Kalte egiten duten hitzak

Ikurrin gehienak hasierako elkarrizketan detektatzen ditugu.

Hilario (izen asmatua) 70 urteko gizona da. Urte asko dira gure kontsultara lantzean behin etortzen dela, bere osasun asegurua baliatuz, bizkarreko mina duenean. Bere ezaugarri nabarmenena pertsona nerbiosoa izatean datza (gure eskuen artean ezin erlaxatu izaten diren horietakoa), baina, bestalde, ez du osasun arazo berezirik: irudi probetan bere bizkarrean ikus daitezkeen artrosi eta disko hernia txikiak normaltzat har ditzakegu, bere adineko edozein pertsonatan aurki daitezkeenak. Alegia: horiek ez dira paziente honek izaten duen minaren arrazoia.

20 urte baino gehiago da Hilario tarteka ikusten dugula. Eta denbora horretan guk ere zerbait ikasi dugu, bistan da. Horregatik, gaur egunean etortzen denean, jada ez dugu paziente hau lehengo begi berberekin ikusten. Lehen bere bizkarraren mugimenduak zehatz-mehatz aztertzen genituen: artikulazio txikien mugimenduaren kalitatea, muskuluen egoera, min aldakorraren nondik norakoak (atzo hor, gaur hemen, bihar beste leku ezberdinen batean…). Laburbilduta, esan dezagun gaur egun lortu dugula jakitea gizon honen minak zerk eragindakoak diren: estresaren eta forma fisiko baxuaren konbinazioa. Tailer handi batean lanean aritu zenean, hobeto ibiltzen zen; erretiroa hartu ostean, berriz, lanpostuan egiten zuen aktibitate fisikoaren faltak, batetik, eta bestelako zereginen pilaketak, bestetik (jubilatu ostean pertsona batzuk lehen baino lanpetuago ibiltzen dira!), bere koadroa areagotu dute. Horrekin konturatuta, gure lehenengo zeregina Hilariori egoera horretaz jabetzen laguntzea izan da; baina, lan horretan, ustekabeko oztopo bat aurkitu dugu. Behinola, traumatologo batek paziente honi esan omen zion «bizkarra zizko eginda» zuela eta eskuetan «egunkaria eta ogia» baino ezin zituela eraman. Harrezkero, besoekin egiten duen aktibitatea progresiboki gutxitzen joan da, eta gaur egunean ez du inolako pisurik erabiltzen; imajina dezakezuenez, hori ez da bere forma fisiko eskasaren mesederako izan.

Argitu dezadan ikuspegi hau zeharo iraungia dagoela. Gaur egun badakigu, lehen esan bezala, Hilariok bizkarrean duen irudi erradiografikoa guztiz normala dela bere adineko pertsona batendako. Eta gainera, frogatua baino frogatuago dago bizkarreko arazoetan (artrosi, hernia eta guzti) pazientearen egoera hobetzeko giltzarrietako bat ariketa fisikoa dela: progresiboki, gutxika hasita… baina aktibitatea behintzat, bakoitzak ahal duen neurrian. Baina… tamalez, Hilariok fede handia dio astakeria hura esan zion medikuari; eta bide horretatik sartzen saiatzen garen bakoitzean, «zizko eginda» duen bizkarrarena ateratzen du, eta «egunkaria eta ogia» baino gehiago eramatea debekatu ziotenekoa. Ezin hortik atera, gizona; eta behinola arinkeriaz esandako zoritxarreko hitz haiek gaurko fisioterapia tratamendurako oztopo handia dira.

Denboraren poderioz ikasi ditugun gauzen artean, gaur nabarmendu nahiko nukeena hauxe da: osagileok hitzak zaindu behar ditugu. Hilarioren kasuan argi ikus daiteke berba edo adibide desegoki bat pazientearen burmuinean iltzatuta nola gera daitekeen, bere etorkizuna baldintzatuz. Pazientearen aldetik badu horrek beste irakurketa bat ere: ez dute hitzez hitz hartu behar osagileok esandakoa, baita gure kide ospetsuak direnean ere. Fedean baino, arrazoian oinarri behar da osasungintza; eta horregatik, hain zuzen ere, lehen balekotzat hartzen ziren arauak eguneratzeko prest egon behar dugu desegokiak direla frogatzen denean.

Gauzak horrela, zerbait egin beharko dugu Hilariorekin zer gertatzen zaion eta nola eraman behar duen ulertarazteko: minari behar besteko arreta eskainiz -ez gehiago-; mina eta lesioa sinonimoak ez direla ulertaraziz; eta tratamenduaren helburua adostuz (alferrik izango baita guk ideia on hauek sustatzea, berak «ogiaren eta egunkariaren» temarekin jarraitzen badu). Ez da erraza, baina hitz berri osagarriekin iraganeko hitz kaltegarrien eragina ezaba daiteke.

***********

Gaur8rako, 2022ko jorraillan 23a

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*