“Osasun publikoak eskeintzen ez dituen zerbitzu hoiek betetzeko ahalmena dugu”

Argazkiak.org | Haurdunen fisioterapia IV © cc-by-sa: txikillana

  Gure aiton-amonen gazte denborak eta gaurkoak zerikusi handirik ez badute ere, ba da aldatu ez den gauza bat: andrazkoak haurrak izaten dituzte. Honen ondorioz egoten diren osasun arazoak normalak dira askorendako (pixa galerak, zaurien orbanak…). Gutxik dakite tratamendua dutenik, eta askotan osatu egin daitezkeela. Ginekologia gaietan aditua den Oier Gorosabelengana jo dugu argibide eske.
G. Lehen emakume haurdunak ez al zuten tratamendurik jasotzen?
E. Kontuan hartu lehen ez zeudela gaurkolako baliabiderik, eta emakume batek hamar-hamabi ume izan zitzakeela. Bati titia kendu orduko hurrengoa jaiotzen zen, eta ez zuten bere burua zaintzeko aukerarik. Horretara, erditu osteko arazo guztiak isilpean gordetzen ziren: doministikua egitean pixak ihes egiten bazion, trapu bat sartuko zuen eta aurrera… ez zegoen besterik, andre nagusiek ondo dakite. Orain ostera, osasun zerbitzuak asko hobetu dira eta haur gutxiago izaten ditugu; beraz gauza guzti hauek tratatzeko aukera gehiago dago.

G. Zeintzuk izaten dira erditze ostean izaten diren arazo nagusiak?
E. Erditzeak berak esfortzu ikaragarria suposatzen du emakumearendako. Ia kasu guztietan giharren etenak egoten dira (“punto” famatuak). Hortaz gain, konplikazioak egon daitezke (oso erditze luzeak, haurrak pasatzeko lekurik ez, kirurgia edo instrumentala erabili beharra… ) eta halakoetan azaleko giharretaz aparte zauri sakonak egoten dira, zesareak, uteroa posizio txarrean geratzea, erraiak elkarri pegatu, pelbis eta sakro hezurren desorekak… halakoetan errekuperazioa gaitzagoa izaten da. Zauriak tira egiten dute, pelbis eta sabeleko muskuloak ahulak daude, pixa edo kakari eusteko arazoak egoten dira… Hori gutxi balitz, titia ematen hastean mastitis, arrakalak, onddoak etabar ager daitezke. Arazo guztiak batera pilatzen badira emakumeak estu eta larri ibiltzen dira; osasun profesionalongana etortzeko momentua izaten da.
G. Nolako hartapena du emakume haurdunak gure eskualdean?
E. Lehen ez bezela, Lea-Artibai eta Mutrikun ginekologoak eta emaginak emakume guztien eskura daude; egia da lanez gainezka daudela, baina haurdunaldiaren kontrola behintzat ondo eramaten da, eta arazoak daudenean beti duzu haiengana joateko aukera. Lekeitioko Anbulategiko kasuan gainera, emaginak erditze aurreko prestakuntza ematen du, eta gero ere, ama berriei errekuperazio klaseak ematen dizkie. Salbuespena da baina, beste herrietan ez baitago halako zerbitzurik.


Argazkiak.org | Haurdunen fisioterapia © cc-by-sa: txikillana

G. Zein da fisioterapeutaren papera ginekologia arazoetan?
E. Unibertsitatean haurdunaldiaren inguruko arazoak tratatzen erakusten digute. Hortaz gain, gutako batzu ginekologia arloan espezializatu egiten gara. Ginekologo eta emaginen lanaren osagarria da gurea, eta beraz osasun publikoak eskeintzen ez dituen zerbitzu hoiek betetzeko ahalmena dugu: prebentzioa, erditze osteko errekuperazioa…
 
G. Zein tratamendu mota erabiltzen duzue?
E. Ariketak, arnasa, esku terapia eta bestelako tratamendu fisiko leunak. Garrantzitsuena pelbiseko gihar eta erraien oreka berreskuratzea izaten da, baina hala ere errekuperazioaren beste alderdiak ere lantzen ditugu: mastitis (esne hodiak libratzea), hormona desorekak (erditze osteko depresioa)…
G. Zein aholku emango zenieke haurra izan berri duten emakumeei?
E. Ez lotsatzeko; lehen aipatutako arazoetako bateren bat izan ezkero galdetzeko lasai ginekologo, emagin edo fisioterapeutari. Askotan, uste baino errazago konpontzen dira; eta amak osasuna berreskuratuta, ume txikia hobeto egongo da.
Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, 2008ko Abendua

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*