Osasun pribatuaren prekaritatea

Jende askok uste du osasun asistentzia publikoa ez dela nahikoa, eta aseguru mediku pribatua beharrezkoa dela arreta ona eskuratzeko. Ikuspegi oker hori –neoliberalen ametsa– oso zabalduta dago, eta askotan azaldu behar izan dut osasun publikoaren arreta, oro har, oso ona dela. Arazoak daudela? Baina… non ez? Hain zuzen ere, gaur, ustez hain ona den osasun pribatu horren «B aldea» erakutsi nahi nizueke. Dena den, artikulu osoa esaldi bakarrean laburbil daiteke: publikoan arazoak badaude, soluzioa ez da pribatura ihes egitea, baizik eta osasun publikoa hobetzeko indarra egitea. Arazoaren muina osasun pribatuaren negozio izaera da (ondo ezagutzen dudana, arlo horretan lan egiten baitut). Funtsean, arau sinple baten gainean eraikitzen da: ahalik eta poliza gehien kobratzea, eta zerbitzuetan ahalik eta gutxien gastatzea. Osasungintza publikoan, berriz, negozio ikuspegia bigarren mailakoa da: lehentasuna pazientearen osasuna da, ez dirua irabaztea. Horixe da sistema publikoaren baliorik handiena.

Lanbide honetan daramatzadan 31 urteetan beti ezagutu dut aseguruen arteko lehia bizia: konpainiak bata bestea irensten, etengabe. Baina azken urteetan lehia hori areagotu egin da: gero eta konpainia gutxiago ditugu, tamaina handiagokoak, eta osagileoi gero eta gutxiago ordaintzen digutenak. Hori pazienteak ez du igartzen, noski: konpainia horiek gero eta webgune korporatibo landuagoak baitituzte, interfaze eta aplikazio moderno eta user friendlyekin –osasun publikokoak baino erakargarriagoak–. Komertzialek, gainera, koadro mediko zabala eskaintzen dizute, telefono dei huts batekin zuri txanda emateko prest, poliza txiki baten truke. Ez dizute esaten, ordea, haiendako «B mailako» pazientea izango zarela, edo agian ezingo duzula zure herrian tratamendurik egin, ez dagoelako tarifa horiek onartu nahi dituen osagilerik.

Ez da gauza berria. Gaztetxoa nintzela, Bilbo erdiko traumatologo ospetsu batendako lan egin nuen. Igualatorio Médico Quirúrgico-ko paziente asko genituen, besteek baino arreta hobea jasotzen zutela uste zutenak, baina haiekin kontsigna hauxe zen: “Ahalik eta paziente gehien, ahalik eta denbora laburrenean». Normala, konpainia guztien artean gutxien ordaintzen baitziguten. Urte luzez mantendu du IMQk errekor hori, baina berriki lehiakide gogorra agertu zaio: Sanitas. Atera kontuak: 2005ean 13,50 € ordaintzen zuten; 2012an 10,50era jaitsi zuten, eta orain fisioterapia saioko ordainsaria 9,50 €koa da. Tarifa horiek beste osagileei estrapolatu, eta ulertuko duzue osasun pribatuan itxaron zerrendak laburragoak izatea (hamar paziente orduko) edo gainpreskripzioa egotea (beharrezkoak ez diren tratamendu, proba diagnostiko eta kontsultak agintzea). Dena den, horiek baino larriagoa da koordinazio gabezia: pazienteak nahi duenarekin txanda har dezake, baina askotan kontsultaz kontsulta ibiltzen da norabidea galduta. Lehen mailako arreta zerbitzuen koordinazio papera falta da, osasun publikoak eskaintzen duen baliabide garrantzitsuenetakoa. Horregatik borrokatu behar dugu osasungintza publikoa mantentzeko, eta hobetzeko.


Gaur8rako, 2024ko bagillan 22xa.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*