Mutil(atu)en umoria

Irudixa: Madariaga artxibua.

Krisis egoeretan ezagutzen da pertsonak benetan zelakuak dirazen. Gauzak ondo doiazenian, irribarria eta adiskidetasuna izaten da nagusi, baiña gauzak okertzia baiño ez dago, zeiñekin benetan kontau zeinkian argitzeko. Bardin da hau noiz irakortzen dozun, eta bizitzako ze esparrutan.

1936ko estatu kolpiak purrut egin ostian, gerra zibilla ixotu zan, 3 urtez luzatu zana harik eta matxinatuak Espainia osuaz jabetzia lortu zeben arte. Euskal Herriko hegoaldian ondorixo larrixak izan zittuan honek, bestiak beste 1936tik 1937ra EAEn izandako burruka latzak. Munduko leku askotan ointxe momentuan gertatzen diharduan moduan, hamengo 16 urtetik gorako gazte askori be fusil bana emon jaken, eta mendira jo zeben alkar hiltzeko.

Asko bertan geldittu ziran, zulo baten modu txarrian sartuta, ondiokan plazan pipak jaten egoteko edadia zekela. Beste batzuk, ostera, bizirik gelditzeko suertia izan zeben; hónetatik asko, baiña, bizitza osorako mankauta. Gaur egunian, barriro esango dot, herrialde askotan gertatzen diharduan modura, gerriak atzetik beti elbarri saldo haundixa lagatzen dau; horren paradigmia izan leike Solferinoko burrukian ostekua, euskal kantugintzan be aztarnia lagatakua.

Halako egoerei aurre egin bihar izaten danian, bistan da, gehixenetan ez da ezertarako umorerik gelditzen. Batzuetan, ostera, egoerarik baltzenian be animua galtzen ez daben elementuak agertzen dira. Bestiendako argixa eta adoria izaten dakixelako, osasunari buruzko blog honetara ekartzeko morokua, erregular!

Esan biharra dago, hasteko, 1936ko gerra ostian, elbarri klase bi geratu zirala: irabazlien aldekuak dominak eta pentsiñua eskuratzen zittuezen; galtzaillien aldekuak, jakiña, ez zeben kontsideraziño bera izaten. Umore baltz honen erakustaldi garratza egiñez, errepublikako elbarrixen euren arteko broma korrientia zan esatia irabazliak «Caballeros Mutilados» ziran bittartian, eurak «jodidos cojos» baiño ez zirala. Askotan, bizirauteko estuasun larrixak izaten zittuezenak.

Markina-Xemeingo «Ahaztuen Oroimena 1936» taldekuak bihar haundixa egitten dihardue gerra zibillan memoria historikua berreskuratzen. Oin dala gitxi jakin dot gure eskualdeko mutilauen barri be jasotzen hasitta dagozela; euren estigmatizaziñua eta prekariedadia ezagutzeko, aitortzeko eta ahal dan neurrixan erreparatzeko. Bihar horretan jakin zeben, Lekeittion bazeguala eskua galdutako gizon bat, «Frantziako ospittale baten» egon zana. Pistia ospittale honetan egondako beste gudari baten senidiak emon zeben: euren aitta, Txomin Miner izenekua, Astigarragakua, Lekeittiora etortzen zala laguna bisittatzera; eta zine baten akomodadore biharra egitten ei zebana. Senidiak, baiña, ez zekixen haren izenik edo beste daturik; eta nere emaztiak Ikusgarri zinian biharra egitten dabenez, laguntzia eskatu zeskuen.

Bati galdetu, bestiari galdetu… zinemazalez betetako herri honetan ez da gatxa izan harixak lotzia. Bost pertsonaren berba-katia nahikua izan da gure gizona topatzeko: Alberto Madariaga Zarandona. Bere seme Iñaki Madariaga Valle-ren bidez jakin dogu Sollubeko burruketan galdu zebala besua, eta «Frantziako ospittale» hori La Roseraie hotela izan zala, Bidarten (Lapurdi) Euzko Jaurlaritzak alokatutakua, Ilbarritzeko gazteluakin batera, Hegoaldeko frentietan zaurittutako gudarixak artatzeko.

Irudixa: Madariaga artxibua.

Horrekin batera bialdu zeskuan argazki zoragarri hau. Zoragarrixa motibo askorengaittik. Argazkixan, mutilauak ikusi geinkez (begiratu ondo: bati besua falta jako, bestiari hankia…) harritzeko moduko pose umoretsua hartuta. Batzuk mozorrotuta dagoz. Gaiñera, bertan zein topatuko eta… Iñaxio Iraolagoitia eibartarra, aurretik iñoiz aittatu dotena: etzinda dagona, ebagittako hankiakin eta sierriakin txantxetan. Ondo gogoratzen dot muñoi hori, hondarrian ikusten netsan bera da eta…. Goixan markatutakua da Madariaga, eta haren onduan zerria dakana, Miner.

Argazkikuen umore baltza ikusitta «Gerrako gure ibillerak», Pepe Bolunburu eibartarran bertsuekin gogoratu naiz. Kantu oso berezixa hau be: protagonistiak gauza oso gogorrak kontatu arren, bertsuak barre eragitten dabelako. Letria hobeto ulertzeko oharra 1: gosian eragiñez, pertsoniari gorputza asko argaltzen jako, baiña burua ez; horregaittik emoten dau burua («kalabazia») haunditzen jakola. Oharra 2: Kiputxaneko Periko kojua zan, poliki-poliki ibiltzen zana.

Umoria, batzuetan, bizirauteko geratzen jakun flotagaillu bakarra izan leike eta.

1 Trackbacks & Pingbacks

  1. «Iñaxio kojua» | Aixebe & Abante

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*