Lainoa eta hezurrak


Argazkiak.org | Ultrasoinu aplikaziñua © cc-by-sa: txikillana

Uda partean ahaztu baditugu ere, hotz eta hezetasunarekin aspaldian hautsitako hezurrak, artrosiak jota dugun giltzadurak… “kaixo, hemen nago!” esaten digute eta guk birao batekin erantzun. Gauza guztiz normala den arren, sufritu behar duen pertsonarentzat ez dira batere gozoak izaten neguko aje hauek. Orain dela gutxirarte -30, 40 urte- gorputzeko min hauentzako erremedio bakarra gaztelerazko “ajo y agua” famatuak ziren (izorratu, eta aguantatu). Baina Euskal Herria urte gutxitan asko aldatu da –galdetu zaharreri- eta bizimodu hobearekin, minari aurre egiteko erremedio asko ditugu eskura; gaur egunean beraz, ez dago zertan sufritu beharrik.
Hotz eta hezetasunarekin batera gertatzen den makaltzea azaltzeko azalpen fisiologiko konplikatuak eman baditzakegu ere, modu sinple baten azaltzen saiatuko naiz. Eguraldiarekin batera, aidearen hezetasuna eta presio atmosferiko aldaketak gertatzen dira. Eguraldi “onarekin”, presio altuak halako euskarri efektua egiten du objektuengan –gorputz atalak barne-; eguraldi euritsuarekin berriz, presio hori txikiagoa da eta orduan gertatzen da guri interesatzen zaigun fenomenoa: faja batekin presionatuta dagoen sabela askatzen den bezela, presio atmosferikoaren euskarriaz askatzen den gorputz atala zabaldu eta harrotu egiten da, bolumen handiagoa hartuta. Hau presioak; eta hezetasunak harrotze hori areagotu egiten du.
Negu aldean izaten ditugun minen arrazoi printzipala hezurrak eta beraien arteko giltzadurak dira. Askotan kontrakoa ematen duen arren, hezurrak ere materia bizia dira: zelulez osatuta, odolak elikatzen ditu eta honek beraien flexibilitate eta mugikortasuna bermatzen du. Artrosia dugunean, higatutako giltzadurak ez dira behar den bezela labantzen eta elkar igurzten dute; karraskada hauek dira minaren jatorri arruntenak. Goratxoago aipatutako hezetasun eta presio aldaketekin, hezurrak harrotu egiten dira -higatutakoak ere noski- eta aintzinako egurrezko haltzariena gertatzen da: udan ederto ixten zen atea, neguan ez da bere lekuan sartzen.
Neguko min mota hauen tratamendu eraginkorrena, bizimodu osasuntsua izaten da: elikadura egokia, aktibitate fisikoa, lasaitasuna… zaintzen baditugu –prebentzioa alegia- arazoaren erdia konponduta izango dugu. Hortaz gain, giltzaduretako min hauentzat lagungarriak izan daitezkeen terapia medikoak ditugu: botika, suplemento dietetikoak… higadurarekin gertatzen diren aldaketa biokimikoak orekatze aldera. Eta azkenik, naturan dauden indar fisikoak ditugu; hau da fisioterapeuten lan esparrua, eta sakonago azaldu diezakezuedana. Gorputzeko giltzaduretan gertatu daitezkeen arazoak asko diren bezala, guk erabiltzen ditugun baliabideak ere ez dira gutxi; hona hemen haietatik batzu.
Gizakia besain zaharra izan arren, termoterapiak ez du parerik gorputzaren autosendatze prozesuen pizgarri legez; beroa eta hotza modu egokian erabili ezkero, giltzaduren zirkulazioa hobetu eta bertako prozesu fisiologikoei lagundu diezaiekegu, mina gutxituz. Esku terapia ere ez da atzo goizekoa. Aintzinako kiromasaitik hasita, menderik mende dozenaka teknika berri garatu dira giltzadura inguruetako gihar eta lotarioen tentsioak leundu eta orekatze aldera. Fisioterapiaren ezaugarri edo ikur diren esku terapia hauek osatzen dute gure lanaren parterik garrantzitsuena. Uhin elektromagnetikoekin ere, giltzaduretako minarengan eragin anitza lortu dezakegu. Batetik zuzenean, giltzaduratik garunera doazen minaren bideak anestesiatuz. Bestetik zeharka, lehen aipatutako tentsioak gehiago lasaituz eta zirkulazioa hobetuz. Uhin mekanikoak ere aipatu ditzazkegu: ultra edo infrasoinuen maiztasuna, profila eta intentsitatearekin jokatuz oso eragin interesgarriak lor baititzakegu mindutako artikulazio batean. Hantura edo inflamazioa jaitsi, itsatsitako ehunak disolbatu, zelulen kanpo-mintzaren iragazkortasuna handitu… besteak beste.
Askoz ere terapia fisiko gehiago daude, noski; gure gorputz mindua gozatzeko erabili ditzakegun eraginkorrenak baino ez ditugu aipatu. Hala ere berriro esango dugu, prebentzio egoki bat daramanak ez dituela beharko ez terapia kimikorik ezta fisikorik ere. Sendagileak laguntzaileak baino ez gara, eta norberaren sendatzeko ahalmena gainditzen duten kasuetan baino ez ginateke sartu beharko.
Amaitzeko, aipatu dezagun azken urteetako osasun aurrerakuntzekin Euskal Herriko biztanlegoaren bataz besteko adina gero eta altuagoa dela; eta honekin batera, giltzaduretako minak ugaldu egin direla. Hau ikusita, merkatari askok dirua egiteko probesten dute eta nonnahi ikusi ditzakegu txarteltxoak: “masajeak ematen ditugu”. Eta kontuz ibili: masajeak ematea oso erraza baita. Non, noiz eta nola egiten jakitea: hori da zaila. Higatutako artikulazioen kasuan maniobra zakar batek kalte asko egin ditzake eta ez da komeni osasunarekin jokatzea. Terapia fisikoak egiteko eskumena duen profesional bakarra fisioterapeuta da, eta hark bakarrik ziurtatuko dizu diagnostiko zehatza eta arriskurik gabeko tratamendu egokia. Eskurik onenak aukeratuta, orduan bai: erlaxatu eta gozatu!

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*