Hegoaldeko fisioterapiaren paradoxak

Ez naiz oso korporatiboa. Are: nire kideen desesperaziorako, asko gustatzen zait talde barruko trapu zikinak ateratzea. Ariketa osasungarria begitantzen zait. Eskolan, talde iraultzaileetan, zientzian… baita lanean ere.

Ogibidez, ni kiné edo fisio terapeuta naiz. 23 urte dira unibertsitateko ikasketak amaitu nituela. Hasi nintzenean, jendeak masajista edo petrikiloekin nahasten gintuen (“masseur” hitzak esanahi zeharo desberdina baitu Hegoaldean eta Iparraldean), baina orain gure izenez galdetuta bilatzen gaitu, gero eta gehiago. Oraindik, halere, oso gutxi gara mediku edo erizainen aldean; gutxiegi, gure zerbitzuen eskariari erantzuteko… eta gurekiko errespetua eskatzeko.

Fisioterapeutak paradoxaz betetako lan esparruan bizi gara. Hegoaldean behintzat, gure lanbideak inoiz izan duen eskaririk handiena du gizartearen aldetik; baina Osasun Sistemak luxuzko produktua bihurtu gaitu. Osasun publikoan, esate baterako, errehabilitazioa guztiz bazterrekoa da; oso fisioterapeuta gutxi daude, eta ia ezinezkoa da haien eskuetara ailegatzea. Hasteko, lesio larri-larria izan behar duzu; ez bizkarreko min sinplea behintzat. Gero, familia medikuak espezialistarenera bidali behar zaitu; honek, komenigarria ikusten badu, mediku errehabilitadorearengana… prozesu honetan hilabeteak joan daitezke. Iparraldean zorionez arlo honetan oztopo gutxiago daude: tramiteak askoz ere gutxiago dira, eta pazienteek zuzenean kiné pribatu batengana jotzeko aukera dute, Estatuak tratamenduaren zati bat ordainduta.

Orain arte esandakoak erabiltzaileen ikuspuntutik dira: baina Hegoaldeko fisioak gure lan eremua jan nahi digutenekin liskar betean bizi gara.

Horretarako, Iker Villanueva lankideak berriki ipinitako adibide bikainari helduko diot, gure lanbidea autobide batekin parekatuz. Bertatik etorkizunerako abiada bizian goaz, hori ezin da ukatu –hasieran esan bezala, geroago eta hobeto goaz-. Baina gizarteak gero eta fisioterapia gehiago eskatzen duela gogoratu behar dugu; eta gure kolektiboak –berdin dio noren erruz- ez duela eskari hori asetzen. Horretara, autobidearen ezkerreko errailetik osteopatak, masajistak eta bestelako intrusoak aurreratu nahian dauzkagu, terapia fisikoen gose diren pazienteak fantasien eta plazeboaren bidez bereganatu nahian, eta fisioterapeutak bete behar izaten dugun legedi zorrotzetik libre (kalitate, segurtasun eta osasun arauak, zergak…). Intrusoak beltzean ibili ohi baitira.

Gu, beraz, ezkerreko errailera begira goaz beti, aurrera pasatu ez daitezen. Baina, ispiluari adi-adi, ia ez dugu ikusi, nondik eta, eskuineko errailetik! isi-isilean aurreratu nahian hasi den beste pirata: nor, eta… Kirol Zientzia eta Jarduera Fisiko tituluduna!

Zer gertatzen da Kirol Zientzia eta Jarduera Fisikokoekin? Ba, funtsean, ariketa terapeutikoa bereganatu nahi dutela. Zergatik? Fisioterapeutak utzia dugulako. Eta hemen datoz azkenean gure “trapu zikinak”.

Intrusoen glamourraren inbidiatan edo, fisioterapeuta asko inolako ebidentziarik gabeko sasiteorietan barneratu dira (koloretako bendajeak, psikoneuroimmunologia…) fisikoak ez diren terapietan sartuz, eta ez gutxitan beste profesionalen lan eremuak zapalduz (farmakologia, dietetika…). Nortzuk eta geuk, intrusismoaren kontra beti aldarrika gabiltzanak! Bitartean, gure-gureak izan diren eremuak ahaztuak utzi ditugu; eta haiek ez baditugu geuk erabiltzen, kendu egingo dizkigute.

Horrela gabiltza beraz Hegoaldean: kaleko eta etxeko etsaiei tamaina hartu nahian, eta  autobidean Ben Hur kuadrigan bezala.

Borroka garaia da!

Info7 Irratiko “Talaiatik” saiorako, 2016ko gabonillan 23a.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*