Karpoko tunelaren sindromea

Esku zailduak

Eskulanetan edo bulegoetan diharduten pertsonek ordu asko pasatu behar izaten dituzte eskuetako mugimendu txikiak egiten, horrek eskumuturretako arazoak izateko dakarren erraztasunarekin. Karpoko tunela izeneko hezur-egitura izaten da gehien hondatzen dena, esku ahurraren aldetik. Ikus ditzagun, beraz, sindrome ezagun honen ezaugarriak; horiek ulertzearekin batera etorriko baita, ohiko legez, konponbidea zein izan daitekeen ikustea.

Irudika ditzagun atzamarretaraino doazen muskulu luzeak. Ukalondoan hasten dira eta beraietan parte bi bereiz ditzakegu: lehenengo hamabost bat zentimetroak haragi gorrizkoak dira, kizkurtzeko ahalmena duten zuntz muskularrezkoak alegia; hortik eskuaren puntara arteko tarteak, berriz, tendoizkoak dira eta ukalondoan sortutako mugimenduak atzamarretako hezurrei transmititzeko funtzioa dute. Eskumuturreko posizioa aldatu arren, transmisio hori berdin ematen da beti karpoko hezurren egitura bereziari esker: txirrika funtzioa betetzen dute, indarraren norabidea aldatuta.

Karpoa zortzi hezur txikiz osatua dago: escafoides, lunatum, triquetrum, pisiforme, trapecio, trapezoide, capitatum eta hamatum izenekoak. Horiek osatutako multzoa eskuarekin eta besaurrearekin artikulatuta dago; metakarpo, radio eta kubitu hezurrekin zehatzago esanda. Karpoko hezurrak osatutako multzoa estu-estu lotuta dago, baina ez da borobila: erretenak uzten ditu ahurretik nahiz eskugainetik, besaurretik datozen hogeitik gora tendoiek atzamarretara heltzeko bidea izan dezaten, hain zuzen ere. Erreten horiek lotailuz estalita daude, eta, horretara, bertatik pasatzen diren tendoiak estu-estu hartuta daude txirrikan, tunel batean bezala. Gainera, karpoko pasabideon forma eta kalibrea ez da beti berdina izaten: eskumuturrak egiten dituen mugimenduen arabera moldatu egiten dira, batzuetan nasaitu eta luzatuz, eta, besteetan, aldiz, estutu eta laburtuz. Zortzi piezaz osatutako prezisiozko egitura da karpoa.

Esan dugu tendoiak estu hartuta daudela txirrikaren erretenean. Egun santu guztia makinaz idazten pasatzen dugunean, adibidez, tendoien etengabeko mugimenduaren eraginez hantura txikiak gerta daitezke. Beste muskuluetan garrantzi handirik ez lukeena, arazo handia bihur daiteke tendoia pasabide estutik igaro behar denean. Hala, hanturak tendoia txirrikaren pareten kontra igurztea dakar, eta horrek hantura handiagoa eragiten du. Egoera kritiko horrek mina sortzen du, jakina, baina bestelako sintomak ere ager daitezke: ohikoena atzamarrak inurritzea izaten da, txirriketan zehar pasatzen diren nerbio eta odol hodien afektazioarengatik; horrez gain, sindromeak aurrera egin ahala, eskuko muskuluen atrofia agertuko da, gero eta nabarmenago. Esan behar da karpoko tunelaren sindromea jasateko faktore gehiago ere badaudela lanpostuaz gain: adibidez, karpoko hezurren egitura aurretik desorekatuta duten pertsonek errazago sufri dezakete.

Terapia fisikoaren aldetik lehentasun bat dago: tendoi handituaren eta txirrika estuaren arteko gatazka konpontzea, hanturaren kontrako neurriekin. Horrekin bakarrik pazienteek hobekuntza handia igarri ohi dute, eta, hala, hasiberriak diren sindromeetan karpoaren egitura aztertu eta berrorekatzea eta eguneroko posturak zaintzea nahikoa izaten da sarri arazoarekin amaitzeko. Kasu larriagoetan, ostera, terapia fisikoarekin batera beste tratamenduen premia ere egon daiteke (botikak, kirurgia). Edonola ere, zenbat eta denbora gutxiago igaro sintomak agertzen direnetik tratamendua eman arte, orduan eta emaitza hobeak lortu ahal izango ditugu.

Gaur8rako, 2011ko Otsailaren 18a

2 Comments en Karpoko tunelaren sindromea

  1. Egunon Oier,

    Nere debilidadeetako bat ikutu duzu, eta pare bat datu gehitzea gustatuko litzaidake.

    Argitu duzun bezala, karpoko tunelaren sindromea nerbio medianoaren hantura baten ondorioz gertatzen da. Neuritis baten ondorioz, beraz. Baina ikerketen arabera, neuritis hau ez da eskumuturrean bakarrik ematen eta horrek argitu dezake, sindrome honetan kirurgiaren ezeraginkortasun tasa. (operatutako %25a ez da ondo geratzen. http://jbjs.org/article.aspx?articleid=1694244 )

    Nerbio baten arazo bati buruz hitz egiten dugunean, mekanosentsibilitate txikiago batetaz ari gara hitzegiten, eta honek ezin bestean nerbioaren ibilbide osoan eragin dezake (Hall eta Elvey, 1999). Hau da, ezinbestean begiratu behar dugu nerbioak alodinia edo hiperalgesia bezelako sintomak dituen bere ibilbide osoan edo eta test neurodinamikoak positiboak diren. Eta aurkituz gero, zonalde hau ere tratatu.

    Honela, nere esperientzian oso ohikoa da, anglosaxoiek «double crush syndrome» ( http://www.ncbi.nlm.nih.gov/pubmed/21646036 )deritzoten sindromea aurkitzea. Hau da, nerbioaren interfase bat baina gehiago egotea tartean. Eta normalean karpoko tunelarekin batera, haizpitarte torazikoko sindromea aurkitu izan dut.

    Beraz,eskumutur eta besaurreko tratamentuaz gain, nerbioaren ibilideko tratamentua gomendatzea gustatuko litzaidake. Askotan, arazoaren irtenbidea izan baita nire pazienteekin.

    Ondo izan,
    Xabat.

  2. Eskerrikasko Xabat, zure ekarpenakin artikulua hain modu interesgarrixan osatziangaittik.

1 Trackbacks & Pingbacks

  1. Bannerrak blokeatu ala ez blokeatu, hortxe dilema – Teknopataren txokoa

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*