Plazebo efektuaren neurofisiologia

https://pixabay.com/es/conexi%C3%B3n-fractal-redes-neurales-647206/

Sare sozialen zorioneko efektu kolateralengatik, Xabat Casado lankide eta kolaboratzaille finak (oraindik pertsonalki ezagutzen ez dudana, horratio!) artikulu hau helarazi zidan udan.

Poliki-poliki liseritu dut; eta hemendik aurrera hartu nahi nukeen ohitura jarraituz, gehien interesatu zaizkidan gauzak apuntatu ditut.

Esan behar dut irakurketarekin egin dudan aprobetxamendua ez dela osoa izan: neurofisiologia zatirik sakonena oso garrantzitsua dirudien arren, nik neuk ez dut ulertzeko ahalmenik –ezta interesik ere-. Halere, artikulu honek plazebo efektuaren azpian dauden mekanismoak ulertarazten digun neurrian, mesede handia ekar diezaguke bai osagileoi baita pazienteei ere. Zentzu horretan, zoriontzekoa da arlo honetan sakontzeko ikerlariek egiten duten ahalegina.

Artikulu honetan, hasteko, argi ikusi dut plazebo efektua ez dela gauza bakarra; ostera, izen horren barruan hainbeste fenomeno psikologiko bil daitezke. Gainera ez dute zertan pilula inerte klasikoekin zerikusirik izan behar: testuinguruak (tratamendu-gelako giroa, adeitasuna…), aurretik izandako esperientziak… horrenbeste eragin edo gehiago izan dezake. Baita alderantziz ere: pazienteak tratamendu batek kalte egingo diola sinistuta badago, osagile zakarra tokatzen bazaio… nozebo efektua gerta daiteke, oinarri neurofisiologiko berberetan oinarrituta.

Azken detaile hau frogatzen duten hainbat esperimentu xelebreren berri ere ematen zaigu artikuluan:

  • Nozebo sujestioak (hitz hutsez emandako azalpenak, pilula faltsurik erabili gabe) pazientearen kortisol hormona mailak jeits ditzake; honen ondorioz, minaren perzepzioa handitzen delarik.
  • Esperimentu batean, nozebo sujestioarekin (presio atmosferikoari buruzko azalpenak) pazienteei buruko mina sortu zieten; gero, buruko min hori plazebo pilulak emanda kendu zitzaien. Gero (betiere engainuaren berri izan barik), pazienteek sare sozialen bitartez lagunei bere esperientziaren berri eman zuten; ikarlariek efektua errepikatzen zela egiaztatu zuten.

Beste detaile deigarri bat: batzutan, tratamendu aktiboari erantzun handiena eman dioten pazienteak plazeboari ondoen erantzuten dioten berberak dira. Ikerlariek honi eman dioten azalpena hauxe da: droga batzuek eta plazeboek neurotransmisio bide berberak erabiltzen dituztela. Ospitaletan ikusitako fenomeno bat ere honekin lotuta dirudi: plazeboak botika aktiboaren eragina biderka dezake, baldin eta gaisoaren begibistan ematen bada. Ezkutuan ematen bada, berriz (goteroan adibidez) biderketa efektu hau ez da gertatzen.

Bestalde, aurretik sumatzen nuena ere konfirmatu dit artikulu honek: plazeboak erantzun neurgarriak eragiten dituela sistema endokrino, nerbioso zein immunitarioan. Eragina zenbakitan objektibatu daitekeela, alegia. Bistan da, beraz, plazebo/nozebo efektua ez dela minaren perzepzioaren eremuan amaitzen. Adibidez:

  • Bihotzeko gaisotasun larrietan, plazebo medikazioari atxekimendua erakusten dioten pazienteek hilkortasun tasa baxuagoa dute.
  • Elikagai asegarri faltsuek gose sentsazioa sortzen duten hormonen maila jeisten dute.

Lehen esandako moduan, artikuluaren zati neurofisiologiko teknikoena ez zait “sartu”. Halere, zati horretako detaile bat deigarria egin zait: paziente batzu plazeboari erantzun ona ematen dioten bezala, badira eraginik erakusten ez duten pertsonak. Ikerketen nondik norakoetarako, asko lagunduko luke paziente mota hauek bereiztu ahal izatea. Eta badirudi gakoetako bat garuneko Nucleus Accumbens eta Ventral Striatum arteko konexioetan dagoela. Ez galdetu niri zertan, noski; baina, ulertu dudanez, egitura hoien esplorazioak nolabait paziente hoien erantzuna aurreikusteko balioko liguke.

Gizakiaren autosendakuntza potentziala handia da, ikerketa mota hauek frogatzen dutenez. Placeboaren neuromekanismoak ulertzeko ahalmena eta gogoa duenak, modu horretan aktiba dezake ahalmen hau. Baina, bistan denez, hau ez da beharrezkoa: gure arbasoek betidanik erabili izan dituzten metodoak erabiltzen jarraitu daiteke. Alegia: sinesmena, desioak norberak ulertzeko moduan formulatuz (jaungoikoak; indar kosmikoak; bisualizazioak; borondate irmoa…). Metodo guztiekin gauza bera lortzen baitugu: gorputz eta gogoaren autosendakuntza mekanismoak aktibatzea.

Fisteus blogerako, 2015ko urrixan 13a

Deja un comentario.

Tu dirección de correo no será publicada.


*