauts zuria (eguneroko dosia)


Argazkiak.org | Gramillos © cc-by-sa: txikillana

Lehen azukre beltza erosten saiatzen nintzen, osasunarendako hobea zelakoan. Halako batean, horri buruzko informazioa bilatzeko gogoa etorri zitzaidan. Ez nuen asko saiatu behar izan urteetan inozoarena egiten egon naizela ikusteko. Elikadura osasuntsuago baten alde azukre beltza kontsumitzen ari diren guztiak bezalaxe.

Nahiz eta bere jatorria naturan izan (kanabera edo erremolatxan), ezin dugu esan azukrea produktu naturala denik. Jatorrizko landareak prozesu industrial gogorra jasan behar izaten du berez duen sakarosa isolatzeko helburuarekin. Hortik irteten den produktuak drogaren ezaugarri gehiago ditu elikagai batenak baino: dietetikoki ez du inolako balorerik, azukreak ez digu ezelako onurarik ekartzen (eragin psikotropiko edo euforizantea ezin dugu efektu ontzat hartu) eta ondorio kaltegarriak asko dira (izugarri loditzen du, diabetearen eragile nagusia da, dependentzia, desoreka emozionalak eta haginetako arazoak sortzen ditu…). Horri buruz ez naiz gehiago luzatuko, informazioa nonahi aurki baitaiteke gaur egun. Horren ordez, azukre beltzaren auzia aipatu nahi dut, xelebrea baita benetan.

Lehen esan dudan ekoizpen industrialean zehar, jatorrizko landarearen patsak prozesu luzea igarotzen du, besteak beste hezur ikatza, sufrea, zuritzaile kimikoak eta karbono dioxidoa erabilita. Zukua behin eta berriro egosten dute, ura galdu eta sakarosa kontzentratzeko helburuarekin. Pausorik pauso, hasieran azukre puruena aterako da (zuria, %99 sakarosa); ondoren zukua atzera prozesatu eta hondakinek koloreztatutako azukre pobreagoa lortzen dute (%97 sakarosa). Prozesua errepikatu ahala, azukre gero eta beltzagoa irteten da, gutxi gorabehera %94ko sakarosa mailara heldu arte. Geratzen den zukuari melaza esaten zaio, eta ezin izaten zaio sakarosa gehiagorik atera.

Ulertuko duzuen modura, azukre beltzak ez du oraintsu arte estimazio handirik izan: sakarosa puruena erosterik ez zutenei zuzendutako hondakina baino ez zen. Eta melaza, esate baterako, erregaiak egiteko edo ganadua loditzeko erabili izan da. Azken urteetan, berriz, modu harrigarrian agertu zaizkigu bai bata bai bestea, non eta… produktu natural eta ekologikoen dendetan! Eta ez merke, horregatik!

Gaitza egiten zait azaldutakoa zergatik gertatu den ulertzea, eta esango nuke txarto-ulertu baten ondorioa dela. Beharbada, arroz osoa, ogi integrala eta paper birziklatua ilunagoak direla ikusirik, jendeak paralelismoa egin eta azukre beltzak ere hobea izan behar duela ondorioztatu duelako? Igual bai. Arrazoia edozein dela ere, honakoa garbi dago: azukre ekoizleak pozarren daude eta ez dute zirkinik egingo gure nahaste-borrastea argitzeko!

Behin orain artekoak esanda, zein jarraibide hartu? Kontuan har dezagun azukrea gure eguneroko bizitzan erabat sartuta dagoela aspaldi, eta ez gozokietan bakarrik: kontserbetan, ogian, prestatuta erosten den jatekoan, edarietan… Droga indartsu hau erabiltzea guztiz ohikoa da produktuak erakargarriago bihurtzeko. Lehenengo pausoa, horretara, erosten ditugun produktuen etiketak irakurtzea izango da, azukrea dutenak baztertzeko. Etxean jatekoa prestatzerakoan ere, ez dago azukrearen beharrik: eztia erabil dezakegu (tomate frijituan, gozokietan, edarietan…), baita fruta pasak edo egosiak ere (armozuan, postreetan…). Eta horiekin nahikoa ez duenak, ordezko gozagarri sorta zabala du merkatuan, azukrea bera baino indartsuagoak eta haren eragin kaltegarririk bakoak.

Hala ere, ez obsesionatu, oso gaitza da-eta azukrearen erabilpena zerora jaistea. Baina egunero 40 gramo hartzetik 20 gramora jaitsita ere, alde handia igarriko diozue. Zorte on desengantxatze prozesuan!

Gaur8rako, 2011ko Apirilaren 15a

Azukriari buruz informaziño gehixago, hamen.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*