Kirolarien gainbehera… radixuan

Irudixa: Bilbo Hiria

Bilbo Hiria irratiko “Ibaizabal” magazinian, Ane Zabalakin. Hamentxe entzun zeinke saiua.

Zer egin dezakegu lesio baten ostean egiten genuen kirola praktikatu ezin badugu? Honen inguruko hausnarketak ekarri dizkigu Oier Gorosabel fisioterapeutak. Adibidea ekarri digu, esaterako, mutil gaztea, kirolzalea, eskiatzen belaunean kolpe handia hartu zuena eta harrezkero minez dabilena. Lehenago ere lotailu gurutzatuen lesioa izan zuen, kirurgiarekin konpondua, eta berriro hautsi ote dituen susmoa dela-eta erresonantzia bat agindu diote. Emaitzetan, zorionez, lotailuak ondo agertu dira, baina, belaunean artrosia ikusten denez, mina horri egotzi eta kirola uzteko gomendatu dio medikuak. Mutila lur jota geratu da.Aholku desegokia, inondik ere. Arinkeriaz emana. Minaren jatorria seguru aski ez baita artrosia (kolpearen aurretik ere bazuena). Osagileok askotan izaten dugun tentaldia da honakoa: ez dakigu mina zerk eragiten duen, eta, beraz, edozein zeinu aurkitu orduko (erradiografiak edo beste), arazoaren jatorritzat hura hartzen dugu. Eta, dena esan behar bada, pazienteek ere ez dute maite zalantzan dagoen osagilea; askok nahiago dituzte diagnostiko zurrun eta argiak…Kirolariak, hala ere, inteligentziaz jokatzen ikasi behar du. Gorputzaren ahalmenak ezagutzeaz gain, dituen mugen kontziente izan behar du. Badut beste paziente bat, eskubaloiko profesionala, gainbeheran datorrena: lesioak lesioen gainean pilatzen hasi da, eta gero eta gaitzagoa zaigu jokatzeko moduan ipintzea. Sasoia amaitu zaiola ulertu behar du, beste barik: kirola beste modu batera planteatzeko premia du. Hala ez badu egiten, etengabeko frustrazioan biziko da. Gaztetako mailari eustearren, azkenean gorputza hondatu eta kirola zeharo utzi beharko du, txikitero tripa-handien kuadrillara bilduta. Inteligentziaz jokatuz gero, ostera, kirolariak bere gainbehera balia dezake, surflariak olatua erabiltzen duen bezala: unean uneko egoera fisikora egokitu, eta gorputzari eman dezakeena eskatu. 80, 90 edo 100 urteko kirolariak ikusten ditugunean (bai, badaude adin horretako kirolariak) gorputzaren arauak ulertu dituzten pertsonak direla jakin behar dugu.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*