Osteopatiaren desegintza

Irudixa: Gaur8

Duela 10 urte hementxe “Osteopatia, modetatik harantzago” artikulua idatzi nuenetik  gauzak nahikotxo aldatu dira. Nire belaunaldiko fisioterapeutendako (karrera 1993an amaitu nuen) osteopatia errebultsibo handia izan zen: artean fisioterapian nagusi ziren eskema zaharkituak gainditzeko giltza eman zigun, lanari ekiteko ilusio berria lortuz.

Hutsuneak ere ikusten genizkion osteopatiari, bistan da; batez ere, formakuntzaren negozioa, zenbait teknika sinesgaitz eta oinarri zientifikoen falta. Azken horretaz osteopatiaren teorikoak ere jabetuta zeuden: euren alde, esan beharra dago ikerketa zientifikoaren metodologia bultzatzeko ahalegin handia egin zutela, osteopatia ebidentzian oinarritutako osasungintzaren (EOO) bidetik sarrarazteko. Baina bide estua da hori, eta osteopatiaren korpus osoa ez da bertan kabitzen. Beste modura esanda: idia eta ahuntza nekez lot daitezke uztarri berean.

Urteen poderioz “osteopatia” izen ez oso egokiarekin ezagutu den teoria multzo horren barruan, ebidentziadun teknikak (alegia, EOOren araberako entsegu klinikoetan balekotasuna frogatua dutenak) zein ebidentziarik gabekoak metatu dira. Gainera, ebidentziarik gabeko tekniken barruan nahastean ditugu teknika eraginkorrak (baina entsegu klinikoen arau zorrotzekin frogatu ezin direnak), eta beste batzuk, fisioterapiarekin baino, sorginkeriarekin zerikusi handiagoa dutenak. Azken horiek, argi eta garbi, baztertzeko modukoak dira. Baina eraginkorrak diren ebidentziarik gabeko teknikekin gauza ez da hain erraza: ezin dugu lastoa eta garaua sutan batera erre.

Gaur egun, osteopatia biszeraleko eta kranialeko teknikek eragiten dituzten aldaketa fisiologikoak neurtzeko prozedura fidagarririk ez dago; garatu egin beharko dira. Argi dago jada ezin dela osteopatia korpus monolitiko bezala hartu (“dena ala ezer ez”), eta, nolabait, desegin egin behar dela, itsasontzi zaharrak legez: fisioterapiaren barruan baleko parteak hartuz, eta, besteak, baztertuz.

Prozesu hori luzea izango da (belaunaldietakoa), eta, bitartean, teknika osteopatikoen multzo handi bat linboan geratuko da: baztertu gabe (eraginkorrak direnez) baina EOOren arabera balioztatzeke. Halere, kontuan hartu behar dugu egoera hori ez dela berria, eta ez dela osteopatiara mugatzen: fisioterapia klasikoaren hainbat teknika egoera horretan daude (krioterapia, ultrasoinua eta masajea, esate baterako), baita beste osasun espezialitate askotakoak ere.

EOOren izenean, ebidentzia maila sendoa duten teknikak soilik erabiltzea aldarrikatzen duten osagileak daude; azkenaldian, nire bizitzan estreinakoz, hori eskatzen duten pazienteak ere ezagutu ditut. Hori oso garrantzitsua da, eta zalantza barik datozen urteetako terapeutikaren norabidea markatuko du. Baina, gaur egun, fisioterapian behintzat, aldarri hori ezin da gauzatu: ebidentzia sendodun tekniketara mugatuko bagina, ia tresna barik geratuko baikinateke.

Horren ordez, pragmatikoak izan behar gara: ebidentzia maila altua duten teknikei lehentasuna eman behar diegu, noski, baina horien arteko hutsune ugariak esperientzia klinikoaren bidez balioztatutako teknikekin betetzen jarraitu beharko dugu. Horrekin batera ikerkuntza bultzatu behar da, egunen batean gure jardun osoa EOOn osoki oinarrituta izan dadin.

*******

Gaur8rako, 2018ko zezeillan 3a.

2 Trackbacks & Pingbacks

  1. Osteopatia, modetatik harantzago | Aixebe & Abante Fisioterapia
  2. Lurrikara osteopatikoak | Aixebe & Abante Fisioterapia

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*