Orpo azpiko mina

http://www.vivirmejor.com

Oinaren sostengua hiru puntu nagusik osatzen dute: behatz lodiaren basea (metatarso-falange artikulazioa, zehatzago esanda), behatz txikiaren basea eta orpoa. Hiru puntu hoiek eraikin sendo baten habeak bezalakoak dira, eta oinaren egitura guztiak haien artean zabaltzen diren gangen gainean daude. Baina eliza gotikoen arkuak harri sendoen gainean bermatuta badaude ere, hezurrak ez dira nahikoa giza oinaren gangak eusteko. Logikoa da: eraikinak geldirik egoteko eginak dira eta oinak etengabe mugitzen ari dira, hezurren arteko posizioa etengabe egokituz.

Hezurrek, beraz, lagungarri batzu dituzte oinaren arkuak mantentzeko: oro har, lotailuak eta muskuluak dira honen arduradun. Lotailuek tarsoko, metatarsoko eta falangeetako hezur txikien arteko artikulazioak bermatzen dituzte estatikoki, hau da, haien luzera beti berdina da. Muskuluek, ostera, kizkurtzeko ahalmena dute eta gangaren ahurtasuna eralda dezakete. Gainera lotailu eta muskuluen arteko ezaugarriak dituzten fascia edo aponeurosiak ere kontuan hartu behar ditugu, orain arte gutxi ikertu direnak. Azkenik, egitura hauek gorputzaren posturarekin harreman estua dute. Oinaren forma faktore guzti hauen ondorioa da, eta bizitza guztian zehar mantentzen diren posturak, kirolak, lanpostuak eta bestelako aldaerak dira gaur egun ditugun oinen forma markatzen dutenak. Adibidez, ahurreko egituren kizkurtzeko joerak oin kurbatua ekarriko liguke; egitura berdinen ahuleziak, berriz, oin laua.

Gorabehera guzti hauen artean, errepara diezaiogun gehiago orpoari. Oinaren hiru sostenguetatik sendoena dugu, kalkaneo izeneko hezur handi bakarrak osatuta. Kalkaneoaren ahurrari muskulu eta faszia indartsuak lotzen zaizkio (oinaren ganga mantentzeko lanean karga gehien jasaten dutenak), eta hezurra eta ehun elastikoa lotzen diren puntu kritiko hau izaten da orpo azpiko minaren arduradun nagusia.

Funtsean, orpo azpiko mina tendinopatia berezi bat kontsidera dezakegu: edozein tendinopatiatan legez, larregizko esfortzuak kalte mikroskopikoak eragiten ditu, eta honek hezurraren azaleko geruzaren eta zuntz elastikoen hantura ekartzen du. Printzipioz ez da larria izaten, eta atsedenarekin pasatzekoa izango litzateke; baina lesioaren kokapenarengatik hau gaitza bihurtzen da. Hau tratamendurako oztopo handia izaten denez paziente hauek poliki-poliki txartotu egin daitezke, eta hileak joan hileak etorri sintoma larriekin hasten dira, eguneroko bizimodurako arazoekin-eta. Batzutan hondatutako gunean kaltzioa meta daiteke; halakoetan radiografian ezproi bat agertuko da orpo azpian, oilarrarena bezela.

Lehenengo fasean, fisioterapia tratamendua sintomak arintzera bideratuta dago: handitutako zuntzak bere onera ekartzen saiatuko gara, hotza, ultrasoinu edo hesgailu elastikoen bitartez, adibidez. Atsedena ere garrantzitsua izango da: gogoratu esfortzuak ekarri duela lesioa. Hala ere, ezinbestean oinez ibili behar denerako babes ortopedikoak ere erabili ahal izango ditugu. Jakina, medikoek eman dezaketen botikek ere mina baretzen lagunduko dute

Behin sintomak desagertutakoan, mina ekarri duen arazoa aurkitzea tokatzen da. Zergatik jasaten ari dira hainbesteko tentsioa oin-ahurreko ehunak? Zein relazio du orkatila, belaun, mokor, bizkar eta bestelakoen posturak lesionatutako gunearekin? Hoiek guztiak hartu beharko ditugu kontuan arazoa kroniko bihur ez dadin.

Gaur8rako, 2012ko Garagarrillan 20xa

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*