Lurrikara osteopatikoak

Joan den hilean, Espainiako Fisioterapeuten Elkartean (AEF) lurrikara bat gertatu da. Garai batean Hego Euskal Herriko fisio guztiak elkarte horren barruan geunden, harik eta 2000. urte inguruan, elkargo profesional autonomikoak sortzen hasi ziren arte. Horretara, lan korporatibo asko elkargoon esku geratu zen eta AEFk arlo teknikoan eta zientifikoan lanean jarraitu zuen. Elkarteak estatuko fisioterapiaren maila zientifikoa eta ospe soziala handitzeko lan handia egin du, estimatzekoa benetan.

2012 inguruan, espainiar fisioterapeuta «influencer» batzuek ebidentzia zientifikoaren zaleen korronte bat sortu zuten. Arrakasta handia izan zuen, eta handik gutxira Fisioterapia Sin Red (FSR) plataforman gorpuztu zen. Gaztetasunak berezko dituen grina eta ausardiarekin, pare bat urtez estatuko fisioterapeuton arteko giroa polito astindu zuten, eta arrazoinamendu klinikoaren hazia norabide guztietan erein. Eztanda horren ostean, baina, gaseosa botilarena egin zuten: gasa galdu. Espero zitekeen: lehen denbora libre asko zuten, baina agendak betetzearekin batera (ikastaroak, kontsultak, hitzaldiak…), haien presentzia publikoa nabarmen jaitsi zen, FSR aktibitaterik gabeko webguneen kanposantuan aparkatuz. Dena den, mugimendu masibo horretatik zerbait gelditu zen: ildo horretan lan egiteko gogoa eta astia zutenek AEFrekin hitzarmen bat egin zuten, elkartearen barruan komisio berezia sortuz (Asociacion para el Pensamiento Critico, AEF-APC).

Garai bateko influencer haietako bat, Ruben Tovar, osteopatiaren aurkako «gurutzada santuan» dugu aspaldi. Gatz eta piper ugarirekin, fisioterapeuta askok erabili izan dugun metodo horren gabeziak gupida gabe seinalatu ditu, brankaz, formakuntza arloan diru asko mugitzen duen lobbyaren interesen aurka. Lobby honek Espainiako fisioterapiaren goi mailako erakundeetan (elkarte, elkargo, unibertsitate…) kide ugari ondo kokaturik ditu, eta korporatibismo nabarmenez, urte askoan fisioterapeuta guztien kolektiboan fisioterapeuta-osteopata direnen azpikolektibo bat sortu nahi izan da. Horrek gauza onak ekarri ditu (osteopatiaren praktikan maila zientifikoa nabarmen handitzea, adibidez) baina baita zenbait praktika ez oso etiko ere. Horiek dira azken zortzi urteetan FSRtik ateratako ahotsek -Tovarrena bereziki- etengabe salatu izan dutena, eta ni neu hein handi batean bat nator horretan (konturatu ez bazarete, nire kolaborazio hauek “fisioterapeuta eta osteopata” bezala hasi nituen, baina 2018az geroztik fisioterapeuta “huts” bezala sinatzen dut).

Elementu hauek txirikordatuz sortu da lurrikara: AEFko zuzendaritza batzordean fisioterapeuta-osteopatek ordezkaritza zabala dute; orain arte, AEF-APC komisioaren lehendakaria Tovar izan da; honek liburu bat argitaratu duenean («La Osteopatía, Vaya Timo«; Circulo Rojo, 2021) postu horretatik egotzi dute. Zuek, irakurleok, ez duzue oraindik lurrikara igarri gure elkarte profesionalen barruko kontua izaten ari delako; halere etorriko zaizue txanda. Baina lasai egon: zuen osasunaren mesederako izango da eta.

***********
Gaur8rako, 2021eko garagarrillan 10a

1 Trackbacks & Pingbacks

  1. GIFFORD (ed). 1998. Topical issues in pain 1. | Fisteus

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*