Pazientearen espektazioen eragina neurtzen (Bialosky 2008)

Artikulu orijinalaren hasiera

Badirudi egiten hasi naizen iruzkin bildumatxo honek lankideen interesa merezi duela; pozten naiz, eta beraz, hori hala den bitartean nire kontsumo pertsonalerako idatzitako ohar hauek hementxe argitaratzen jarraituko dut. Gogoratu behar dut, halere, nik esandakoek iritzi pertsonalen balio soila dutela, ez direla inondik inora prozedimentu zientifikoan aditu baten kritikak, eta ezeztatzeko eta zuzentzeko gonbitea egiten dizuet, bai artikulu honen erantzunetan, baita lan orijinalaren iruzkin berriak eginaz ere.

Hauxe da gaur komentatuko dudan artikuluaren erreferentzia:

  • BIALOSKY, Joel E. et al. 2008. The influence of expectation on spinal manipulation induced hypoalgesia: An experimental study in normal subjects. BMC Musculoskeletal Disorders 2008, 9:19. Hemen deskarga daiteke.

Oso interesgarria niretako, motibo desberdinengatik. Batetik, artikuluan deskribatzen den ikerketaren helburua pazientearen espektazioek minaren perzepzioan duten eragina neurtzea izan zen; emaitzak oso deigarriak dira, ikusiko duzuenez. Baina bestetik, bigarren mailako ondorioak ere atera ziren, thrust bertebralak sarri erabiltzen ditugunondako jakingarriak: behin eta berriz entzuten ari ginen thrusten eragin inespezifikoari buruzko aipuak (alegia: eginiko maniobratik independientea den eragina); bada, entsegu honetan efektu hori agerian geratzen da –ebidentzia maila ahularekin, hori bai-.

Hauxe izan zen ikerketaren prozedimentua:

  1. Interbentzioen aurretik, pazienteak sentitzen duen mina kuantitatiboki neurtu, estimulagailu termikoa erabiliz, bi lekutan: oin-ahurrean eta gerrian, espina iliakoaren mailan.
  2. Pazienteak 3 taldetan banatu; bakoitzari, manipulazioaren ostean espero daitekeen emaitzari buruzko ahozko azalpen desberdina eman:
    • Azalpen positiboa: “manipulazio hau oso eraginkorra da, eta seguraski gero min termiko gutxiago igarriko duzu”
    • Azalpen negatiboa: “manipulazioa hau ez da eraginkorra, eta seguraski gero min termiko gehiago igarriko duzu”.
    • Azalpen neutroa: “ez dakigu manipulazio honek nolako eragina duen min termikoaren perzepzioan”.
  3. Pazienteei geroko neurketan hartuko duten minaren estimazioa egiteko eskatu.
  4. Manipulazioa burutu.
  5. Hasierako neurketa errepikatu (minaren neurketa kuantitatiboa, estimulagailu termikoarekin).

Pazienteen espektazioari dagokionez, gerrian eta oin-ahurrean emaitza desberdinak jaso ziren. Gerrian perzepzioa nabarmen aldatu zen, espektazioen norabidean: min gehiago izatea espero zutenek min gehiago igarri zuten; min gutxiago espero zutenek, gutxiago; eta azalpen neutroa jaso zutenek, ez zuten alde handirik igarri. Oin-ahurrean, berriz, perzepzioa hiru taldetan modu beretsuan hobetu zen; egileek nolabaiteko erantzun “neuroplastikoari” egozten diote efektu hau (nahiz eta, aitortzen dutenez, hau esatea espekulazio hutsa den); kontuan hartu behar da, baita ere, tratamendurik gabeko kontrol talderik ez erabiltzeak manipulazioaren eragin inespezifiko hau baloratzea gaitzagoa bihurtu zuela.

Emaitza nagusi honen ondoan, estudioan zehar interesatu zaizkidan beste gauza batzu ere ikusi zituzten:

  • Indukzioa oso fokala dela: minaren perzepzio aldaketa helburu duen gorputz atalean gertatzen da, ez besteetan (menbru kontralaterala, esate baterako).
  • Entseguan nozizeptore mota desberdinak estimulatu eta neurtu zirela; halere, bertan emandako azalpenekin ez dut ondo ulertzen nola, ezta hoien emaitzen esangura klinikoa ere; beraz, ezin dut honi buruzko iritzirik eman.
  • Mota honetako ikerketen faltarengatik, ezin dituztela emaitzak beste estudioekin konparatu; halere, akupunturarekin eginiko paralelismoaz hitzegiten digute, pazienteen espektatibekin jokatuz eginiko entseguetan antzeko emaitzak lortu baitira.
  • Gainera, beste espekulazio bat eginez, autoreek uste dute espektazioaren eragina handiagoa izan daitekeela mina duten pazienteetan (ikerketa hau minik gabeko pazienteen gainean egin baitzen), baita tratamendu luzeagoetan ere (hemen saio bakarraren eragina estudiatu da).

Fisteus blogerako, 2015ko gabonillan 4a.

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*