Kaka zuretzako, kaka niretzako

Nahiz aberatsa izan, igual dela pobre
kaka egin beharko dugu egoteko libre
mediku frantses batek eman du ordena
hilgo dela bertatik kaka eiten ez duena. 
Jatekoak ibilbide luze eta bihurria egiten du gorputzean: ahoan behera, esofagoa, sabela, duodenoa, heste meharra, heste lodia, ondestea eta uzkia zeharkatzen ditu. Azken zatiaz berba egingo dugu gaur: eskuineko izterrondoaren aldean dagoen heste itsutik hasi, heste lodian gora gibel pareraino pasatu, saihetsen azpitik zeharka, eta ezker aldetik behera, eta sigmoide, ondeste eta uzkian amaitzen den ibilbideaz.

Heste meharrak elikagai gehienak xurgatu eta gero, hondakinak heste lodira igarotzen dira, ahi mehe baten itxuran. Hestearen muskulu sendoak kizkurtu eta lasaitzean, zirinak aurrera egiten du eta, aurrera egin ahala, heste lodiaren hormek haren ura xurgatzen dute. Lehortze prozesu honetan hondakinek bere bolumenaren % 90 galtzen dute eta, gorotz bihurtuta, heste lodi beherakari eta sigmoidean pilatzen dira, ondestera noiz igaroko zain.

Deskribatu dugun ibilbide osoan, kakaren aurrerabideaz ez gara konturatzen eta beraz ezin izaten dugu kontrolatu; ondestera pasatutakoan berriz, kakagura sentsazioa igartzen hasiko gara eta uzkiko esfinterra erabilita (borondatez kontrolatzeko ahalmena baitugu), tarte batez, libratzeko gogoari eutsi ahal izango diogu.

Leku eroso eta lasaia aurkitutakoan, uzkia erlaxatzea nahikoa izan beharko litzateke heste lodi beherakari osoaren hustuketa erreflexua pizteko; 60 bat zentimetroko txorongo lodia erruteko, alegia. Idorreriaz jotako irakurleen aurpegiak ikus ditzaket: oi amets ukiezina! Izan ere, ohitura txarren eta osasun arazo anitzen ondorioz, jende askok -askok, gero- kaka egiteko arazoak ditu. Arazootako askok komunean uzkia ez erlaxatzearekin dute zerikusia. Kakaeginean, jende askok ipurdia estutzen du nahi gabe eta sabeleko giharrekin bultza egin behar izaten du. Uzkia indarrez irekita, presio desegokiak odoluzki eta arrakala mingarriak aterako ditu berandu gabe. Uzkia erlaxatze hutsa, ostera, nahikoa izaten da inolako indarrik barik heste lodia oso-osorik husteko. Egin aproba hurrengoan.
Egoera normal batean, janariak hamabost bat ordu igarotzen ditu gorotz bihurtuta kanporatu arte. Pertsona batzuek, berriz, hainbat egun pasa ditzakete kaka egin barik. Idorreriaren jatorria anitza izan daiteke, eta bakoitzak badu bere tratamendua. Hala ere, kasu guztietan erritmo biologikoak desorekatuta egoten dira, eta hau garrantzitsua da hobetzeko. Komunean lasai eta beti ordu berdintsuetan esertzeko ohitura duenak nekez izango du idorreriarik. Era berean, komenigarria izaten da gure gorputzaren eskariei entzungor ez egitea, eta kakagura igartzen dugunean joatea komunera; gogoari eusteko ohitura hartzen badugu, hestearen hustuketa-erreflexuak moteldu egingo dira-eta. Gainera, heste lodiko usteltze prozesu biologikoan gasa ekoizten da, besteak beste.

Hondakin sinpatiko hau arazo galanta izaten da batzuendako, eta elikagaiekin zerikusi zuzena du. Hala ere, lehen aipatutako erritmo biologikoaren desorekak ere badu zerikusia: idorreria kasuetan gorotzek denbora asko igaro dezakete heste lodian, eta honek ekoitzitako gas kopurua biderkatu egingo du.

Ikusten duzuen modura, emandako aholkuak errazak baino errazagoak dira eta gaur bertan praktikatzeko modukoak. Kafea hartutakoan, izparringia itxi eta komunera joandakoan… ondo egin!

2009ko Zezeillan 6xan Gaur8 astekarirako idatzittakua. 

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*