Isiltasuna

 

Lehengunian soziedadian najenguan, eta argi eta garbi ikusi najuan generaziño biren arteko salto kulturala, afiziñuena, edo ohitturena.

Soziedadeko gaztena nauk ni. “Beti Galdu” soziedadia kuadrilla batek sortu juan, gure aittarena; asko hil egin dittuk, gaur egunian 75 bat urte izango juek bataz beste. Gero eta jente gitxiago zeguala eta. (sozixuen semiak ez juen erreleborik hartzen edo) argi berdia emon jetzen kanpoko jentia sartziari, eta kuadrilla oso bat sartu zuan, danak batera. Gaur egunian 50 bat urte jaukek. Hauen artian sozixo kopuru gehixena osatzen juek, eta gero bagagoz, noski, hildakuen partez sartutako batzu. Edozelan be, ni gaztena momentuz. Aurten zera eruatia tokatu jata beste birekin batera, soziedadeko administraziñua. Kanpuan bizi naizenez, astian behin juaten nauk egin biharrekuak egiteko, eta han egoten nauk baztar baten diruak kontatzen etabar. Bittartian, sozixuak “afariketan” ibiltzen dittuk eta nik, isil isillian, espiatzen. Oso interesgarrixa dok.


Adibidez lehengunian, heldu nintzan arratsaldeko 18.00etan eta zahar bi jeguazen han, mahai baten jarritta, Manso botilla baten atzian. Isiltasun totala, ez irratirik ez telerik, ez ezebe. Geldi han. Hitzaspertuan, bai, baina isilune luzekin. Ez jeguazen txarto, ez zuan isiltasun biolentua baizik eta naturala. Euren lagunei buruz, basarriko biharren gainian, eguraldixa… pertsona nagusixen barriketia (edo gaztena bebai, noski; neu izango nauk arrarua). Hasieran radixua ipintzeko puntuan egon nintzan, isiltasunaren bildurrez edo, baina… kamuflatzia erabaki neban, eta “donde fueres haz lo que vieres” egittia. Halan egon ginan ba hirurok (bai, nik be kruzatu najittuan eurekin berba batzu) ordu laurden batez edo, ondo baino hobeto, ni gustora, nere kontuak eta papelak egitten. Gero sozixo “gazte” bat etorri zuan, 50 bat urtetako moltzo horretakua. Agurra egin, berba pizkat, eta… ez zeban bi minuto egin telebisiñua piztu aurretik. Zaharrak ez zittuan hasarratu, noski; holan be ondo jeguazen eta. Ni bebai.

Gaur eguneko 75 bat urtetako pertsona batek zer ezagutu jok umetan? Argi indarra bai, noski; ur korrientia bebai, gehixenak. Baina irratixa geroko gauzia dok, 40ko hamarkadakua. Seguraski bere etxian ezagutuko jittuen isilune luziak. Berba hutsez animatutako afalostiak, edo neguko hotzetan danok sutonduan isilik, eta tarteka ipoin bat. Horregaitik igual, gaur egunian pertsona nagusixeri ez jakek kostatzen ezer orduak geldi eta isilik, leihotik begira pasatzia.

Aldiz, gaztiaguak beti ezagutu juagu fondoko musika edo berbarua. Nik betidanik gogoratzen dot gurian, etxera heltziakin batera, lehenengo gauzia irratixa edo telebisiñua ixotzia izan dala. Bardin beraz soziedade baten, edo lantokixan, edo tabernan: isiltasun totalak gogaittu egitten gaittuk.

Azken urtietan isiltasunak atzian daukazen pistak deskubritzen najabilk baina.

Lehenengo, iparrameriketako indigenen erritualei buruz entzun najuan. Barruko garbittasuna, norbere muiña, “egixa”, bisiño argigarrixen billa egindako erritualetan, pertsona bat mendi isolatu batera eruan, lurrian metro ta erdiko biribil bat egin eta hantxe jartzen juek. Pertsona hori, bere borondatez, han egon bihar dok eseritta, geldi, hainbeste gaba eta egun jarraixan; jan barik, edan barik, estalki barik, euripian, eguzkipian. Hori da froga guztia. Esaten danez, ordu batzuen buruan, bisiñuak etortzen jakoz, eta eurekin batera galderen erantzunak. Handik itzultzian, beste pertsona bat izango dok.

Gero nere buruan pairatu najittuan stress arazuak. Ez najekixan bost minuto geldi egoten ezer egin barik, ez ba nenguan antzerkixan, biharrian, billera baten, zeozer irakortzen izan bihar zan, panfleto bat ez ba zan, gosaltzeko mueslixaren etiketia. Etxera heltzen nintzan eta, denpora maximora aprobetxatu nahixan, radixua ipintziarekin batera periodikua hartu eta irakortzen hasten nintzan, hori guztia platera onduan eta afaltzen. Halako baten konturatu nintzan ez nenguala zentratuta ez irratixan, ez irakorketan ez jatekuan, dana absorbitziarren ez nebala ezertan sakontzen eta gainera alperriko urjentzia sentsaziñuarekin… Orduan radixua emetatu eta periodikua gorde najuan, jatekuaren zaporia gozatzeko. Geroztik ez jittuadaz sekulan hiru gauzok batera egin.

