Musikarien lesioak

GureGipuzkoa.net | Musika-banda © Sin Restricciones…: Desconocido

Herri guztietan dago musika instrumentuak jotzen ordu asko pasatzen duen jendea. Izan bandako kide, musika talderen batekoa, edo, besterik gabe, etxean bere buruarendako jotzen aritzen den pertsona, musikaria instrumentu bakoitzak eskatzen dion posturara egokitu behar izaten da. Artistek ordu asko pasa ditzakete postura berean, edo mugimendu errepikatuak egiten. Ohikoak izaten dira horrekin lotutako lesio edo minak.
Musika tresnak ahal bezain erosoak izateko diseinatuta daude, noski, baina lehentasuna soinuaren edertasunari ematen zaio. Horregatik, normaltzat hartu behar dugu postura bera denbora askoan mantenduz gero mina agertzea. Beste aktibitate askotan ere horrela gertatzen da: tornuan, idazmakinan edo josten aritzen den jendea, esate baterako, musikarien kasu berean egongo litzateke.
Arazoari aurre egiterako orduan, bistan da, instrumentuaren ezaugarriei erreparatu beharko diegu. Ez da berdina perkusioan aritzea, edo sokazko instrumentuekin, edo haizezkoekin. Instrumentu mota bakoitzaren barruan, gainera, postura zeharo desberdinak eskatzen duten tresnak aurkituko ditugu: zeharkako txirula jotzen duenaren postura eta tronboi jotzailearena, esate baterako, guztiz ezberdinak dira, nahiz eta familia bereko instrumentuak izan.
Beste aldagarri bat musikatik aparte egiten dugun bizimodua da. Entseguetan ordu asko pasa ditzakegu, postura berean, baina lan dinamikoa badugu (basoan, harrobian, arrantzontzi batean…) arazoak gutxi izango dira: instrumentua jotzeko posturan pilatzen zaigun nekea egiten dugun aktibitate dinamikoarekin berdinduko dugu. Baina lanbide estatikoa badugu (eta hau da arruntena gure gizartean: bulegoan, dendan, tailerrean…), arazo bakarra barik, bi izango ditugu: instrumentuarekin pilatzen dugun karga, gehi lanpostuan pilatzen duguna. Egoera horretan, berandu baino lehen, mina etorriko zaigu. Ezinbestean.


Musikaria gaztea den artean, ez du minik izaten: gorputz sendo eta malgua du, aktibitate fisikoa egiten du (kirolean zein jolasean), eta ez da profesionala izaten. Eskuarki, arazoa nagusitzearekin batera etortzen da: entseguekin berdin jarraitzen duen arren, musikatik aparteko bizitza asko aldatzen da gaztarokoaren aldean. Desberdintasun nagusiena estresa, kirol falta eta lana izaten dira (are gehiago ogibidea musika bera denean). Azken esaldi hori azpimarratu nahiko nuke: urteak, adina, gorputzaren higadura alegia, ez dira jendeak uste bezain garrantzitsuak. Bizimodu dinamikoa daramaten lagunak (kirola, luzaketak…) oso ongi manten daitezke bizitza osoan, baita biolina jotzeko postura okerrena hartzen badute ere.
Jakina: ez gara hemen hasiko instrumentuak banan-banan aipatzen; gehiegi dira eta segur aski nik neuk ez ditut denak ezagutzen. Bakoitzaren ezaugarriak aztertzeko, musikaria bera da aditurik onena, norbere buruari galdera bi eginda. Batetik: gorputzeko zein atalekin eusten diot instrumentuari? Biolin jotzaileak sorbalda eta kokotsarekin; akordeoilariak sorbaldekin eta bizkarrarekin; txapa jotzaileak esku eta besaurreekin… Bigarren galdera: jotzen nagoela, nola mantentzen dut bizkarra? Gehienak postura bakarrean, eta geldirik… Hein handi batean, bi galdera horiei emandako erantzunek erakutsiko digute arazoaren konponbidea. Instrumentuari eusteko erabiltzen ditugun gorputz ataletan eta bizkarrean pilatutako tentsioa askatzeko, praktikoena kirolaren bitartez mugitzea izango da; gehienetan, hori nahikoa izango da arazoarekin amaitzeko. Horrela ez denean, berriz, fisioterapeutak zure ezaugarriak aztertu beharko ditu, egokitutako soluzio bat bilatzeko.

Gaur8rako, 2015ko jorraillan 11a.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*