Hiatoko hernia eta bihotzerrea

https://arabatik.wordpress.com/2011/02/18/seppuku-abertzale/
Animalia baten erraiak sekula ikusi ez dituen pertsona batendako gaitza izaten da diafragma irudikatzea. Hala ere, merezi du saiatzea, gaurko gaian berebiziko garrantzia baitu muskulu honek. Gorputz-enborra solairu biko zilindro hutsa da; goiko solairuan birikak eta bihotza dira, eta behekoan, berriz, digestio-hodiak, gibela, area… Diafragmak solairu biak banatzen ditu, etxebizitzetan legez.

Diafragmak ataka edo pasabideak ditu solairu bien arteko komunikazioa ahalbidetzeko. Esate baterako, bihotzetik gorputzaren behealdera doan odol-jarioa aortaren atakatik pasatzen da, hanketaraino ailegatu ahal izateko; behetik gora datorren odolak, berriz, beste ataka bereizi bat du bihotzeraino ailegatzeko: kaba zainarena, hain zuzen ere. Ataka txikiago gehiago daude, baina nagusiak hauek biak eta beste bat dira. Esan ez dugun hirugarrenak ahotik sartu eta hestegorrian behera datorren jatekoari pasabidea ematen dio, sabelera sartu eta uzkirako bidea jarrai dezan. Hauxe da bihotzerredunen amesgaiztoa: hiato esofagikoa.

Ataka honen funtzioa jatekoaren pasabidea kontrolatzea da, bularretik tripara pasatu eta gero atzeraka egin ez dezan. Horretarako, pasabidea zuntz muskularrez inguratuta dago: digestio-hodiak kardias izeneko esfinterra osatzen du puntu horretan. Gainera, diafragmaren zuntzek badute kizkurtzeko ahalmena, hiatoaren diametroa estututa. Egitura hau modu askotara desoreka daiteke, eta ematen dituen sintomak ere ez dira beti berdinak izaten. Hala ere, arazoaren jatorrian bada beti presente egoten den faktore bat: arnas desegokia. Eta sintomen artean, gehien errepikatzen den bat: bihotzerrea.

Gogora dezagun arnasa hartzen dugun bakoitzean diafragma muskuluaren kontrakzioak bularrean presio negatiboa sortzen duela, eta sabelaldean presio positiboa. Horrek birikak haizea xurgatzea dakar, eta diafragma erlaxatzean gertatzen den alderantzizko presioak haizea kanporatzea ekartzen du. Arnasa modu desegokian hartzen denean, sabelaldeak presio gehiegi jasan dezake eta arazoak hasiko zaizkigu. Lehenengo fasean, errai digestiboen zirkulazioa geldotuko da (haizeak, digestio pisutsuak, idorreria…). Bigarren fasean, ondesteko zainetan barizeak agertuko dira (gorotzetan odola). Urteekin, hirugarren fase batean ere sar gaitezke: sabelaldeko larregizko presioak pixkaka-pixkaka erraiak kanpora bultzatuko ditu. Leku ahulenetatik irtengo zaizkigu: umetokiak perineotik behera egingo du (emakume nagusien prolapsoa), ondesteak ipurtzulotik irtengo du (odoluzki edo hemorroideak) eta, jakina, sabelak gora egingo du, hestegorriaren pasabidetik. Hortxe dugu hiatoko hernia.

Arazoaren eboluzio naturala deskribatu dugu, baina, esandako moduan, pazienteak edozein fasetan etortzen zaizkigu kontsultara. Hartara, pertsona bakoitzaren kasua aztertu behar da, fisioterapia egokiena erabakitzeko. Prozesuaren lehenengo faseetan daudenak (lantzean behingo bihotzerreak-eta) tratatzeko errazenak dira, eta askotan zirkulazioa eta arnasa normaltzea nahikoa izaten da arazoari buelta emateko. Hortik aurrera, tratamendua ere desorekaren neurrikoa izango da: sabelaren presioa jaisteko ariketak, hiato egituren tentsioa orekatzea… Kasu larrietan, hernia jaisteko maniobrak ere erabiltzen ditugu, bestelako tratamenduetan aritzen diren medikuekin elkarlanean.

Ondoeza hobetzea erraza den arren, esan behar da funtsezko arazoa ez dela hain erraz konpontzen. Izan ere, urte luzeetako ohiturak eta desorekak aldatzeaz ari gara, eta pertsona guztiek ez dute horretarako gogorik edo ahalmenik izaten. Hala ere, bide horretan saiatzera animatzen zaituztegu, zuen bizitzaren kalitatea zalantzarik gabe hobetuko baita; eta kontrako kasuan, botiken eta kolore guztietako terapeuten menpe egongo baitzarete bizitza osoan.

Gaur8rako, 2011ko Ekainaren 17a

2 Comments en Hiatoko hernia eta bihotzerrea

  1. JOSE JULIAN URIZAR // Septiembre 8, 2016 en 6:08 pm // Responder

    Llevo unos 3 años leyendo lo que yo llamo clases on-line de Oier. Temas de interés general ya que casi todos tenemos algún problema de lesiones, etc.,Creo que poder ver videos sobre ejercicios a practicar es muy importante. Actualmente no consigo poder ver los videos que antes veía y será porque no accedo bien a los mismos. Un saludo.

    • Me alegro de que estos materiales te sean útiles, Jose Julián. En cuanto a los videos, si me señalas cuál es el que te interesa igual lo puedo arreglar (últimamente los subo a youtube, pero hay algún video antiguo que subí a otro servidor, que dejó de prestar servicio, con lo que no se pueden ver… hasta que los vuelva a subir a youtube).

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*