Makuluen erabilpena

Argazkia by Documerica on Unsplash

Makuluak baino gauza arruntagorik? Hanketako edozein minatan, larri zein arinetan, ohikoa da gure txanka minduarentzat laguntza mota hau erabiltzea. Hain da ohikoa, ezen etxe askotako ganbaretan aleren bat aurkituko dugun, inoiz haren beharra izandakoaren herentzian eta beharra izango duenari lagatzeko moduan. Gauza arrunt bezala, ez diogu kasu handirik egiten, baina bada bada elementu hau hobeto erabiltzeko modua egin ohi dena baino. Eta gaurko aholkuek zuri edo zure ingurukoren bati sendatze prozesuan laguntzeko balioko dizuelakoan nago.

Kasu gehienetan, makulua kirurgia edo immobilizazio interbentzio baten ostean pazienteari ematen zaion tresna da. Askotan, ez zaio azalpen handirik ematen: erabilpena oso intuitiboa denez, agian beharrezkoa ez dela iritzita. Baina guk, fisioterapia zentroan, askotan frogatua dugu sendatze prozesua bizkorrago eta hobeto egin daitekeela pazienteak lau gauza ulertzen baditu. Lehenik eta behin, esan behar da kasu guztiak ez direla berdinak: aldea dago tibia erditik haustearen eta zaintiratu larri baten artean. Artatu zaituzten osagileek dakizkite lesioaren ezaugarri zehatzak eta horiek eskatzen duten karga-berreskuratze prozesua (noiz kargatu oina, eta zein gradutan); horregatik, immobilizazioaren lehen faseak oso ezberdinak izan daitezke pertsona batetik bestera. Hala ere, une jakin batetik aurrera, prozesu guztiak berdintzen dira, azken helburua ere berdintsua den neurrian: oinez ibiltzea, alegia. Horixe azaldu nahi dugu gaur.

Bi makulu darabiltzagunean eman beharreko lehen aholkua logiko samarra da, eta gehienek beren kasa ikusten dute: makuluak min hartu duen hankari laguntzeko direnez, harekin batera ezarri behar dira lurrean, min hartu duen hankari karga kentzeko. Ondo dagoen hankak, lurrean ezartzean, ez baitu laguntza beharrik. Makulu bakarra darabilgunerako ere balio du aholku honek: min hartutako hanka eta makulua batera mugitzen dira, airean zein lurrean ezartzerakoan.

Bistan denez, ez da gauza bera paziente traumatologiko gazte bat (hobetzen joatea espero dena) edo ataxia neurologikoa duena, edo paziente geriatrikoa. Azken kasu horietan, helburua autonomiari ahalik eta gehien eustea izango da. Lehen kasuan, ostera (paziente traumatologiko gaztea), une batetik aurrera beste galdera bat agertuko da: noiz arte mantendu makulua? Kentzekotan, pixkanaka edo bat-batean? Epe jakin bat eman ordez, onena pazienteak bere erritmoa ezartzea da: hasieran, noski, ez du jakingo norainoko autonomia duen makulu barik ibiltzeko. Horregatik, entseguak egingo ditu: lehenik etxean; ondo badabil, kalean aldaparik gabeko guneren batean; arazorik ez badago, aldapetan eta eskaileretan… Horrela, pixkanaka, bere mugak ezagutzen joango da eta egin beharrekoa aurreikusi ahal izango du. Eta, esate baterako, uneren batean, makulu barik ibiltzeko gai izango ote den argi ez badu (adibidez, norabait egunpasa joango delako eta asko ibili beharko duelako), makulua aldean eraman dezake, behar izan ezkero hartzeko.

Azkenik, kontuan hartu behar da makuluak, ibilkerari segurtasuna emateko, heldulekua mokorraren trokanterraren altueran lerratua izan behar duela; hau da, aldakaren koskorrean. Hori askotan txarto egiten da, batez ere paziente nagusi konkortuen artean, gorago ezarrita “zuzenago joango dela» pentsatuta. Ez da horrela: hori eginez gero, amona lehen bezain konkortuta joango zaizu, baina estropezu egiten badu, lurrera errazago eroriko da.

***********

Gaur8rako, 2023ko epaillan 11a

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*