Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa

https://abante.eus/wp-content/uploads/2012/08/250px-Thyroid2-es.png
Irudixa: Wikipedia

 (Artikulu hau beste honen bertsiño laburra da)

Gorputzeko funtzioak gobernatzeko bi kontrol sistema nagusi erabiltzen dira: sistema nerbiosoa eta sistema endokrinoa edo hormonala. Gorputzeko erreakzio kimiko gehienak (metabolismoa) hormonen mendean daude, baita zelula barruko funtzioak, zelularen barru eta kanpoaldearen arteko sustantzia-trafikoa, hazkundea… Hormonak ekoizten dituzten guruinak gorputz osoan sakabanatuta aurkitzen ditugu: garunean, eztarrian, sabelaldean, hankartean… Guri gaur interesatzen zaigun guruina eztarriko zintzurrean dago: tiroide du izena.

Tiroide guruinean bi hormona ekoizten dira besteak beste: tiroxina (T4 ere deitua) eta triyodotironina (T3). Metabolismoaren pizgarri indartsuak dira, baina eragina ez da momentuan gertatzen: hormona odolera isuri eta asteak pasa daitezke efektuak igarri arte. Zelulak errendimendua bikoiztera hel daitezke, prozesu askotan eraginez: elikagaien transformazioa, proteinen sintesi edota suntsiketa, hazkundea, garunaren jarduera…

Hala ere, tiroideak ez ditu eragin horiek guztiak bere kontu sortzen. Izan ere, tiroidea, gorputzeko beste guruin guztiak legez, hipofisi izeneko beste guruin baten mendean dago. Hipofisiak ekoizten dituen hormona anitzen artean, TSH izenekoa dago: tiroidea estimulatzeko hormona. Eta noren aginduz funtzionatzen du hipofisiak? Garunaren aginduz, jakina. Hipotalamo izeneko gunean, hain zuzen ere, nerbio sistema osotik datorren informazioa bildu eta prozesatzen da, horren arabera hipofisiaren hormona ekoizpena egokitzeko.

Orain deskribatu dugun aginte-kate horretan, iodoak berebiziko papera jokatzen du. Izan ere, elementu kimiko hori ezinbestekoa da T3 eta T4 hormonen ekoizpen prozesuan. Era berean, proteinek eta entzimek erreakzio kimiko egokiak ahalbidetu behar dituzte lehen deskribatutako prozesuak egokiro burutu daitezen. Hori horrela gertatzen ez denean, bi arazo mota ager daitezke: hormona larregi ekoiztea (hipertiroidismoa) edo gutxiegi (hipotiroidismoa). Esan beharra dago gaitz horien prozesu patologikoa ez dela oraindik guztiz ezagutzen, eta, beraz, asko dagoela ikertzeko. Hipertiroidismoa autoimmunitatearekin lotuta dagoela uste da, eta tiroidea hormona gehiago ekoiztera bultzatzen duela. Hipertiroidismoa dutenek eztarriko zintzurra eta begiak handituta izaten dituzte, pisua galtzeko joera handia izan ohi dute eta izaera urdurikoak izaten dira. Hipotiroidismoak ere arazo autoimmuneekin zerikusia izan dezake; hala ere, gaixotasuna iodoarekin arazoak daudenean ere ager daiteke (elementu kimikoaren falta edo berau prozesatu ezina). Bigarren kasu honetan ere zintzur ingurua handitu egiten da, baina pazientearen ezaugarri nagusiak moteltze orokorra eta loditzeko joera izaten dira.

Arazoon tratamendua hormona ekoizpena berrorekatzean datza. Medikuntza aldetik, hipertiroidismo kasuetan zelula ekoizleak suntsitzea bilatzen da kirurgiaren edo erradioaktibitatearen bitartez; hipotiroidismoan botikak ematen dira falta diren hormonak eskuratzeko. Fisioterapia aldetik, berriz, erreflexoterapia tratamendu interesgarria izan ohi da; oinetako gune erreflexuetan masajeak emanez, aginte kate-maila bakoitzean eragin dezakegu -hipotalamoa, hipofisia, tiroidea bera-, bai tiroidearen aktibitatea jaisteko (hipertiroidismo kasuetan), bai guruin alferra martxan jartzeko eta tiroidearen hormona ekoizpena areagotzeko (hipotiroidismoan).

Beste edozein tratamendutan legez, aukeran tiroide arazoaren sustraia aurkitu eta tratatzea da onena. Baina gorago esan dugu: sistema endokrinoaren ezagupenean hutsune asko daude oraindik, eta, ondorioz askotan hori posible izango ez denez, sintomak tratatzearekin konformatu beharko dugu.

Gaur8rako, 2012ko Martzuan 23a.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*