“Praktikoena aseguruko tratamendu sintomatikoak saio globalagoekin txandakatzea izaten da”

1996tik hona, gure eskualdean Oier Gorosabel fisioterapeutaren eskuetatik lagun ugari pasatu dira; asko aseguroetatik bidaliak, beste batzuk bere kontura.
GALDERA: Nondik etortzen zaizkizu pazienteak normalean?
ERANTZUNA: Denetik dago. Duela urte batzuk arte, fisioterapia zentruetara, gehienbat medikoek asegururen batetik bidalitako pazienteak etortzen ziren; azkenaldian berriz, gero eta gehiago, modu partikularrean zuzenean guregana jotzen dute.
G: Lan egiteko moduak desberdinak al dira?
E: Bai, baina jatorriarekin baino, lesio motarekin du zerikusia; arazo akutu baten kasuan, (tendoiena, esate baterako) pertsonak tratamendu sinplea behar izaten du, eta sarri. Baina jende gehienak ezin du hogei fisioterapia saio jarraian bere poltsikotik ordaindu; horrelakoetan aseguru bat izatea abantaila handia da, behar den beste bider etor daitezkeelako lesioa ondo osatzeko.
G: Eta lesio kronikoetan?
E: Horrelako pazienteek tratamendu konplexuagoa behar izaten dute. Bere kontura datozenean ez dago arazorik, behar den guztia tratatu dezakegulako. Saioak ere bakanagoak izaten dira. Baina aseguruak tartean daudenean, arazoak datoz: haiek ez dute ikuspegi global hori, eta medikuen aginduek asko mugatzen dute. Horrelakoetan, praktikoena aseguruko tratamendu sintomatikoak saio globalagoekin txandakatzea izaten da; gehienetan bat edo bi nahikoa izaten dira, arazoaren konponbidean aurrerakada handia igartzeko.
Hitza, 2018ko abenduan 4a.
Deja un comentario.