Odolaren tentsioa eta terapia fisikoa

https://abante.eus/wp-content/uploads/2012/07/arbol-mujer-1-300x298.jpg
Irudixa: Huertos Urbanos Bahía de Cádiz

 
Gorputz harrigarria dugu benetan: hortaz jabetzeko, odolak nola elikatzen gaituen ikusi baino ez dugu. Arterien eta zainen irudi anatomikoak zuhaitz bat ekartzen du gogora: bihotzetik irten besain laster, odol hodi handiak -arbolaren sustraiak- adarkatzen hasten dira, eta tutu meheagoetan gorputz atal guzti-guztietara ailegatzen dira. Zuhaitzaren adarrik txikienak ileak besain meheak dira -kapilarrak- eta elikagaiak azken zelularaino eramaten dituzte. Zirkulazioaren egoerak markatzen du pertsona baten benetako adina (nortasun agiriak baino gehiago), eta gaurkoan, fisioterapiaren bitartez nola hobetu dezakegun azalduko dizuet. Horretarako, fenomeno ezagun bat hobeto ulertu beharko dugu: presio arteriala.

Bihotzak punpatutako elikagaiak etengabeko fluxuan ailegatu behar dira gorputzeko azken zokora. Horretarako, odol hodien barruan presio arterial egokia mantendu behar da («tentsio» famatua), baina hau ez da erreza: punpa baten mekanismoa ezagutzen badugu, konturatuko gara kizkurtzean odola bidaltzen duela, baina lasaitzean ez. Nola ekidin presio jaitsiera? Batetik, balbula sistema apropos batek odolak atzeraka egitea galerazten du; bestetik, bihotzean bertan taupaden maiztasun eta indarra kontrolatzen duten egitura nerbioso bereziak daude. Honi esker, sorreran punpaketa intermitentea dena etengabeko fluxu bihurtzen da, presio gorabehera handirik gabekoa.

Baina odol hodien kalibrea ez da beti berdina izaten: bero dagoenean, esate baterako, zain eta arteriak lasaitu egiten dira eta kolore gorria etortzen zaigu azalera. Hotz dagoenean berriz, odol hodiak estutu egiten dira -azala zurituz- beroa gorputz barruan gordetzeko. Berez, honek presio arterialean gorabeherak eragin beharko lituzke, kotxea mangeraz garbitzen ari garenean bezela: iturritik beti ur kopuru berdina ba dator; zenbat eta mangera zabalago, orduan eta presio gutxiagokin irtengo du urak; zenbat eta estuago, alderantziz. Hau korputzean aplikatzen badugu, beroarekin tentsioa jaitsi beharko litzaiguke, eta hotzarekin igo. Baina osasunez ondo bagaude ez da halakorik gertatzen. Zergatik?

Zirkulazio sisteman, estrategikoki kokatuta, presioaren gorabeherak errejistratzen dituzten rezeptoreak daude. Eguraldi beroarengaitik azaleko odol hodiak lasaitu egiten direnean, rezeptore hauek tentsioa jaisten hasi dela detektatzen dute eta alarma bidaltzen diote nerbio sistema zentralari. Honek, jaitsiera hau konpentsatzeko aginduak bidaltzen ditu gorputz osora: odol hodi sakonak estutzen dira, bihotzaren taupadak bizkortzen dira, giltzurrunak txiza gutxiago sortzen dute… honekin presio arteriala igoz. Hotzarekin berriz, alderantzizko prozesua gertatuko da tentsioaren igoera arriskutsuak ekiditeko. Presio arterialaren erregulazioa ahalbidetzen duten barorezeptore hauek estrategikoki kokatuak daude, bihotzera eta garunera doazen arterien paretetan, hain zuzen ere.

Tentsio arazoak dituzten paziente gehienak gune hauetako arazo fisikoak izaten dituzte: bizkar hezurra, esternoia, mediastinoa, bular eta eztarriko estalki fibrosoak… hauen guztien desorekak aorta eta karotida arterietako sinuetan eragin dezakete; modu honetan, barorezeptoreak ez dute presio erreala errejistratzen eta nerbio sistemaren erantzunak okerrak izaten dira (hipo edo hipertentsioa).

Halako pazienteak tratamendu medikoan egoten dira, eta fisioterapiaren funtzioa honi laguntzea izaten da: egitura hauek orekatzea, barorezeptoreen funtzioa egokiro burutu dadin eta, ondorioz, nerbio sistema zentralak agindu egokiak zabaldu ditzan zirkulazio arbol osoan zehar.

Gaur8-rako, 2009ko Abenduaren 18xan.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*