Laringea, txirula eztarri barruan

Aragoiko jotero bi. Argazkixa: Villa de Trasobares
Erronkari bisitatzen duenak ez du sekula hango herri eta inguruen xarma ahaztuko, ezta bertakoak haien eskualdeko kultura zaintzeko egiten ari diren ahalegin eredugarria ere. Horren erakusgarri dugu Julian Gaiarreren museoa ere, baina haren etxe izandakoaren solairu ederrak bisitatzen ari garela, gauza batek izoztuta lagako gaitu: egongela batean, zer eta… abeslariaren laringea aurkituko baitugu kristalezko bitrinan sartuta!

Erakusgai siniestro eta xelebrea, inondik ere; baina, zalantza barik, hori da modurik onena eztarrian dugun egitura horren funtzioa ezagutzeko eta haren arazoak ulertzeko. Hala ere, ez dakit noiz izango duzuen Erronkarira joateko aukera, beraz, saiatu gaitezen gaurko idazki honetan zer edo zelan azaltzen.

Irakasleek eta, orokorrean, publikoki berba egin beharra izaten duten pertsonek ondo ezagutzen dituzte «nodulu» famatuak. Hauek ahots-soketan agertzen diren gogorrune biribil txikiak dira. Sokak ondo ixtea oztopatzen dutenez, ahotsa artikulatzeko arazoak sortzen dira. Eskuarki, inguruko egiturek (bizkarrezurra, esate baterako) edo ahotsa oker artikulatzeak eragindako larregiko tentsio muskularraren ondorio izaten dira. Halako kasuetan, ahots sokek ezin izaten dute modulazioa egokiro egin, eta tentsio txiki hauen iraupenak muskuluen gogortasuna eta mina ekartzen du (gorputzeko beste edozein partetan legez). Halakoetan, fisioterapeuton lana muskuluen tentsioa eta ligamentuen egitura orekatzea izaten da, luzaketa eta ariketa egokien bitartez; hala ere, hobekuntzak ez luke asko iraungo arazoa ekarri duten ohiturak aldatuko ez bagenitu. Horregatik, foniatria eta logopedia lantzen duten profesionalekin elkarlanean aritu ohi gara, emaitza hobeak lortze aldera. Horrela gehienetan ez da operaziorik egin behar izango.
Laringe eta faringe inguruko desoreka ezagunena ahotsekoa bada ere, badira erlazionatutako sintoma gehiago ere: tragatzeko ezintasuna; eztarriko korapilo sentsazioa; bruxismoa (gauez masaila estutzea); haginetako arazoak; aurpegiko min edo nekea; listuaren ekoizpen desorekak (aho sikua); bizkar-buruko minak; mareoak; ikusmen edo entzumen arazoak; sinusitisa; digestio arazoak; zirkulaziokoak; immunodefizientzia; desoreka emozionala… Esandako moduan, hainbat egitura garrantzitsuk bat egiten dute eztarrian, eta horregatik izan dezake bertako desorekak hain eragin zabala eta anitza. Baina lasai: honek badu alderdi ona ere. Izan ere, mekanismo berberarengatik eztarri inguruko gune garrantzitsu hau tratatzearen onurak gorputz osora hedatzen baitira.

Gaitza dirudi, baina, egia esan, oso erraza da. Laburbilduz, irakasleek jota zaleen eredua jarraitu behar dute. Haien modura sabelarekin «kantatuz» gero, ahaztu daitezela ahotseko arazoekin.

Gaur8rako, 2011ko Irailaren 08a.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*