Gero “alfa estadua” deskubridu najuan. Hiru bide desberdinetatik helduta gainera: chi-kung, radiestesixia eta osteopatixia. Azken hau ikasten hasi nintzanian, nere zazkartasun naturalaren mugia najeukan: korputzeko ehunen bizittasuna nabaritzeko estadu mental rezeptibo berezi baten egoten trebatu bihar izan nintzuan: “alfa estadua”. Handik denpora batera, Udako Euskal Unibertsitatean irakasle egon nintzan kurtso baten, eta beste irakaslien txandia zanian ni be entzutzen egoten nintzuan. Hor entzun neban geobiologixiari buruz, eta Javier Petralanda zornotzarrak erakutsi jezkuan radiestesixiaren bitartez gure sentsibilidade naturala amplifikatzen eta lurreko kanpo magnetikuak neurtzeko erabiltzen: “alfa estadua” barriro erabilli bihar izan najuan hamen, antenen mugimendu sotillak sentitzia nahi baneban. Azkenik, medikuntza txinatarraren chi-kung teknikia ikasi eta egunero erabiltzen hasi nintzanian, “alfa estaduan” topatu najuan bere onura guztiak aprobetxatzeko bihar neban jarkeria.

Zer esanik bez, kartzelako esperientzixiak gauza hauek praktikan jartzeko aukera parebakua emon zestala. Bi, hiru, lau, bost, sei ordu bata bestiaren atzetik geldi, pareko hormara begira edo “kanguro” baten sartuta Espainiako Bueltia egitten, ezeren zain… Nere bizitzako beste une baten jasaneziñezkua izango zuan inaktibidade fortzatu hori, klaustrofobixia, hondamendi mentala… Sekulan baino indartsuago sentidu nintzan, baina, zoramen egun hoietan.

Gaur egunian konklusiño argixak jaukadaz, egunsentiko lehen brintzadak besain gardenak. Isiltasuna dok “gure baitan pizten diren bazter miresgarriak” ikusteko ezinbesteko baldintzia. Kanpoko estimulo eza dok barruko potzu illunian dagozen abotsak entzutzeko estimulua. Gaur egunian Euskalherrixan bizi dogun bizimodu trepidantiarekin inor ezin dok natural egon: gaur egungo baliabidiak orain dala 10 urte baino 10 bidar lan gehixago egitteko balio jezkuek, baina gure aisialdixa ez dok 10 bidar multiplikatu, kontrara. Formula exponentzial hau kapitalismuaren eredu parasitarixuaren giza kopixia dok: eten barik hazten ez dan ekonomixia hilda dago. Baina akats bat jagok: eredu parasitarixuak hazten jarraittu lajeikek txupatzeko odola topatu ezkero, baina gizakixak errenditzeko daukan kapazidadia muga bat jaukak. Gogoratu, katia eslaboi ahulenetik apurtzen dok beti. Eta sistema ekonomiko batian katerik ahulena gizakixa dok. Kuriosua da eta era berian argigarrixa: zenbat eta herri baten “zibilizaziño mailla” altuagua izan, orduan eta gaitz psikosomatiko gehixago dagoz (depresiñua, fibromialgixia, Crohn, ultzera dijestiboak, azaleko gaitzak, minbizixa…). Eta suizidixuak.

Isiltasunian geratzen garanian, barrutik hasten jakuz galderak: “Zoriontsu bizi ete naiz? Benetan gura dotena egitten ari naiz?…” eta halakuak. Galdera bildurgarrixak, ustez “bizimodua konponduta” dauken pertsona askorendako. Horrengaittik jente asko benetako izua jetzek isiltasunari, inaktibidadiari: “Zeozertan ibilli bihar naiz, bestela buruari bueltaka hasten naiz eta…!”.

Argigarrixa. Nahixago aurrera korrika egittia, nahiz eta amildegi ertzerutz juan, norbere bizitziaren ugalak hartzia baino.

2004an idatzitta, Eibarren.

1 Comentario en Isiltasuna

  1. Nik beste modu batera ikusten det. Egia da jendeak ez dakiela isiltasuna disfrutatzen, baina horrek ez du esan nahi zaratarekin gaizki bizi direnik. Alderantziz, zaratari esker bizi dira hobeto, eta lasaiago. Kezka esistentzialak, bakardadea, oroimen mingotsak… Arazo hoiek hobeto eramaten, entretenituta egoteak asko laguntzen du.

    Arazo hoiek isiltasunean baino ezin dutela sendabidea izan? Ez dauka zertan, nere ustez. Askotan kezka hoiek bizimodu zaratatsu-alai bati esker desegiten dira. Ume artean, lagun artean…

    Gaixotasun asko, arrazoi dezu, bizimodu trepidanteak eragiten ditu, azkarregi bizitzeak. Baina hori gauza bat da, eta isiltasunik eza, beste bat. Bizi zaitezke lasai lasai, zarataz inguratuta.

    Ez da zure edo nere kasua, baina denok ez gera berdinak.

    Beste kontu bat da zaratak famili edo bikote harremanak zapuzten dituenean. Jendeak, inertziaz, telebistari kaso egiten dio, bikoteari-familiari ordez. Hori bai da arazo larria nere ustez. Kasu horretan, telebistaren zarata “isiltasun”, bueno ez, “hutsune” bihurtzen da, eta alkarrizketaren “zarata” osasungarri, premiazkoa hiltzen du.

    Mundialak zure mezuak, Oier.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*