Osatu nahi ez duten pazienteak

Irudixa: Ecuador Indymedia
 
 Normalean, pazienteak gorputzeko minen batez kexaka etortzen zaizkigu. Gure eguneroko lana horien jatorria aurkitzea izaten da, eta terapia egoki bat ezartzea. Kasurik gehienetan arazoa konpondu edo baretzen bada ere, beti dago hobera egiten ez duen paziente kopuru bat. Osagile batendako hau baino gauza frustragarriagorik ez dagoenez, nire bizitza profesionalean zehar beti izan dut gero eta gehiago ikasteko grina, paziente guzti-guztien minak kendu ahal izateko. Egia da lehen baino paziente gehiago sendatzen ditudala orain; baina, hala ere, ezin izan dut guztiz ezabatu hobetzen ez diren kasuen kopuru txiki hori.
Zergatik izan daiteke hau? Perfektua inor ez denez, nire jakineza izan daiteke noski: minaren jatorria asmatu ez, eta ezin izan dudala konpondu. Baina hau hala izan daitekeen arren, bada beste faktore garrantzitsu bat: hori azaltzeko, orain dela urte batzu nire paziente talde batekin egindako esperimentu bat kontatuko dizuet.
Lantokian, aspaldi konturatua nintzen paziente batzuek «zerbait» zutela gorputzeko minen azpian. Ustez sinpleak ziren lesioek (sorbaldako tendinitisa, trapezio giharren kizkurdura…) denbora gehiegi behar izaten zuten hobetzeko, eta tratamendua amaitutakoan errazegi agertzen ziren berriro ere. Paziente hauek beti kontsultan sartuta izaten genituen, hilabeteak joan hilabeteak etorri eguneroko tratamendura etorri beharra zuten. Azkarren batek pentsa dezake: «Bai ondo zuretako, horrela gehiago fakturatuko baitzenuen!»; baina hala uste duenak ikuspegi komertzial txarra du. Gorago esandako legez, guretako ez da atsegina paziente bat ezin osatzea; baina horretaz gain… nork nahiko du sendatzen ez duen fisioterapeuta batengana  joan?
Paziente hauekin kezkatuta geunden beraz eta, zerbait egin nahian, beraien kasuak sakonago ikertzen hasi nintzen. Aurretik zerbait susmatzen banuen ere, paziente gehienak ezaugarri komunak zituztela egiaztatu nuen: izaera urduria zuten; lan errepikakorrak izaten zituzten, familia eta/edo lagunekin zuten erlazioa ez zen ona; ez zuten beren burua zaintzeko denborarik  hartzen… orokorrean, beraien bizimoduarekin pozik ez zegoen jendea zen. Hau ikusita, lan hipotesi hau hartu nuen: guregana gorputzeko minez etortzen baziren ere, min hori gatazka emozional baten somatizazioa zela. Hau horrela izanez gero, terapia fisikoarekin gorputzeko mina gozatu arren, jatorri psikikoan sartu ezean mina beti bueltan etorriko zen. Faktore ezkutu hauetan eskua sartzeko asmoa hartu nuen, honek beraien egoera fisikoan nola eragingo zuen ikusteko. 
Chi-kung izeneko terapia aukeratu nuen, ikuspegi holistiko baten barruan arlo emozionalean duen eragin handiagatik. Lehen aipatutako ezaugarriak biltzen zituzten paziente guztiei gutunak bidali eta 60 bat lagunek erantzun zuten. Hauendako chi-kung ikastaroak antolatu nituen urtebetean zehar, Jose Manuel Embid irakaslea ekarrita. Azalpen luzeetan sartu barik, esan dezagun chi-kung saio batean pazienteak «bere baitan pizten diren bazter miresgarriak» ikusten dituela, eta batzuetan ikuspegiok ez direla gozoak izaten. Izan ere, terapia holistikoetan barru-barruan ditugun arazoak azaldu ohi dira; haiek ezagutzea izaten baita osatzeko bidearen lehenengo pausoa. Batzuetan erraz konpontzeko modukoak izango dira, beste batzuetan ez hainbeste; baina herensugeari begietara begiratze hutsa arazoa gainditzeko aurrerapauso handia izaten da. Gure kontsultako lan-eremura itzulita, chi-kung egiten ziharduten paziente gehienak bere gorputzeko minetatik nabarmen hobetzen hasi ziren.
Oso pozik geratu nintzen nire hipotesia berretsita ikusirik. Hala ere, denbora pasatu ahala gure pazienteak chi-kung terapia uzten hasi zirela ikusi nuen harriduraz. Zer arraio gertatzen zen? Ez al ziren ba beren gorputzeko minez hobetzen ari? Urte baten buruan, hasierako hirurogei pertsonetatik bostek baino ez zuten ariketekin jarraitzen. Arazoa ezin zen terapia izan: chi-kung egiteko egunero 15 minutu baino ez dira behar izaten, norbere etxean eta dohainik. Etsipenez, benetako arrazoiaz jabetzen hasi nintzen: honek senarra ez duela maite deskubritu zuen; horrek lana gorrotatzen duela; hark koadrilako lagunak ez dituela jasaten… «benetako» arazoei aurre egitea gogorregia zitzaien nonbait, eta aukeran nahiago zuten sorbaldako edo lepoko minez kexatzen jarraitzea. Terapeutaz terapeuta erromes ibiltzera kondenatuak, erradiografiak, erresonantziak, operazioak behin eta berriro eginez… Eta noski, ez osatzearen errua beti guri botaz.
Esperimentu hau guztiz etsigarria izan bazen ere, ez zen antzua izan: pazienteen barrunbeak hobeto ezagutzeak lehentasunak jartzen lagundu zigun. Pertsona batzuen kasuak dramatikoak dira: nahiz eta kontrakoa esaten ari, begietan «ez dut sendatu nahi» idatzita izaten dute. Gogorra da, baina pertsona hauei ezin izaten zaie denbora gehiegi eskaini; minak apur bat baretu baino ezin izaten da egin, sendatzea baztertuta. Gainontzeko denbora eta indarrak benetan osatu nahi duten pazienteekin eman behar ditugu. Eta hau jarrera kontu bat  da: minbizidun gaixo terminalak ere bizipozez beteta ikusi izan baititut nik.
Gaur8rako, 2008ko Irailla.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*